Eguna: 7-9

  • 2004-7-9. 'Azpeitian zezenak' CDa aurkeztu zuen Azpeitiko Musika Bandak. 22 kantuz osatua zegoen, eta horietako bost Jose Luis Frantzesenak konposatuak ziren.
  • 2004-7-9. Presoen eskubideen aldeko Topagunea aurkeztu zuten.
  • 1991-7-9. Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu izendatu zuten.
  • 1990-7-9. Julian Barrenetxea Abesbatza sortu zuten.
  • 1964-7-9. Aho batez erabaki zuten Anaia Maristentzat ikastetxe berria egitea.
  • 1945-7-9. Lagun Onak Kirol Elkarteak txosten baten berri eman zuen. Futbol zelaia egitea garrantzitsua zela zioen.
  • 1923-7-9. Martzelo Gibert arkitektuak emandako agiriaren berri adierazi zuten. Bertan Gregorio Segurola kontratistak lana amaitu zuenez -Bikuña etxea lurreratuta baitzen-, 25.050 pezeta ordaintzeko eskatzen zen. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1923-7-9. Alkateak Karetxeren alargunarekin egindako gestioaren berri jakinarazi zuen. Lazaretoa egiteko lurraldea erosi nahi zuten eta orube guztia erosteko 30.000 pezeta eskatzen zituen. Gehiegizkoa iruditu eta desjabetza martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1915-7-9. Zirilo Astigarraga Amenabar jaio zen. 'Carnicerito de Azpeitia' deituraz ezagutu zen zezen munduan.
  • 1906-7-9. Udal Musika Bandaren arautegia onartu zen.
  • 1902-7-9. Azoka plaza estaliaren arkitektu zuzendariak adierazi zuen lana amaitu zuela. Udalak igande arratsaldean bedeinkatzea eta ondorengo igandean inauguratzea erabaki zuen.
  • 1820-7-9. Urrestillako alkateak ez zuen nahi izan kobratutako zergarik ordaintzea. Herriak bidalitakoei ordezkariek eurei xentimorik ez emateko agindua zutela jakinarazi zuten, nahiz eta Politiko Nagusiaren aginduaren berri izan. Gertatutakoaren berri emanez Politiko Nagusiari idaztea erabaki zuten.
  • 1813-7-9. Tolosako herriaren gutuna jaso zuten, Diputazioaren beste batekin batera. Gutunean hilaren 7an Tolosan 60 uztarriko brigada osatzea erabaki zutela jakinarazi zuten, brigada horietako hemezortzi herriak jarri behar zituen. Baina inguruetako herrietako bizikaiak jasotzeko herriak uztarriak behar zituen, eta batzordeak emanda zituen egunero langintza hori egiteko, gutxienez 30 uztarri. Bestalde, duela zortzi edo hamar egun Tolosara eta Donostiara irten zuten 24 gurdi ez ziren oraindik itzuli, eta uztarri gutxi ziren herrian beharreko erantzuna emateko; gehienak, gainera, behiekin osatutako uztarriak ziren idiak haragitarako hil baitziren. Horregatik guztiagatik hemezortzi uztarri Tolosara bidaltzea ezinezkoa zela adierazi zen.
  • 1809-7-9. Soreasu errota saltzeko baimena eman zioten Enparani, aurrez egindako hiru erremateetan eroslerik ez baitzen agertu.
  • 1649-7-9. Diputazioak Frantzian eta Baionatik hamar bat lekoa, 14.000 soldadu eta 1.500 zaldidun zirela albistea eman zuen. Eta ezinezkoa bazen ere jakitea zer asmorekin bildu ziren, herritar eta biztanle guztiak armak eta munizioak eskuetan zituztela, behar zen tokira irteteko prest egotea beharrezkoa zela adierazi zuten. Hurrengo igandean, hilak 11, berria parrokien bidez zabaltzea erabaki zen, baita hil honen 18an arma erakusketa egitea ere. 500 maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra ezarri zen agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1610-7-9. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, Iruñeko apezpikuak jaiegun izendatu zuen uztailaren 31.
  • 1557-7-9. Bilbotik herriratu zen eskolako maisua Udalak nahi zuen denboraldirako onartu zuten, eta 60 ikasle izango zituela promes egin zioten. Gutxiago izanez gero, herriak diferentzia ordaintzeko tratua egin zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan