Eguna: 1-25

  • 2019-1-25. Basazabal jauregi zaharberritua inauguratu zuten, beheko solairuan turismo bulegoa eta goikoetan erabilera anitzeko gelak prestatuta.
  • 2013-1-25. Jesus LarraƱagak udalean utzitako zinegotzi kargua Joxetxo Aizpuruk hartuko zuela iragarri zuen Azpeitiko EAJk. Alderdiaren udaleko bozeramaile, berriz, Aitor Gorrotxategi izendatu zuten.
  • 2012-1-25. Pariseko Auzitegi Korrekzionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri zion Iker Iparragirreri, ETAren logistika taldeko kide izatea leporatuta.
  • 2002-1-25. Manolo San Juan tailagileari Gipuzkoako Artisau Tradizionalaren diploma eman zioten.
  • 2000-1-25. Azpeitiko Udalak Udalbiltzan sartzea erabaki zuen.
  • 1994-1-25. Eusko Jaurlaritzak ikastolen publikotasuna onartu zuen.
  • 1973-1-25. Frantziskanen komentuaren aurrean, bi milioi pezeta ordainduz, Inazio Belokiren eta Felix Belokiren alargunak eta semeek zuten etxaldea erostea erabaki zuten.
  • 1932-1-25. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Estatutu bakarraren aldeko aho batezko botoa erabaki zuen Azpeitiko Udalak; ordezkari, Kasto Orbegozo izendatu zuen.
  • 1932-1-25. Espainiako Ministroen Kontseiluko presidenteari telegrama bat bidali zioten, Jesusen Lagundiaren desegiteagatik protestatuz.
  • 1902-1-25. Urrestillan jaio zen Donato Aristi, urteetan Urrestillako parrokiko organojolea izan zena.
  • 1892-1-25. Herriko langabeziak sortzen zuen migrazioa ikusita -egunetik egunera gehitzen ari zen-, beharreko lanak hastea erabaki zuen herriak, batik bat behartsuen sendiei laguntza eskaini nahian.
  • 1852-1-25. Etxeei zenbaki berriak jartzea eta aurrera eramatea onartu zuten.
  • 1784-1-25. Teilagintza lanean ikas zezaten, herriko hiru gazte aukeratzea erabaki zuten.
  • 1756-1-25. Diputazioari idaztea erabaki zuten, IruƱeko apezpikuaren aurrean gestioak egin zitzan eskatuz, ordu artean elizaren bidez bezala herriko erretoreak urteko agindu nagusiak jakitera eman zitzan.
  • 1755-1-25. Herriak Maria Ana Martiarena, Tomas Bikendiren alargunarekin tratua egin zuen: urte osoan beharko zen elurra inguratzeko, hari Izarraizko izoztegia alokatuz.
  • 1716-1-25. Herriko sendagile Juan Inazio Tornayk, gaixorik zela esanez, herriari bere ordezko bat aurkitzeko eskatu zion, ezinezkoa egiten baizitzaion bere lana behar bezala betetzea.
  • 1711-1-25. Herriak San Agustin komentuari, sei urtean banatuta, 50 dobloi ematea erabaki zuen, aurrez emandako ehun dobloiez gain. Diru hori kapera nagusia bere ganga eta guzti egoki itxita gelditzeko eman zuen. Idi parea ere eskaini zioten komentuari garraioak egiteko; alkateak eta fidelak sei idi pare eskaini zituzten, bakoitzak egun bakarrean lana egiteko; Antonio Etxaniz eta Joxe Basazabal erregidoreek launa idi pare egun bakarrerako; Inazio Arzalluzek eta Inazio Zabalak bina idi pare; bilerara agertu gabe gelditu zen Nikolas Bakibar erregidoreari ere beste bi idi pare eskatzekotan gelditu ziren. Baina herritarrek ere egin zituzten eskaintzak eta haien artean Manuel Altunak hamar idi pare eskaini zituen; Inazio Zabala, Martin Saloguen, Frantzisko Inazio Erkizia, Pedro Baltran Oiarzabal, Frantzisko Inazio Enparan, Manuel Alzaga, Frantzisko Inazio Alzibar, Joxe Iturriaga, Juan Bautista Garmendia, Gabriel Aizpuru eta Juan Apaeztegiak hiruna idi pare; Juan Urdapilletak lau; Lorenzo Eleizando, Frantzisko Alzaga, Inazio Segurola, Felipe Uzkudun eta Andres Leturiondok bina; Antonio Sarria, Karlos Larralde, Aszensio Larraar, Inazio Larralde, Pedro Beriztain, Frantzisko Larralde eta Tomas Leiariztik idi pare bana. Baina ikusita herritar guztiak batzarrera ez zirela agertu, hartutako erabakiaren berri zabaltzea onartu zuten, baita herriz kanpo bizi zirenei ere, haiek ere laguntza eskaintzea nahiko zutelako.
  • 1711-1-25. Garia eta artoa herritik kanpo saltzen zuena salatuz gero, generotik hirutik batekoa salatzen zuenarentzat izatea erabaki zuten.
  • 1640-1-25. Sevillan (Espainia) idatzitako gutun baten berri eman zuten, Azpeitiko herriarentzat Ordiziako Juan Arangurenek 4.400 zilarrezko erreal zituen albistea emanez. Nikolas Saez Elolaren memorian irabazitakoak ziren.
  • 1639-1-25. Beizamako Domingo Arregiri zilarrezko 608 erreal ordaintzea erabaki zuten, azpeitiarrekin bat eginda Beizamako soldaduak joan zirelako egindako deialdiari erantzunez.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan