Eguna: 3-8

  • 2011-3-8. Aitor Emazabel apaiza hilik agertu zen San Telmopean, Zumaian. Hondarribiakoa, 36 urte zituen eta 2008tik zegoen Soreasuko Parrokian lanean.
  • 2008-3-8. Uztarria Kultur Koordinakundeak, 1998ko martxotik euskara, kultura eta komunikazio arloetan lanean jardun ondoren, bukaera eman zion ibilbideari, "helburuak beteta". Harrezkero Uztarria Komunikazio Taldea izango zen.
  • 2004-3-8. Iraurgi Ikastetxean haurtzaindegi berria ireki zuten, herriko laugarrena.
  • 1987-3-8. Udal Igerilekuan XXVI. Euskadiko Igeri Txapelketak hasi zituzten.
  • 1959-3-8. Ehun eta berrogeita hamar metroko abantaila zuela neurtu zen Ramon Azpeitia 8.000 metrotan korrika Leon Albenizekin. Albenizek bere lana 27 minutu eta 55 segundoko denboran egin zuen; Azpeitiak, 7.850 metro 28 minutu eta 4 segundoan.
  • 1957-3-8. Herriak Lagun Onak Futbol Taldeari enparantza nagusian lokala eman zion, eta bien artean egindako kontratua jakitera eman zuten. Lokala denboraldi baterako eman zuen Udalak, bertan zabalduko zuten taberna izaera publikokoduna izateko baldintzarekin.
  • 1893-3-8. Errukietxearen ondoan zen pasabidean gurdi edo karroak erabiltzea oztopatu nahian, mugarri handiak jartzea erabaki zuten.
  • 1858-3-8. Auzo batzuetako baserritarrek aurreko urteetan egon zen debeku bat ezerezean uzteko eskaria egin zuten; hau da, herriko kaleetan igarotzean, gurdiak erabat isilean erabili beharko zirela, ardatzaren zaratarik gabe, eta ezinezkoa egiten zen une askotan hori lortzea. Gurdiak garoa, otea eta belar ondoarekin izatean bakarrik altxatzen zuten debekua, eta bazirudien gainontzeko zamak eramatean erraza zela gurdiak zaratarik gabe erabiltzea.
  • 1803-3-8. Herriko festetan zekorketak antolatzeko Inazio Ramon Arozenak eginiko proposamenaren berri eman zuten. Hark barrerak egiteko materiala eskatzen zuen, berak sarrerak kobratzeko eskubidea izanik alde batetik; edo 1.500 erreal eta materialak herriak emanez, inolako kobraketa gabe geldituta bera. Bigarren proposamena hartu zuten ontzat.
  • 1803-3-8. Urrestillarako bidea konpontzea erabaki zuten, Landetako ermitan aulki batzuk jarriz.
  • 1732-3-8. Herrian hondamenean ziren etxeen txostena egin zuten zurgin eta harginei haien lana ordaindu zieten.
  • 1703-3-8. Zortziehun dukateko zentsua hartzea erabaki zuen herriak, erdia Juan Larraarrengandik eta beste erdia aurki zitekeen tokitik.
  • 1703-3-8. Herriko hiru udaltzainei agindu zieten etxez etxe albistea pasatzeko: hemezortzi urtez gorako gazte guztiak astelehenean eta goizeko hamarretarako udaletxera ager zitezela, herriari tokatzen zitzaizkion 29 soldaduren aukeraketa egiteko.
  • 1687-3-8. Inazio Arzadun parrokiko organo-joleak aurkeztu zuen kexaren aurrean -organoa erabat nahastua zegoela esanez-, hari erantzutea erabaki zuten, orduan Tolosan zegoen organo egileari albistea pasatu eta ahalik eta azkarren herrira hurbil zedin.
  • 1665-3-8. Enparantza nagusia zabaltzeko tokia eman zuenez, Santo Domingo komentuari obra batzuk egiteko baimena eman zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan