Eguna: 12-13

  • 2017-12-13. Epaileak berretsi egin zuen Josu Urbietari Jean-Serge Nerin poliziaren hilketan zerikusia izateagatik ezarritako 16 urteko kartzela zigorra, helegitea ebazteko epaiketan.
  • 2012-12-13. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako epaitegi berezi batek Josu Urbieta 'Pow'-ri, ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta.
  • 2012-12-13. Auzarazarako Plan Berezia behin betiko onartu zuen Udalak.
  • 2003-12-13. Euskal Herriko Tramitazio Egun Nazionala ospatu zuten herrian, eta Bai Euskal Herriari ekimenak EHNA bideratzeko deia egin zuen.
  • 2003-12-13. Maje Larrañaga Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari izendatu zuten. Lehenengo emakumezkoa izan zen Mendi Bazkunako presidente karguan; denera, elkartearen historiako 26.a.
  • 2001-12-13. Antonio Aranaga 'Auntxa' soinujolea hil zen, Urrestillan.
  • 1989-12-13. Udal Liburutegiak egoitza berria estreinatu zuen: Enparan dorretxean.
  • 1934-12-13. Solfeo Eskolaren eta Udal Musika Bandaren arautegi berria onartu zuen Udalak.
  • 1934-12-13. Alkateak jakinarazi zuen arkitektu batek lagunduta Guardia Zibilarentzat egin nahi zuten kuartela eraikitzeko San Millango markesaren lur sail batean izan zirela, baina ez zuela inolako erabakirik hartuko nolakoa egingo zen erabaki arte.
  • 1908-12-13. Urolako tranbiaren proiektua bertan behera gelditu zen albistea jaso zuten. Proiektu horretan parte-hartzaile ziren herriek aurreratutako dirua itzultzeko eskatzeko akordioa hartu zuten.
  • 1908-12-13. Espainiako Kongresuko lurraldeko diputatu Manuel Senanteren telegrama eta gutun baten bidez jakin zuen herriak Santo Domingo komentuaren jabetza herriari eman ziotela.
  • 1905-12-13. Alkateak herritar batzuen eskutik jasotako proposamena izan zuen hizpide. Proposamena San Tomas ondoko egunean -abenduaren 22an- ganadu lehiaketa antolatzea zen. Gaiari buruz hitz egin ostean, lehiaketa hurrengo urteko inauteri astelehenera atzeratzea erabaki zuen, antolatzeko nahiko astirik ez zutelakoan.
  • 1882-12-13. Herrian errukietxea zabaltzeko Gipuzkoako Diputazioak egindako txostena irakurri zuten. Udal Ogasun Batzordeak adierazi zuen ezinezkoa zela errukietxeari sakrifizio handiagorik eskatzea, ekonomia aldetik nahiko egoera larrian baitzen, eta bere esker ona adierazteko modutzat gehienez bertara joaten ziren gurasorik gabeko ume bakoitzagatik erreal laurden baten jaitsiera egitea proposatu zuen, kontuan izanik bost urtez azpikorik ez zela hartuko bertan. Udalak Diputazioari horixe adieraztea erabaki zuen.
  • 1852-12-13. Azken ekainaren 7an hartutako erabakia jakinarazi arren, Iturriagatxoko baserritarrak eta Genaro Enparan jabeak berean jarraitzen zutela jakinarazi zuten. Hau da, erorita zen Elormendiko ermitaren inguruko zelaian arropak eguzkitara jartzen ez zieten uzten herriko garbitzaileei. Gobernadorea jakinaren gainean jartzea erabaki zuten.
  • 1815-12-13. Frantziako eta Espainiako tropei egindako hornikuntzak medio, Azpeitiko herriak lau milioi errealeko gastua egin zuen. Hori zela-eta, Frantzisko Joxe Enparani erregearen kontseiluan gestioak egiteko eskatu zioten, herriarentzat laguntza lortzeko.
  • 1783-12-13. Eguberrietan herria argitu nahirik, San Agustin eta Santo Domingo komentuetako fraideei idaztea erabaki zuten, hiru gauetan komentuak argitzeko eskatuz.
  • 1551-12-13. Frantzisko Ibañez Garagarzak Enparan eta Soreasu errotak hartu zituen errentan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan