Eguna: 10-13

  • 2008-10-13. Uztarria Komunikazio Taldeak, Euskal Herriko beste eragile batzuekin batera, iragarki laburren ataria jarri zuen abian. Helbidea: 'www.iragarkilaburrak.com'. Azpeitiko atala ere jarri zuen martxan: 'uztarria.iragarkilaburrak.com'.
  • 1993-10-13. Zazpi urtean zabalik izan zen Gaztetxea itxi egin zuten, alkatetzak aginduta.
  • 1991-10-13. Euzko Guradosteak Gudari Eguna ospatu zuen herrian, 1937ko urriaren 15ean SantoƱan (Espainia) fusilatutakoak omenduz.
  • 1930-10-13. Aktan idatzi eta Espainiako Gobernuari protesta egitea erabaki zuen Udalak, artean indarrean zelako 1839ko urriaren 25ean ezarritako legea.
  • 1862-10-13. Alkateak Santo Domingo komentua izandako lurretan etxebizitzak egiteko sortutako hiru zatiren neurri eta balorazioak aurkeztu zituen, erremate publikoan salketa egiteko baldintzen berri emanez. Udalak erabaki zuen ontzat hartzea eta errematea egiteko eguna hil haren 21a izendatzea, goizeko hamaiketan.
  • 1851-10-13. Santiago kaleari buruzko arauak onartu zituzten, eta bertako etxeen jabeekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1833-10-13. Iturbek azpeitiar gazteei armak hartzeko agindu zien, "ideia justuak" defenditzeko.
  • 1799-10-13. Herri Batzar nagusian ordura arte herriak saldu zituen lurrei eta baratzei buruz hitz egin zuten, kontuan izanik haien balioa 165.795 errealekoa eta hamalau maraikoa izan zela. Guztia gogoan izanik, agintariei eskriturak sinatzeko ahalmena eman zieten, erosleek ematen zuten diruarekin herriak zituen zorrak ordainduz.
  • 1799-10-13. Diruzain bat izendatzea egoki ikusi zuten, salmenten diruak kobratzeko eta zorrak ordaintzeko. Altuna eta Maiora erregidoreei eman zieten horretarako ahalmena.
  • 1799-10-13. Errukietxea zaindu eta indartzeko hartu beharreko neurriez eztabaidatu zuten udaletxean. Alzagak unean errukietxearen diru kontuak azaldu zituen, eta bertan ziren behartsuei behar bezala erantzuteko ezinean zela jakitera eman zuen. Beraz, herriaren eskuetan zen Pedro Altuna Arostegiren memoria erabiltzea erabaki zuten, baita herrian zeuden beste memoria batzuk ere.
  • 1765-10-13. Urrestillan iturri berria egitea erabaki zuten.
  • 1697-10-13. Herri Batzar nagusian onartu zuten agintarien aldetik osatutako zerrenda. Prezio berriak jarri zizkioten burdinoletarako materialari.
  • 1697-10-13. San Agustin monastegiko prioreak egurra eskatu zuen, han egiten ari zen obrekin jarraitzeko, eta herriak baimena eman zion. Garraioa egiteko, berriz, batzarrean zeudenen artean osatu zuten zerrenda.
  • 1684-10-13. Ahalmena eman zioten herriko fielari herriaren izenean Izarraitzen izoztegia egiteko obrak bere gain hartu zituzten hargin eta zurginekin beharrezko gestioak egin zitzan, sinatutako eskrituran aipaturiko baldintzak bete zitzaten.
  • 1593-10-13. Domingotar fraideak plaza ondoko Martin Parez Zabalaren baratza erosi nahian zeuden komentua egiteko, eta herriari iruditzen zitzaion horrek kaltea zekarrela. Abokatu batekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1593-10-13. Enparantza ingurutik ibaiaren beste aldera behin-behineko zubia egitea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan