Hamarkada: 1890

  • 1899-12-11. Herriaren argikuntza elektrikoa enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten. Baldintza horietan bost urterako kontratua izango zela eta urtean bi mila pezeta ordainduko zituela herriak jaso zuten. Bestalde, argikuntza zerbitzuak honakoa izan behar zuen: herri barruan eta inguruetan guztira 75 lanpara egon behar ziren pizturik, mugak ondokoak izanik: Harzubian, miserikordiako kaperauaren etxea, eta kartzelako eta epaitegiko eraikina. Arana-Errebalean, larruak lantzen zituenaren etxea; eta Madalenan, ermita bera. Kaleko argikuntzaz gain, udaletxeko ordularira eta bertako bulegoetara, helduen eskolara, marrazki eskolara, alondegira, posta bulegora, suhiltzaileen ur bonba zegoen lokalera, ganadu hiltegira, harategira eta herri epaitegira argia eman beharko zuen. Udalak lanparak alde batetik bestera aldatzeko ahalmena izango zuen aipatutako mugen barruan, instalazio berrietan eginiko gastuak bere gain hartuta.
  • 1899-12-11. Argikuntzaren ordutegiari zegokionez, urte osoan ilunabarra baino ordu erdi lehenago piztu behar ziren hurrengo goiza arte, gaueko hamaiketatik bostak arte argiaren indarra erdira jaitsita izanik. San Inazio festetan, aldiz, bezperan, egunez eta bigarrengoz, herriak argikuntza berezia nahi izanez gero, lanpara gehiago izateko aukera emanez, urteko beste bi egunetan bezala.
  • 1899-12-11. Urrestildarren txostena Diputazioko presidenteari bidali zioten, eta berak jarriko zuen Azpeitiko Udalaren eskuetan, gaiari buruz xehetasunak emateko eskatuz, erantzunez honek Urrestillako biztanleen artean iritziak jasotzeko, iruditurik gehiengoa ez zegoela txostena sinatzen zutenekin bat eginik. Ez zuten gogoko hartu azpeitiar agintarien proposamena, 1847ko ekainaren 5ean eginik azken bozketa: botoa eman zuten 214 pertsonen artean 127 Urrestilla herri apartekoa izatearen aldekoak agertu ziren eta 87 kontrakoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga aldekoak, Aratz-erreka eta Matxinbenta kontrakoak.
  • 1899-10-4. Herriak hala nahi zuelako, Mariaren Sierbak Azpeitian finkatu ziren.
  • 1899-10-2. Felipe Landari Nuarbe auzoan argi elektrikoa sartzeko kablea jartzeko baimena eman zioten.
  • 1899-10-2. Herritik kanpo zezen-plaza nola egin zitekeen aztertzeko batzordea izendatu zuten. Orbegozok, Iriartek, Azilonak eta Alberdik osatu zuten batzordea.
  • 1899-9-25. Hiri Polizia Zaindariaren arautegia ontzat hartu zuten.
  • 1899-9-18. Ofizio baten bidez, gobernadoreak onartu egin zuen alkatearen jokaera, ezerezean utzirik eraikin publikoetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko erabakia.
  • 1899-9-11. Uranga zinegotziak herriaren eraikinetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko azaldutako mozioaz adierazi zuen Udalaren eginkizuna zela herriko eraikin publikoetan plaka horiek jarri edo ez erabakitzea. Alberdi plakak jartzearen kontra azaldu zen, ekintza politikoa zela adieraziz, eta alkateak gauza bera zioen. Arozena, aldiz, "Azpeitiko herria katolikoa, apostolikoa eta erromatarra" zela-eta plakak jartzearen alde azaldu zen, plaka batzuk jartzeak inolako ondoriorik ekar zezakeenik ez baitzuen uste. Era guztietako iritziak agertzen zirenez, bozketa egin zuten Urangak azaldutako mozioa onartzeko edo ez, eta baiezkoak irabazi zuen -zortzi alde eta bi kontra agertu ziren-, baina alkateak erabakia ezerezean utzi zuen.
  • 1899-9-11. Sor Lorentza Sierbetako lekaimeak idatzi zuen, esanez berehala herriratzekotan zela. Alkatea eta lehen tenientea Sor Lorentzarekin bildu ziren, eta Udalak erabaki zuen herrian gelditzeko zer behar zuen jakitea.
  • 1899-9-11. Egurtza baserrian sutea izan zenean lanean aritu zirenei emandako ardoa, ogia eta pattarra ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1899-9-4. Izarraizko Azketa iturrian auzolanean konponketak egiteko zementua eta janari eta edari zatikoak eskatu zituzten. Erantzuna alkatearen gain utzi zuten.
  • 1899-9-4. Uranga zinegotziak proposatu zuen, beste zenbait herritan bezala, Jesusen Bihotz Sakratuaren plaka bat jartzea eraikin publikoetan. Alberdik erantzun zion ekintza politikoa zela eta ez zuela ontzat hartzen. Alkateak batzarra amaitutzat eman zuen, Urangaren proposamena gobernadore zibilaren jakinean utziko zuela esanez.
  • 1899-8-21. Alkatearen mozioa onartu zuten eta Juan Bikendiri bera bizi zen etxeko balkoietan burdinsarea jartzeko eta etxeko gelara sartutako pilotak jokoan zirenei berehala itzultzeko agintzea erabaki zuten -frontoiaren kontra bizi zen-.
  • 1899-6-12. Alejandro Mujika arkitektuari eskatu zioten Azoka plaza estaliaren proiektuak sinatzea.
  • 1899-5-1. Udal frontoia luzatzeko Felix Barrenak egindako proiektua onartu zuten.
  • 1899-5-1. Azoka plaza estalia Urola ibaiaren gainean egitea erabaki zutenez, gobernadoreari baimena eskatzea onartu zuten.
  • 1899-4-17. Udalak Azoka plaza estalia egiteko aurreratu zizkioten proiektuetako bat aukeratu zuen.
  • 1899-4-10. Ondorengo bilerarako proiektua eta aurrekontua prestatzea erabaki zuten, herriaren kartzela zaharra egokitzeko, ahalik eta azkarren herriratu zitezen Jesusen Zerbitzariak ordenako lekaimeak.
  • 1899-4-10. Urola ibaiaren gainean Azoka plaza estalia egitea aho batez erabaki zuten.
  • 1899-3-6. Kartzelak egiteko kobratu zuten zerga bera, herriaren beharrei aurre egiteko, eta aurrerantzean ere kobratzea erabaki zuten: ardoa, 0'02 pezeta litroko, alkohola 0'13 pezeta, olioa 0'02, petrolioa 0'02, garagardoa 0'05, xaboia 0'01 pezeta kiloko eta abar.
  • 1899-3-1. Probintziako udalei Donostiako alkatetzak eginiko deialdiaren berri eman zieten, Udalak zeukan autonomia Gipuzkoako foruen oinarri berezia zela ikusita. Azpeitiko Udalak bilera horretan lekuko izateko hiru ordezkari izendatzea erabaki zuen.
  • 1899-3-1. Frantzisko Mari Alberdik eginiko eskaerari erantzunez, gobernadoreak hartutako erabakiaren berri eman zuten: hau da, Plaza Nagusian ikuskizun guztiak debekatzea eta, derrigorrezkoa bazen, bertan itxitura jartzea, horrela neurri batean behintzat oztopatuz jendearen pasabidea.
  • 1899-2-20. Santos Altolagirrek eta beste herritar batzuek azoka plaza estalia frontoiaren inguruan egiteko eskatu zuten -orduan jardina edo lorategia zen tokian-. Beranduago, Udalak Azoka Plaza non kokatu behar zen erabakiko zuela erantzungo zuen.
  • 1899-1-23. Azoka plaza estali bat egiteko helburua agertuz herriaren diru-alderdiari buruz eginiko txostena aurkeztu zuen batzorde batek.
  • 1899-1-16. Bartole Uzinek, beste batzuekin elkartuta, Azoka plaza estalia eraikitzeko egindako eskaeraren berri eman zuten, ezinezkoa iruditzen baizitzaion Azpeitiko Udalari beraiek egitea. Udalak, ordea, asmo berak zituen eta proiektu bat eskuartean zuen.
  • 1898-11-14. Mariaren Sierbetako zuzendariari esan zioten euretako lau lekaime herriratu nahi izanez gero herriak hurrengo urteko uztailetik aurrerako aurrekontuetan, eurei emango zieten urteko bostehun pezetako laguntza, etxebizitza eta behar zituzten altzariak sartuko zituela.
  • 1898-10-10. Errukietxeko juntak eginiko gonbitea onartuz, bertako eskolaren inauguraziora joatea erabaki zuen Udalak -betiere, hala nahi bazuten zinegotziek-.
  • 1898-8-8. Zinegotzi batek proposatuta, herriz kanpo zezen-plaza egiteaz hitz egin zuten, eta behar zen azterketa egiteko alkatea eta Orbegozo eta Klemente zinegotziak osatutako batzordea izendatu zuten.
  • 1898-2-28. Joxe Mari Iturbide eta Inazio Fernandez Eleizgarairekin harremanetan jarri ondoren, Musika Banda egokitzea erabaki zuten, baldintza batzuk zirela tarteko.
  • 1898-2-28. Inolako zerbitzurik eskaintzen ez zuelako Harzubian, errukietxearen aurrean zegoen iturria kentzea erabaki zuten.
  • 1898-2-24. Elola kaperako erretaula urreztatzeko kontratua egin zuten Frantzisko Larrañagarekin.
  • 1898-2-23. Musika Banda berriro antolatzeko proposamena egin zuten Joxe Mari Iturbidek eta Inazio Fernadez Eleizgaraik.
  • 1898-2-23. Inauterietako festetan parte hartu zuten musikariei 30 pezeta ematea erabaki zuten.
  • 1898-2-14. Fruktuoso Oiarzabalek eta beste herritar batzuek frontoia egitearen aurkako kexa egin zuten, baina lehenik behintzat, Udalak ez zuen aintzakotzat hartu.
  • 1898-2-7. Frontoi berri bat egiteko eskaria egin zuten herritar batzuek. Udalak erantzuna ematea erabaki zuen.
  • 1897-11-24. Ramon Jauregik eta haren lagunek egindako eskaera irakurri zuten: Udalaren aldetik idi demak jokatzeko debekua altxatzeko gestioak egitea. Beste herri batzuekin harremanetan jarri ondoren eta ahal izanik haiekin bat eginik, alkateari debekua altxatzeko gestioak egiteko ahalmena eman zioten.
  • 1897-11-24. Agustin Jauregi erretoreak idatzitako gutuna irakurri zuten, eta gutunean esaten zen akats bat izan zuela Elolaren kaperako San Agustin komentuko San Gillermoren erretaula eskatzean, haren tokian San Nikolasena eskatu behar zuelako. Hala, lehenenaren tokian bigarrena eramateko baimena ematea erabaki zuten.
  • 1897-11-15. Errukietxeko juntak eginiko eskaerari erantzunez, herritarrei hilaren 25ean goizeko hamarretarako batzar nagusia egiteko deia egingo zietela erabaki zen, junta berria aukeratu eta kontuak ikusiko beharko zituen batzordea izendatzeko.
  • 1897-11-15. Elolaren kaperan obrak eta zenbait aldaketa egitea onartu zuen Udalak, San Agustin komentuko San Gillermoren aldarea bertara eramanez, aurrez bertan zen San Sebastianen trukean.
  • 1897-11-3. Diputazioari 3.989'23 pezeta ordaintzea erabaki zuten. Herriari tokatzen zitzaizkionak ziren epaitegiko gastuei aurre egiteko -1896ko azaroaren 15etik, 1897ko ekainaren 30era bitartekoak-.
  • 1897-9-27. Zinegotzi baten proposamena onartuz, azken saninazioetako zezenketen Meliton Catalan espresariari 125 pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1897-9-20. Gutun baten bidez, Probintziko Batzordeak agindu zuen Sistema Metriko Dezimala erabiltzeko sagarra eta sagardo neurketak egitean. Horrela erabaki zuen Udalak, eta herritarrei pregonariaren bidez jakinarazi zien.
  • 1897-9-20. Herriko kale garbitzaileen arautegia onartu zuten.
  • 1897-8-23. Harzubiko zubiaren inguruko Salete iturria konpontzea erabaki zuten, baina bertako eskailera zubia konponduko zenerako utzi zuten.
  • 1897-8-23. Urrestilla egunean bi bider posta zerbitzurik gabe gelditu ez zedin batzordea izendatu zuten, gaia aztertu eta bide egokia aukeratzeko.
  • 1897-8-23. Inazio Orbegozo zinegotzia herriko ordezkari izendatu zuten, tranbiaren batzordearen estatutuak gogoan izanda.
  • 1897-8-16. Orbegozok, Zumarragatik Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbiaren proiektuaz herritarren artean jasotako iritzien berri jakinarazi zuen. Horrela, bilerara agertu ziren ehun lagunetik kontrako iritzia bik bakarrik agertu zutela esan zuen eta biok oinarririk gabe eman zutela iritzia. Beraz, proiektua aurrera eramateko benetako gogoa nabaritzen zela azaldu zuen. Gauzak horrela, Udalak 272.287 pezeta ordaintzea erabaki zuen, proiektuaren konpromiso osoa hartuta.
  • 1897-8-16. Lodosako biztanle Meliton Catalanen izenean idatzi zuen Bartolome Uzinek, herritarrek eta azken saninazioetako zezenketa antolatzaileek azken zezenketako animalia guztiek agindutako pisua osatu zutela esanez, zinegotzi batzuek zezen batek bi libra gutxiago pisatu zituela adierazi bazuten ere. Udalak Uzinek adierazitakoa aintzakotzat ez hartzea erabaki zuen.
  • 1897-8-12. Tranbia elektrikoaren proiektua aurrera eramateko sortutako batzordeak beharreko oinarriak adierazi zituen. Oraa ingeniariak egindako aurrekontua 2.430.000 pezetakoa zela jakinarazi zuten, eta horietatik 1.700.000 pezeta akzioetan lortuko zituzten. Estatutuen arabera, Azpeitiko herriak 363.045 pezeta ordaindu beharko zituen, baina herriari gehiegi iruditu zitzaion eta gehienez ere 272.284 pezeta emateko prest agertu zen.
  • 1897-8-9. Meliton Catalan zezenketako enpresariari zenbait gauza erantzuteko udaletxera ahalik eta denbora motzenean azaltzea derrigorrezkoa zuela esanez idaztea erabaki zuten. Izan ere, zezenek ez zuten eman beharreko pisurik, eta pisatzeko unean fede txarrez azaldu zen Catalan bera.
  • 1897-8-9. Alkatea eta Orbegozo sindikoa tranbia elektrikoaren proiektua ahalik eta azkarren aurkezteko izendatu zituzten, eta horretarako behar ziren gestioak egin zituzten.
  • 1897-8-4. Gurasoei semeak eskolara bidaltzeko zuten beharra gogoraztea erabaki zuten. Izan ere, sei urtetik hamahirura bitarteko umeak eskolaratu egiten ziren, eta eskolan hasi aurretik txertoa jartzen zieten. Alkateari eskatu zioten gai horri buruz ahalegin guztia egitea.
  • 1897-8-4. Muguruzak San Inazio eguneko bezpera elizkizunera Udala joan gabe gelditu zelako bere protesta adierazi zuen. Eta abuztuaren lehen eguneko prozesiorako lurraldeko diputatu probintzialari egindako gonbitea ez zitzaiola egokia iruditu ere azaldu zuen.
  • 1897-7-22. Nuarbeko Hirutasun Santuaren eliza bedeinkatu eta inauguratu zuten.
  • 1897-6-16. San Agustin elizan zegoen udal patronatua agertzen zuen harria eskuineko horman jartzea proposatu zuen alkateak. Ez zen ontzat hartu beste agintarien artean.
  • 1897-5-26. Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbe elektrikaren batzordeko kidea zen Azkoitiko alkatearen idatzia jaso zuten. Bertan zioenez, Iraetan eginiko bileran ez zen erabaki ikerketa lanak aurrera eramateko zenbat ordaindu beharko zuen herri bakoitzak. Batzorde horretan herriko ordezkari Klementeri eta Orbegozori ahalik eta etekin egokienak lortzen saiatzeko erregutu zieten, gaiari buruz erabakia hartzean.
  • 1897-5-19. Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbiaren batzordeak eta Oraa ingeniariak eginiko konbenioa irakurri zuten. Udalak proiektua egiteko tokatzen zitzaion zatia ordainduko zuen edo ez galdetu zuten. Ordaindu beharrekoa erabaki zuten, baita bileraren akta eskatzea ere guztiaren berri jakiteko.
  • 1897-5-12. Loiolako zelaian komunak egitea erabaki zuten.
  • 1897-5-5. San Agustin elizako sakristiko obrak adjudikatu zituzten.
  • 1897-5-5. Loiolako zelaiak postuak zituzten saltzaileen arteko eztabaidak mozteko izendaturiko batzordeak akordiora iritsi zela adierazi zuen. Modesto Amenabarri postu bat eman zioten, beste guztiei bezala. Herriak ontzat hartu zuen eginikoa.
  • 1897-2-10. Eibarko Elejalde etxeari kaleetan euskal deiturak jartzeko plakak erostea erabaki zuten.
  • 1897-2-3. Musika Bandaren arautegi berriaren bozketa egin eta onartu gabe gelditu ziren.
  • 1897-1-27. Urrestillako frontoian konponketa lanak egitea onartu zuten.
  • 1896-12-30. Santo Domingo komentuaren lur zati batzuk saldu zituen Udalak, baimenik gabe. Probintziko Ondare administrariak xehetasunak eskatu zituen, Espainiako Estatuaren aldeko abokatuak iritzia agertu aurretik hori egitea derrigorrezkoa iruditzen zitzaielako.
  • 1896-12-23. Probintziko Batzordeak herriaren eskaerari erantzunez aurkeztu zuen euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako kale eta enparantzen izenak jakinarazi zituzten. Plakak erostea erabaki zuten.
  • 1896-12-14. Felix Barrenak adierazi zuen suhiltzaile zerbitzua egokitzea derrigorrezkoa zela. Gaia aztertzeko batzordea sortzea erabaki zuen herriak.
  • 1896-12-2. Probintziko Batzordeak eskatuta, kaleek, plazek eta pasealekuek euskaraz eta gaztelaniaz zituzten izenak hari bidaltzea erabaki zuen Udalak.
  • 1896-11-18. Herrian zen lurraldeko lehen instantziako Epaitegiak gutun bidez zioen ekin ziola berriro lanari eta herriari bere zerbitzuak eskaintzen zizkiola.
  • 1896-11-18. Errepidearekin bat egiten zuen Loiolako zubia Probintziako Batzordeari zabaltzea eskatzea erabaki zuten, zinegotzi baten mozioa onartuz.
  • 1896-11-11. Lurraldeko diputatuak bidalitako telegramaren berri eman zuten, esanez lehen instantziako Epaitegia berriro martxan jartzeko dekretu erreala sinaturik zela. Udalak erabaki zuen berri ona ospatzea; suziriak bota zituzten, eta Musika Banda eta sokamuturra kaleratu.
  • 1896-11-11. Herritar batzuek Diputazioari egindako eskaera irakurri zuten. Idi demari buruz emandako debekua altxatzeko erregutu zuten, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren aldeko idatzi batekin Diputaziora pasatzea.
  • 1896-10-21. Juan Bixente Etxeberria, Luis Etxaide, Juan Clemente, Estanislao Etxabe, Silberio Korta, Benantxio Zubimendi, Joxe Manuel Arozena, Esteban Alberdi, Inazio Orbegozo eta Miguel Ugalde bildu ziren Zestoan, Zumarragatik eta Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Iraetan zehar Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbia elektrikoari buruz hitz egiteko. Aipaturiko herrietako udalei hil hartako 22an goizeko hamarretan Zestoako Bainuetxean egingo zen bilerararako gonbitea luzatzea erabaki zuten, ordezkariak bidal zitzaten. Azpeitiko Udalak Clemente eta Orbegozo tranbiari buruzko bilera hartan partaide izateko aukeratu zituen.
  • 1896-10-21. Kartzela zaharreko lehen solairuan beharrezko obrak egitea erabaki zuten, marrazki eskola martxan jartzeko asmoz.
  • 1896-10-14. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, berriro epaitegia martxan jartzean agindu zuen Diputazioak. Hau gastuaren %50 ordaintzeko prest agertu zen, eta beste erdia herriak ordaintzea erabaki zuen, ahal izanik inguruko herriekin bat eginik. Bide batez, Diputazioari eskatu zioten gestioak egin zitzala ahalik eta azkarren epaitegia martxan jartzeko; azaroaren 1erako edo beranduenez ere 15erako.
  • 1896-8-24. Hilaren 21ean sinatutako erreal agindua irakurri zuten. Bertan ezerezean utzitako epaitegiak berriro martxan jarriko zituztela adierazten zen. Udalak erabaki zuen abokatuen batzordeari horren berri pasatzea, gestioak egiteko.
  • 1896-8-10. Joakin Sanchez Toca Bergarako lurraldeko gorteetako diputatuak Madrildik idatzi zuen, herriari epaitegia berriro martxan jartzeko baimena eman ziotela adieraziz. Gastuei herriak edo probintziak egin beharko zien aurre. Udalak gaiaren inguruan egin beharreko gestioak egiteko eskatuz idaztea erabaki zuen.
  • 1896-8-10. Azken festetan hildako zezenek behar adinako pisurik ez zutela-eta, zinegotzi batek egindako proposamena ontzat hartu eta hurrengo urteetarako honoko baldintza jartzea erabaki zuten: hiltzeko zezenek gutxienez 32 erralde pisatu beharko zuten eta 30 erraldetik beherakoei 125 pezetako isuna ezarriko zieten.
  • 1896-8-3. Joxe Manuel Bereziartua Loiola auzoko alkateak Egibar baserritik Juanarro errekara bitartean karela egitea eskatu zuen, behar zen harria auzokoek inguratuko zutela adieraziz.
  • 1896-5-11. Loiolarako bidean karelak egitea eta Frantziskanen inguruko bidea konpontzea onartu zuten.
  • 1896-5-11. Zinegotzi batzuen proposamena ontzat hartuta, beste herri batzuekin harremanetan jarri eta debekaturik zeuden idi demak jokatzeko baimena eskatzea erabaki zuten. Abeltzantza bultzatzeko egokia iruditzen zitzaien, eta kirolak moralaren aurkako ezer ez zuen iritzia zuten. Bide batez, dirua lortzeko baliagarri izango zen.
  • 1896-5-11. Batzorde bat izendatu zuten, indarrean zeuden udal ordenantzak aldatzeko. Alkateak, Muguruzak eta Iberok osatu zuten batzordea.
  • 1896-3-11. Kubako gerran zeudenei laguntzeko, 750 pezetako laguntza emanez diru laguntza zerrendari hasiera ematea erabaki zuten.
  • 1896-3-4. Udaletxe zaharrean nesken eskola bat jartzeko aurrekontua onartu zuten.
  • 1896-2-26. Baserritarrei zakurren zergarik ez kobratzea erabaki zuten, beharrezkoak zituztelako. Luxu bezala txakurrak zituztenei soilik kobratzen zieten zerga.
  • 1895-12-11. Erdi kaleko 11. zenbakidun etxearen jabe Sebastian Larrañagak karreran argi elektrikoa jartzea eskatu zuen. Berau jendearentzat Eliz kalerako pasabidea zela kontuan izanik, Udalak erabakia hartu aurretik gaia aztertzea erabaki zuen.
  • 1895-12-4. Zinegotzi batek adierazi zuen Loiolako Santutegiaren aurrean bitxi erlijiosoak salgai zituzten saltokiak ez zeudela egoki kokatuta eta, horrez gain, ez zutela inongo zergarik ordaintzen eta komeniko litzatekeela zerbait kobratzea. Neurriak hartu baino lehen, gaia ondo aztertzea erabaki zuen Udalak.
  • 1895-11-25. Alkatearen mozioa onartuz eta ibaiak zaindu beharra derrigorrezkoa ikusirik, Manuel Olaizola izendatu zuten ibaiak zaintzeko otsailaren 15a bitartean. Egunean pezeta erdia ordaindu zioten.
  • 1895-10-23. Herriari argi elektrikoa emateko proposamena egin zuen Anastasio Belokik, eta aurrez eginikoa ontzat ez hartzea Azpeitiko Udalaren aldetik.
  • 1895-8-12. San Inazio gauetan pilotalekuko lorategian argi elektrikoa jartzea ordaindu zuten.
  • 1895-8-7. Heziketa Publikoaren Probintziako Juntak agindutakoa betetzea erabaki zuten, eta gestioak egin ziren Nuarben eskola martxan jartzeko.
  • 1895-6-16. Juan Abarrategi Errasti jaio zen. Iruñeko Euskal Jai frontoian agertu zen 1912an erremonteko pilotari bezala. Haren erretiroa eskumuturreko lesio batek aurreratu zuen.
  • 1895-5-16. Felix Berolegi Orbegozo erremonte pilotaria jaio zen. Erremontearen Urrezko Adinekoa zen, eta pilotakada batzuk jaso ondoren 1925ean erretiratu zen.
  • 1895-5-15. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidearekin Gazte ondoan bat egingo zuen bidearen enkantea onartu zuten.
  • 1895-4-24. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidea bitartean bidea egitea erabaki zuten.
  • 1895-3-27. Bertako pasabidea itxi gabe uzteko baldintzarekin, Nemesio Altamirari bere harategiaren aurrean -Mantekape arkuaren barruan- zabaltzen zen kortina bat jartzeko baimena eman zioten.
  • 1895-3-11. Batzorde baten eskuetara pasatzea erabaki zuten Urrestillako biztanle batzuk bertako frontoian konponketa lanak egiteko eskaria, oso gaizki zegoelako frontoia.
  • 1895-3-6. Nuarbetar batzuk egindako eskaerari erantzunez, eta bozketa baten ondoren, bertako eliza berriaren eliza atari gainean eskola bat eraikitzea erabaki zuten.
  • 1895-3-6. Herriak idi dematan erabiltzeko erosi zuen harria ordaintzea onartu zuten.
  • 1895-2-4. Plaza Txikian euren generoak saltzen zituzten merkatarien arteko iskanbilak amaitutzat eman zituen Udalak, merkatari bakoitzari plazan izango zituen metroak seinalatu ondoren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan