Eguna: 5-1

  • 2021-5-1. Arabako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek.
  • 2016-5-1. Espainiako Kick Boxing Txapelketa irabazi zuen Ainara Torviscok, Sevillan (Andaluzia, Espainia).
  • 2014-5-1. Madalenako ospitale berrituko interpretazio zentroa inauguratu zuten.
  • 2011-5-1. Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztutako 254 zerrendak, tartean Azpeitikoa, Espainiako Abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztutako inpugnazioak ontzat emanez.
  • 2010-5-1. Santi Lazkanoren liburuxka biografikoa aurkeztu zuen.
  • 1930-5-1. Herriko argikuntza Bixente Belokik hartu zuen, eta urtean 9.500 pezeta ordaintzen zizkioten.
  • 1922-5-1. Udaletxeko lehen solairua egokitzeko egin behar ziren lanen espedientea martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1899-5-1. Udal frontoia luzatzeko Felix Barrenak egindako proiektua onartu zuten.
  • 1899-5-1. Azoka plaza estalia Urola ibaiaren gainean egitea erabaki zutenez, gobernadoreari baimena eskatzea onartu zuten.
  • 1893-5-1. Dekretutzat hartu zuten horretarako izendatutako batzordeak prestatutako txostena. Eskaera egin zuten 60 biztanle herritar izendatu zituzten, indarrean zen Udal Legearekin bat. Gainera, zera adierazi zuen Udalak: urtearen edozein garaitan deklara zezakeela herritar eskaera egiten zuen edonork. Deklarazioa bakoitzak bakarka eskatu behar zuen.
  • 1872-5-1. Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren. Lehenak adierazi zuen, aurreko egunean Orbea eta biak bakarrik bildu zirenez, bien artean hartutako erabakien berri emateko beste guztiei deitzea erabaki zuela. Besteen onespena lortu nahi zuten. Larrialdi horretan, etortzen ziren etsaiei aurre egiteko inolako indarrik gabe zeudenez, aurrez hartutako erabakia betetzen ahalegintzea erabaki zuten. Herriaren lasaitasuna zaintzen jarraituko zuten Etxanizek eta Orbeak.
  • 1854-5-1. Rodil jeneralak 1834ko irailaren 10ean herriari ezarritako isunari buruz Ramon Iberok aurkeztutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1854-5-1. Herritar Joxe Antonio Olazabalen ordezkoen lurraldean eta Azkoitiko San Juan bainu-etxe inguruan zegoen iturriko ur sulforosoa moztu egin zuten. Orduzkero, San Juango ura ordaindu egin behar izaten zuten etxera eramateko, nahiz eta lehen inolako ordainketa gabe izan. Herritar guztiek egoki iritzi zioten itxitako iturria berriro martxan jartzeari, eta gastuak herriak ordainduko zituen, euren jabeek zituzten eskubideak zapaldu gabe. Iturria zegoen lurjabeekin harremanetan jarri ondoren (Larraar eta Etxenagusia jaunak), martxan jarri zuten.
  • 1851-5-1. Herriko sendagile postua lortu nahirik 23 lagunek eginiko eskaerak irakurri zituzten, eta haiei buruz zerbait gehiago jakiteko batzordea izendatu zuten. Batez ere, haien maisutasuna eta sendaketak egiteko ahalmena aztertu zituzten.
  • 1835-5-1. Tasatu ondoren, Eskuztako zuhaiztia saltzea erabaki zuten.
  • 1815-5-1. Odria, Elosiaga eta Etxaizmendiko baserritarrak kexatu egin ziren, herrian zegoen tropari belarra ematean ez zutelako proportzioan egin. Jakinekoa zen hurbil bizi zirenei ganaduentzat behar zutena kendu egiten zietela, erraztasun osoz. Beraz, banaketa ez zela proportzioz egiten uste zuten. Gertatzen zenaren berri kapitain jeneralari jakinaraztea erabaki zuten, neurriak har zitzan.
  • 1685-5-1. Alarde nagusia igandean egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanleei dei egin zieten. Agertzen ez zenak, 500 maraiko isuna ordaindu behar zuen.
  • 1682-5-1. Parrokiko erretaula nagusia egitea erabaki zuten, aho batez. Batzordea izendatu zuten, herritarren artean egurra eta diru laguntza eskea egiteko.
  • 1638-5-1. Pedro Zabalari 360 zama ikatz saldu zizkioten, diru gehien berak eskaini zuelako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan