Eguna: 12-14

  • 2002-12-14. 'Urolako trena: 1926-1986' liburua aurkeztu zuten Inazio Artetxek, Lourdes Odriozolak eta Juanjo Olaizolak. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Mari Bastida Azpeitiko alkatea, Alvaro Amman Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburua, eta liburuaren hiru egileak. "Etorkizuneko proiektuen barruan Urolako trenaren ibilbidea berreskuratzea nahi da merkantzien trenentzat"', esan zuen Ammanek.
  • 1959-12-14. Kristina enparantzatxoan zen udal arrandegi eraikina egoera larrian zen, eta hondamen osoan zela deklaratzea erabaki zuten. Horregatik, inguruan zen sutegian lana egiten zuen Antonio Gurrutxagari erabakiaren berri eman eta ondoren tokia utzi beharko zuela adierazi zioten, eta eraikina botatzeko beharrezko neurriak hartu zituzten.
  • 1936-12-14. Alkatearen proposamena onartuta erabaki zuten erregistro zibilean eta parrokiko bataio liburuan haurrei emandako euskal izenak espainieraz jartzea.
  • 1896-12-14. Felix Barrenak adierazi zuen suhiltzaile zerbitzua egokitzea derrigorrezkoa zela. Gaia aztertzeko batzordea sortzea erabaki zuen herriak.
  • 1868-12-14. Udalak aginduta lurraldeko epaitegi eta kartzelaren planoak egin zituen Fernando Etxeberria azkoitiar arkitektuari, egindako lana ordaintzea erabaki zuten.
  • 1868-12-14. Kontuan izanik Joxe Inazio Aldalur organistak parrokiko organoari buruz emandako iritzia, Udalak erabaki zuen organoaren egile Amezuari herriak 5.500 erreal emango zizkiola proposatzea, akatsak zuzentzen egin beharreko lana alde batera uzteko asmoa agertzen bazuen. Denbora gutxira Juan Amezuaren seme Hermenegildok idatziz emandako erantzuna jaso zuten, esanez bere aitak ontzat hartu zuela proposamena, eta hari deitzea erabaki zuten; batzarrera agertu ondoren, aipaturiko 5.500 erreal eman zizkioten, eta herriaren eskuetara pasatu zen parrokiko organoa.
  • 1828-12-14. Herri Batzar Nagusian, gazteentzat frontoi berria egitea erabaki zuten. Asmo hori aurrera eramateko batzordea izendatu zuten.
  • 1802-12-14. Herriaren diruak gordetzeko hiru giltza zituen kaxa egitea onartu zuten, eta giltzak zegokienei banatzea. Horrez gain, kontuak emateko liburua ere prestatu zuten -kaxaren barnean gordeko zena, hain zuzen-.
  • 1696-12-14. Kalbario gurutzeak konpontzea ezinbestekotzat jota, fidelari agindu zioten ahalik eta azkarren haiek eginarazteko.
  • 1687-12-14. Kontuan izanik nahiko ekonomia egoera larrian zela parrokia bertako erretaula nagusirako irudiak ordaintzeko, Errege egunean diru bilketa egitea erabaki zuten herritarren artean; Eguberri bigarren egunez horrela adierazi zuten, parrokien bidez.
  • 1687-12-14. Jabeturik nahiko egoera larrian zirela herri barruko eraikin batzuk, neurriak hartzeko asmoz Anardiko Juan Larraar maisu zurgina eta Esteban Alzaga maisu hargina izendatu zituzten, ikusi eta iritzia ager zezaten. Batez ere, Tomas Leiariztiren etxea, Juan Frantzisko Morenorena eta Garagartza etxearen ondoan zirenen berri eman beharko zuten Erdi kaleari zegokionez, eta Agustin Osaren etxearen, Joxepa Asurza bizi zen 'Dorre' izenekoaren eta Baltasar Odriozola zen etxearen berri Eliz kalean.
  • 1634-12-14. Alkateak Luis de Castillo korrejidorea gau hartan Azpeitira zetorrela jakin zuela adierazi zuen. Baina bere etorrera jakinarazi ez zuenez, inolako ongi-etorririk ez egitea eta alkatea haren etxera agurtzera joatea erabaki zuen Udalak.
  • 1563-12-14. Herritarrek alkabuzak, pikak eta beste zenbait arma bazituztenez, eskomikua lortzea erabaki zuten.
  • 1553-12-14. Nikolas Saez Elolak testamendua egin zuen, bere ondasunen patroi Udala izendatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan