Eguna: 6-11

  • 2014-6-11. Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak, beste 39 gazte independentistekin batera.
  • 2011-6-11. Eneko Etxeberria (Bildu) alkate izendatu zuten, 2011-2015 agintaldirako Udalbatzarraren eraketa ekitaldian.
  • 2011-6-11. Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak dantza solteko Gipuzkoako Bikote Gazteen 56. Txapelketa irabazi zuten, Trintxerpen. Hirugarren postuan beste azpeitiar bikote bat sailkatu zen, Garazi Gurrutxagak eta Asier Ibargurenek osatutakoa.
  • 2010-6-11. Josu Urbieta 'Pou' atxilotu zuten Frantzian, ETArekin lotura zuelakoan.
  • 2002-6-11. 'Nobiliario de Azpeitia. Probanzas de Nobleza e Hidalguia' liburua aurkeztu zuen Udalak.
  • 1986-6-11. Sute batek Elosiagako Muno baserria suntsitu zuen.
  • 1980-6-11. Kultura Batzordearen txostena ikusi ondoren, aho batez erabaki zuen Udalak euskal izenak jartzea herriko kaleei.
  • 1972-6-11. Felipe Urkidi 'Beñe' eta Joxe Manuel Agirre 'Endañeta' neurtu ziren zezen-plazan. Beñek hamalau arroako zilindro zaharra 29 bider jaso zuen sei minutuko hiru ekitalditan. Endañetak 213 kiloko koadratua 27 bider altxatu zuen zortzi minutuko hiru ekitalditan.
  • 1950-6-11. Nuarbeko eliza inauguratu zuten, erreforma handiak egin ondoren.
  • 1812-6-11. Tolosako herriak bidalitako gutun baten berri eman zuten. Eskutitzarekin batera bidali zuten probintziako intendenteak bidalitako kontribuzio papertxoa; Azpeitiak bost mila erreal ordaintzeko esaten zuen. Erantzutea erabaki zuten, herriak ez zuelako dirurik ordainketari aurre egiteko. Izan ere, azkeneko hilabeteetan izugarrizko gastuak sortu zituen tropen mantenuak, eta haragia, aleak, ardoa, pattarra eta beste zenbait beharreko genero zorretan zituzten.
  • 1743-6-11. Tolosako, Azkoitiko eta Zestoako konpainiekin batera Gipuzkoako Getarian zegoen herriko konpainiako kapitainak bidali zuten albistea. Bertan honako hau esaten zen: Diputazioak euren soldaduekin etxeratzeko agindua eman zietela beste deialdi bat izan bitartean. Azpeitiko konpainia arratsaldean herriratuko zela jakinarazi zuten, Azkoitikoarekin batera. Freskagarri bat prestatzea erabaki zuten. Bertan ardo nafarra eta ogia eman zieten bi konpainietako soldaduei, eta ardo zaharra eta bizkotxoa ofizialei.
  • 1669-6-11. Parrokiko kanpai handia ez ezik, beste bat ere apurtuta agertu zen. Horren aurrean, herrian zegoen Pedro Foncueba kanpai egilearekin edo beste norbaitekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Guztiaren ardura parrokiko etxezainari eman zioten. Agindua aurrera eramateko dirurik gabe baziren, zilarrezko berrehun dukat zentsuan hartzeko ahalmena zeukan.
  • 1669-6-11. Olazko ermitako seroraren dotearekin, bertako kanpaia funditzea erabaki zuten, apurtuta zegoelako. Konponketa lan batzuk ere egin zituzten barruan. Beharrezkoa zen egurra herriak eman zuen.
  • 1639-6-11. Gerrarako zurrumurruak eta beldurra nabariturik, barrika bat bolbora erostea erabaki zuten.
  • 1595-6-11. Probintziak agindutako urteko arma erakusketa Santiago egunez egitea erabaki zuten. Beharreko ospe eta handitasunez eguna egiteko herritarrei bertara kontu handiz gerturatzea eskatu zieten, arratsaldean zezenak jolasten ziren-eta.
  • 1583-6-11. Martin Agirre herriko fidelak adierazi zuen enparantzan Juan Perez Eizagirre apaizak nola iraindu zuen bera, builaka eta hitz iraingarri asko esanez. Gertatutakoaren aurrean neurriak hartzea erabaki zuten. Zabaliak sortutako kapilautza hutsean deklaratuta, apaiz bezala tokatutako etxetik ateratzeko agindua eman zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan