Hamarkada: 1940

  • 1949-12-18. Martin Garziarena eta Inazio Orbegozo 'Arriya I.a' neurtu ziren, hamar enbor 54 ontzakoak eta bi 108koak ebakitzeko. Garziarenak irabazi zuen; 77.57an egin zuen bere lana. Arriya I.a, berriz, erretiratu egin zen, 57.18 egin ondoren.
  • 1949-10-30. Lino Aldalur eta Pedro Albeniz zortzi mila metrotan neurtu ziren. Lehenak ehun metroko abantaila zeukan eta berak irabazi zuen. Haren denbora: 23.47.2,5.
  • 1949-3-5. Inazio Orbegozo 'Arriya' neurtu zen Fausto Etxeberriarekin: hamabi enbor 60 minutuan. Aurrenak irabazi zuen, 56 minutu eta hamar segundo eginez; bigarrena erretiratu egin zen, hamaikagarren enborrean 55 minutu eta 56 segundo eginda.
  • 1949-1-24. Urrestillan jaio zen Juan Joxe Uranga Segurola, euskal idazlea. 'Bidez' eta 'Yakin' aldizkarietan idatzi zuen, eta Irun Hiriko Saria irabazi zuen 'Ibaia ta itxasoa: Kantauri ta Bidasoa' olerkiarekin.
  • 1948-12-21. Harrijasotzaile lehiaketa egin zuten Azpeitiko plazan. Norgehiagoka berrehun kiloko harri errektangularrarekin egin zuten. Joxe Odriozolak 65 jasoaldi egin zituen, Domingo Lizasok 57, Santiago Otaegik 56, Antonio Landak 43 eta Santos Iriarte 'Errekartetxo'-k lau bider lau minututan, bigarren saiorik egin gabe.
  • 1948-11-21. Pedro Albeniz Iruntxiberri eta Lino Aldalur zezen-plazan 8.000 metrotan neurtu ziren. Lehenenak 25 metroko aldea zeukan eta berak irabazi zuen, 29.27.4/5eko denborarekin. Aldalurrena: 29.44.1/5.
  • 1948-10-17. Inazio Orbegozo 'Arriya I.a', I. Agirre eta B. Etxenerria bikotearen aurka neurtu zen aizkoran, lau enbor 54 ontzakoak ebakitzeko. Arriya I.ak irabazi zuen, hamalau minutu eginda; bikoteak hamalau minutu eta 27 segundo behar izan zituen.
  • 1948-6-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' eta Anton Soraluze Korta neurtu ziren. Neurketan, zortzi enbor 60 ontzakoak eta 30 enbor 36 ontzakoak zituzten. Arriyak 100.44an ebaki zituen, eta Korta erretiratu egin zen, 57.18 bete zituenean.
  • 1948-4-11. Juan Egurza eta Joxe Plaza neurtu ziren 8.000 metro egiteko zezen-plazan: lehenenak, 200 metroko abantaila zuela, irabazi zuen, 29.45.3/5 denboran; bigarrenak 30.13.2/5 behar izan zituen.
  • 1948-3-14. Lagun Onak Futbol Taldeak Afizionatu Kopa lortu zuen, Eibar taldeari 5-0 irabaztean.
  • 1948-2-26. Frantzisko Apalategi euskal idazlea hil zen, Loiolan (Azpeitia). Karlistaldietako kontaketak bildu zituen eta 'Euskal mutilak armetan' liburua idatzi zuen.
  • 1947-11-30. Santos Iriarte 'Errekartetxo'-k 166,5 kilo zituen Amezketako 'Albizuri-andi' harria jasotzea lortu zuen. Hilabete lehenago hamar lagun ahalegindu ziren gauza berean, inork lortu gabe.
  • 1947-11-10. Frantzisko Gurrutxagak zuzenduriko San Ignacio de Loyola Musika Banda partikularraren arautegia ontzat hartu zuen Udalak.
  • 1947-11-10. Organeria Española S.A. elkarteari baimena eman zioten orduan zuen pabilioiaren ondoan beste bat egiteko, kontuan izanda aurkeztu zuen planoa.
  • 1947-5-8. Lagun Onak Futbol Taldeko zuzendariekin batera Garmendipe zelaia esplotatzeko baldintzak osatzeko batzordea izendatu zuten.
  • 1947-4-3. Ostegun Santu egunez kaleratu zuten lehen aldiz San Inazio Loiola Musika Banda.
  • 1947-3-12. Azken Cruzada Nacional deiturikoan hildakoen panteoia ordaintzeko, herriak 8.573'05 pezeta ordaindu zituen.
  • 1947-3-12. Frantzisko Gurrutxaga Nafarroako Usua herriko Musika Bandako zuzendariak eginiko eskaerari erantzunez, herriak erabaki zuen lokal bat eta beharrezko instrumentuak ematea, Musika Banda osatu eta akademia bat martxan jarriko zuela adieraztean. Sortuko zen bandak San Ignacio de Loyola izena izan beharko zuen.
  • 1947-2-5. San Inazio Musika Banda desegindakoari urtarrileko laguntza ordaintzea erabaki zuten.
  • 1947-1-23. Lagun Onak klubeko presidenteak aurkeztu ondoren, Inazio Arrietak Garmendipe zelaian eginiko lanen likidazioa onartu zuten.
  • 1947-1-6. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra' hil zen; deitura bereko txistularien lehena izan zen. Gazterik sentitu zuen musikarako gogoa, hurbiletik ezagutuz, batez ere, txistua eta dultzaina. Ondoren, berezkoak zituen dohainak askatzen joan zen, baina beste zenbait musika instrumentu ere jotzen zituen: flautina, rekintoa, baxua, kontrabaxua, akordeoia, organoa eta abar. Baina, batez ere, txistulariaren irudia gelditu da gogoan. Asko dira hark sortutako lanak eta beraien artean 'Minuetoa', 'Kontrapas luzea', 'Goizeko izarra', 'Eguberri', 'Arin-Arin', 'Zortziko txikia' eta beste zenbait kontrapas, fandango, zortziko, vals eta abar. Hari jarraitu zioten txistulari bezala Juan Gurrutxagak (txistu lehena), Joxe Gurrutxagak (atabala) eta Antonio Gurrutxagak (txistu bigarrena); gainera, hirurak batera kaleratu ziren urte batzuetan.
  • 1946-11-30. Joxe Leon Karetxeri Garmendipe zelaia egiteko lurraldea erostea erabaki zuten. 125.000 pezeta ordaindu zizkioten.
  • 1946-11-14. Inazio Fernandez Eleizgarai musikaria hil zen.
  • 1946-10-28. Kontuan izanik produkturik gabe eta nahiko gaizki elikaturik zela herria eta, azkenaldian udalei emandako gaitasunak gogoan izanik, hornikuntzarako batzordea izendatzea erabaki zuten. Batzordea alkatea eta Alkorta, Mozo eta Elizburu gestoreekin osatu zuten, eta beharrezko aginduak emateko ahalmen guztiak zituzten horiek.
  • 1946-9-29. Lagun Onak Mendi Bazkunak bere lehen irteera egin zuen: Arauntza mendira.
  • 1946-9-10. Lagun Onak Mendi Bazkuna sortu zuten.
  • 1946-8-26. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak idatzi zuen, Azpeitiaren eta Azkoitiaren arteko mugako ermitaren egoera larriaren berri emanez. Bi herriak elkartuz konponketa lanak egitea proposatzen zuen, baita bertan irudi erlijioso bat jartzea ere. Azkoitiko herriarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, ideia aurrera eramateko.
  • 1946-8-7. Udala Bilbora joan zen, Anaia Frantzisko Garate jesuitaren hezurrak Deustuko hilerritik Unibertsitateko kaperara eraman zituztenean.
  • 1946-7-7. Jexux Alkorta eta 'Aiako Txikia' neurtu ziren zezen-plazan 10.000 metrotan. Lehenenak irabazi zuen 37.22 denborarekin, eta bigarrenak 37.304/5 denbora behar izan zuen.
  • 1946-6-23. Garmendipe futbol zelaia inauguratu zuten. Reala eta Athletic neurtu ziren lehen partidan.
  • 1946-5-29. 'San Inazio' tertzioko ererreketeen gorpuak jaso behar ziren panteoia amaitu zela adierazi zuen Galo Barrenak, eta garaia zela hilobi partikularretan zirenak bertaratzeko.
  • 1946-4-3. Osasun Probintzialeko buruaren gutuna eman zuten ezagutzera. Udalak Cruzada Nacionalen hildako soldaduen gorpuak hilerrian eginiko panteoira aldatzeko baimena zuela esaten zen eskutitzean.
  • 1946-3-20. Arte eta Ofizio Eskolan hainbeste urtean aritu eta egin zuen lan bikaina gogoan izanik, Manuel Ferrer maisuari herriaren aldetik agertu zitzaion esker ona aktan idaztea erabaki zuten.
  • 1946-3-11. Loiolako etorbidean zen Azkue eta Konpainia enpresan aldaketak eta zabaltze lanak egiteko baimena eman zizkion Udalak Roman Azkueri.
  • 1946-2-13. Franco zoriontzea erabaki zuten, atzerrian egiten ari zen kanpainaren aurka gogor borrokatzen ari zelako.
  • 1946-2-3. Azpiroz eta 'Aiako Txikia' neurtu ziren zezen-plazan, 8.000 metro egiteko. Azpirozek irabazi zuen 31'01''4/5 denbora eginez. 'Aiako Txikia' erretiratu egin zen, 4.900 metro egin ondoren (19' 08'').
  • 1945-11-26. Hilaren 5ean Udalak hartutako erabakiari buruz alkateak jakinarazi zuen Gregorio Hombrados Oñatibia margolariari olioan Joxe Alzuru alkate zenaren erretratua egiteko eskatu ziola, alkatetza bulegoan zintzilikatzeko, eta herriak 750 pezeta ordainduko zituela. Udalak ontzat hartu zuen alkatearen gestioa.
  • 1945-11-26. Eskuztako ermitarako herriaren aldetik erositako Kalbario bidea, Olazko Andre Mariaren ermitan jartzea erabaki zuten.
  • 1945-11-5. Alkatearen proposamena onartuz, alkate izandako Joxe Alzuru zenaren erretratu bat alkatetzako bulegoan jartzea erabaki zuen Udalak, 'Aita gurea' errezatu zuten ondoren.
  • 1945-7-9. Lagun Onak Kirol Elkarteak txosten baten berri eman zuen. Futbol zelaia egitea garrantzitsua zela zioen.
  • 1945-3-26. Olazko Amaren plazako bosgarren zenbakia zuen etxearen azpian abarketa tailerra zuen Manuel Odriozolari ura sartzeko baimena eman zioten.
  • 1945-1-28. Inazio Agirre eta Modesto Bereziartua aizkolarien arteko neurketa egin zen. Agirrek zortzi enbor 45'' eta lau 54'' zituela eta Bereziartuak, berriz, sei enbor 45'' eta lau 54''. Agirrek irabazi zuen 45' 59'' 2/5 denborarekin. Bereziartua erretiratu egin zen, lanean 45' 15'' denbora egin ondoren.
  • 1944-12-10. A. Indakoetxea eta Klemente Arrue neurtu ziren 10.000 metrotan Azpeitiko zezen-plazan. Indakoetxeak irabazi zuen, 39.19.4/5ean beteta lana. Arrue 4.300 metro 15.09an egin ondoren erretiratu egin zen.
  • 1944-10-30. Eskuztako zelaiko kaperan Joxe Alzuru alkate zenaren izena iraunaraztea erabaki zuten, eta horretarako euskaraz eta gazteleraz inskripzioa jarri zuten.
  • 1944-9-29. Peña Taurina El Andaluz sortzeko baimena eman zuten.
  • 1944-9-24. Lagun Onak Futbol Taldeak bere lehen partida ofiziala jokatu zuen Azkoitian, Alzibar zelaian, Soraluze taldearen aurka. 2-0 irabazi zuen. Joxe Manuel Larrañagak sartu zituen golak.
  • 1944-8-9. Hurrengo larunbatean, hilaren 12an, Joxe Alzuru herriko alkatea izandakoaren arimaren aldeko meza ateratzea erabaki zuten, herritarren artean oroitze atsegina utzi baitzuen.
  • 1944-8-6. Idi-demak jokatu zituzten zezen-plazan, arratsaldez. 30 minutuko txandak egin zituzten eta J. Odriozola izan zen irabazle. Bigarren I. Azkue izan zen eta R. Olabe hirugarren.
  • 1944-7-16. Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkari batekin bildu ziren Lagun Onak Futbol Taldeko kide batzuk.
  • 1944-6-12. El Andaluz Zezenzale Elkartea zabaltzeko Bittor Loinazi baimena eman zioten.
  • 1943-12-5. Asentsio Arrieta Altza eta Zesareo Zulaika Ansorregi norgehiagokan neurtu ziren 60 ontzako bi enbor moztu eta zezen-plazari 60 bira emateko. Altzak 30.37an egin zuen berea, eta Ansorregi 9.19 zeramatzala erretiratu egin zen.
  • 1943-7-26. Egindako eskaerari erantzunez, Basilio Lizaso izendatu zuen Udalak bigarren txistulari.
  • 1943-7-19. Diputazioko presidente Agustin Brunetek, uztailaren 17an azpeitiar alkate San Inazio Tertzioko bandera, Probintziako Jauregiko aretoan jartzeko, Joxe Alzuru eta Tertzioko Manuel Mozoren tenientearen eskuetan jarri zuela esanez agiria bidali zuen.
  • 1943-4-25. Inazio Iriarte eta Narxiso Arrospide aizkolariak neurtu ziren. Iriartek zortzi enbor 60'' eta hamar 36'' ebaki zituen eta Arrospidek zazpi 60'' eta bost 36''. Iriartek irabazi zuen, zazpi segundoko aldearekin; 71'38'' behar izan zituen.
  • 1943-4-12. Gregorio Ansoalderi Foruen ibilbidean bere etxebizitzaren azpian denda zabaltzeko baimena eman zioten.
  • 1943-4-12. Pedro Aizpururi Bustinzuri errebaleko 8. zenbakia zuen etxearen behean abarketa tailerra jartzeko baimena eman zioten.
  • 1943-2-2. Joxe Eizmendi Eizmendi eta Joxe Mari Egiguren Miranda neurtu ziren, 10 enbor 45'' ebaki eta 8.000 metro lasterka egiteko. Eizmendik irabazi zuen.
  • 1942-11-9. Perdillegi eta Aldakaitzeko ermitak ijitoak bertan gelditzeko baino ez zirela kontuan hartuta, haiek lurrera botatzea erabaki zuten.
  • 1942-9-20. Clemente Arrue herritarra eta J. Etxenagusia 'Errezilgo txikia' neurtu ziren zezen-plazan, hamabi eta hamar kilometro egiteko. Lehenenak lana 38.20.1/5ean egin zuen, eta bigarrena erretiratu egin zen 5.700 metro egitean.
  • 1942-8-20. Alkateak adierazi zuen Gregorio Unanue Endaizpe-berri baserriaren jabea baserria tximista batek jota erretzean ezer gabe gelditu zela. Udalak ehun pezetako laguntza ematea erabaki zuen, ganaduak, gariak, altzariak, arropak eta lanerako tresna guztiak galdu zituelako Unanuek.
  • 1942-8-17. Jose Luis Frantzesena musikaria jaio zen.
  • 1942-6-21. Juan Manuel Azpiroz 'Aiako Txikia' eta Eusebio Alberdi neurtu ziren zezen-plazan. Aiako Txikiak 9.900 metro egin zituen eta Alberdik 10.000. Aurrenak irabazi zuen 99 bira emanez, 37.40.1/5ean. Alberdi erretiratu egin zen, 86 bira egin ondoren 31.29an.
  • 1942-4-15. Frantzisko Garate herritarra beatifikatu eta santu egiteko espedientea martxan jartzeko eskatuz, aita santuari gutun bat zuzentzea erabaki zuten.
  • 1942-3-15. Juan Kortajarena 'Ondartza' eta Tomas Astigarraga 'Kataolatza' neurtu ziren triatloi batean: 125 kiloko harri kubikoa jaso 25 aldiz, sei enbor ebaki 72'' eta sei kilometro lasterka zezen-plazan. Esaten da lau milatik gora ikusle bildu zirela. Kataolatzak irabazi zuen, honoko denborekin: harriarekin bederatzi minutu eta 15 segundo, egurrak ebakitzen 64 minutu eta 23 segundo, eta lasterka 28 minutu eta 19 segundo.
  • 1942-2-23. Joxe Mari Oñederrak Zumaiara eginiko bidaien kontua aurkeztu zuen, guztira 940 pezetakoa. Beobide eskultoreak aginduta, Espainiako Gerran hildako soldaduen monumentuan agertuko zen soldaduaren modelotzat izateko. Aurrez 840 pezeta ordaindu zizkioten, baina ezerezean utzi zuten eskaera.
  • 1942-2-9. Matxinbenta auzoan jaio zen Alejandro Oiarzabal Zubiaurre. Frantziskotar ikasketak Arantzazun, Oliten eta abar egin ondoren, 'Jakin', 'Egan', 'Goiz-Argi' eta 'Zeruko Argia'-n idatzi zuen.
  • 1942-1-13. Nuarbe auzoan Angel Otaegi jaio zen. Burgosen (Espainia) fusilatu zuten 1975eko irailaren 27an, Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketan zerikusia izan zuela bizkarreratuz.
  • 1941-11-17. Gestora Batzordeak ontzat hartu zuen Nikolas Zubeldiaren dimisioa, gobernadore zibilak hilaren 13an sinatutako gutunaren berri eman zuenez. Beste gutun baten bidez adierazi zuen Miguel Artetxe eta Joxe Azpiazuren dimisioak ere ontzat hartu zituela.
  • 1941-11-17. Udalbatzarrei hasiera 'Ave María Purísima, sin pecado concebida' esanez ematea erabaki zuten.
  • 1941-11-10. Gestora Batzordea berria osatu zuten, Joxe Alzuru alkate zela, Toribio Azkue eta Manuel Mozo lehen eta bigarren tenienteak, eta Nikolas Uzin, Miguel Artetxe, Joxe Azpiazu, Dionisio Alkorta, Nikolas Arzuaga, Nikolas Zubeldia eta Joakin Altuna gestoreek. Artetxe eta Azpiazuk idatziak aurkeztu zituzten euren karguak alde batera utzi nahirik, 65 urtez gorakoak zirela adieraziz eta gaixorik zeudela ere bai. Alkateak eskatu zuen idatzi horiek gobernadore zibilari bidaltzea.
  • 1941-11-3. Joxe Urbieta 'Takolo' jaio zen. Mendizalea izan zen. Esaterako, euskal espedizio batek Everest munduko mendirik handiena igo zuenean -1980an-, taldeko kidea zen Takolo.
  • 1941-10-27. Herriak unean zuen egoera ekonomiko eskasaz jabeturik, Musika Banda ezerezean uztea erabaki zuten.
  • 1941-10-20. Gobernadore zibilak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Dantza publikoei zegokionez, aurreko alkatearen politika bidea jarraitzea eskatu zuen, eta "ezmoraltasun" guztiak moztea.
  • 1941-10-7. Alkateak jakinarazi zuen Buenos Aires hirian Felix Ortiz eta San Pelayo herritarrak hil zirela.
  • 1941-10-1. Felix Ortiz eta San Pelayo hil zen, Buenos Aires hirian (Argentina).
  • 1941-9-29. Gobernadoreak, ofizio baten bidez, jakinarazi zuen Inazio Egaña alkatetzatik kendu zuela, eta honen tokia lehen tenienteak har zezala. Horrela egin zuen Urbano Azkuek.
  • 1941-9-1. Alkateak Vista Alegre pilotalekuko jabeekin urtebeterako egindako kontratua ontzat hartu zuten. 1.500 pezeta ordaindu zuen.
  • 1941-8-6. Espainiako Gerran hildakoei eskainitako monumentua euriagatik uztailaren 31n ezin izan zenez inauguratu, hilaren 10ean eguerdiko hamabietan inauguratzea erabaki zuten, eta aurrez beharreko gonbiteak zabalduko zituzten.
  • 1941-7-31. Inazio Perez Arregi enparantzan Espainiako Gerran hildakoen omenezko monumentua inauguratzea erabaki zuten.
  • 1941-7-21. Uztailaren 31n, San Inazio egunean, Espainiako Gerran hildako erreketeen monumentua inauguratzea onartu zuten. Parrokian ospatutako meza nagusiaren ondoren inauguratuko zuten monumentua, eta gonbiteak bidaltzea erabaki zen probintziko agintari eta Tertzioko buru eta ofizialei.
  • 1941-6-4. Alkateak jakinarazi zuen Jesusen Lagundiari omenaldi bat eskaini nahi ziotela, bera sortu zeneko IV. mendeurrena ospatuz, baina proposatuz uztailaren 31 baino lehen herriak bere kasa omenaldi berezi bat egitea. Aho batez, batzordea izendatzea erabaki zuten omenaldi hori antolatzeko.
  • 1941-5-20. Alfonso Etxeberria Olazabal jaio zen. 1976an ELAren Kongresuan idazkari nagusi izendatu zuten; 1988an utzi zuen.
  • 1941-4-16. Pedro Diaz Hernandezek idatzitako gutuna irakurri zuten. Bertan, Espainiako Liburutegi Nazionalean Azpeitiko herriari 1785. urtean Carlos III.a Espainiako armen erregeak emandako armarriaren zertifikatuaren kopia bat aurkitu zuela esaten zuen. Armarriak herriaren sorrerako historia jasotzen zuen. Pedro Diaz kopia egoki bat ateratzeko eta udaletxera bidaltzeko eskaini zen, ehun pezeta ordainduz. Eskaintza onartu egin zuten eta kopia bat bidal zezan jakinaraztea erabaki zen.
  • 1941-4-16. Unean herrian zeuden 466 baserri 126 jaberen eskuetan zeuden. Nekazariak edo beraien lurrak lantzen zituztenak soilik 24 baserriren jabeak ziren.
  • 1941-3-23. Espainiako azken gerratean hildako errekete eta soldaduen gorpuak zenbait herritarren hilobietan zeudela jasota eta, Udalarena ez ezik, herritarren gogoa haiek panteoi baten jasotzea zela esan zuen alkateak, beti gogoan izan zitezen. Aho batez diru bilketa egin eta gestioak aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1941-3-13. Mantekape deituriko arkuak erabiltzearren Felipe Oiarzabalek ordaintzen zuen 3'75 pezetako errenta ehun pezetara altxatzea erabaki zuten.
  • 1941-2-17. Sendagile eta botika zerbitzurako, herriko behartsuen zerrenda onartu zuten.
  • 1941-2-17. Gobernadorearen baimenarekin, inauteri igandean sokamuturra kaleratzea erabaki zuten goiz, eguerdi eta arratsaldean, asteartekoa bertan behera utziz.
  • 1941-1-13. Espainiako azken gerratean hildako erreketeen monumentua egiteko 2.500 pezetako laguntza ematea erabaki zuen Udalak.
  • 1940-10-7. Herritarrei segurtasuna eskaini nahirik, gaueko zaindarientzat pistolak edo errebolberrak erostea erabaki zuten, aurretik agintari nagusiei horretarako baimena eskatuta.
  • 1940-10-7. Aho batez erabaki zuten Azoka plazan ziren komunak botatzea, eta jaso zitekeen materialarekin haurren eskolan komunak egitea.
  • 1940-9-16. Espainiako Gerran hildako herritarrei eskainitako monumentuaren proiektua egin zuen Martzelo Gibert arkitektuari Zentsura zuzendaritzak idatzitako ofizioaren berri jakin zuen Udalak, eta proiektua ontzat hartu.
  • 1940-9-16. Ganaduak beste norbaiten lurretan ibiltzea zigorturik zegoen, eta egunez harrapatzen zen buruko 30 maraiko isuna ezartzen zioten jabeari; gauez, berriz, isun bikoitza. Eginiko kalteak ordaindu egin beharko zituzten, gainera.
  • 1940-8-28. Eukaristia asanbladari hasiera eman zioten. Irailaren lehen egunera arte jarraitu zuen.
  • 1940-6-10. Udalak aho batez erabaki zuen aktan idatzirik uztea bere protesta, frankismo mugimenduaren aldeko batzuek Joxe Aizpuru Goenaga zinegotzia kolpatu zutelako.
  • 1940-5-22. Enparantza Nagusian kioskoaren azpian ezkutuko komunak egitea enkantean jarri zuten.
  • 1940-4-15. Kioskoaren azpian egin beharreko komunak enkantera atera zituzten.
  • 1940-4-7. 1939ko azaroaren 13an herriak hartutako erabakia ontzat hartu zuten aho batez; hau da, elizak Olazko Andre Maria patroi izendatzea.
  • 1940-3-20. Elosiaga auzoko eskola egiteko enkantearen baldintzak onartu zituzten.
  • 1940-2-19. Agintariek, aho batez, militarrek hiltzera kondenatua zuten Joxe Odriozola Alberdirentzat indultua eskatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan