Eguna: 4-21

  • 2020-4-21. San Martin egoitzako langileei PCR probak egiten hasi ziren.
  • 2018-4-21. Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi zuten Azpeitiko Rallysprinta, laugarren urtez jarraian.
  • 2012-4-21. Bernardo Aizpitarte 'Kabra'-ren biografia aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak.
  • 2005-4-21. Bi tximinik su hartu zuten egun berean: Salbe auzoan eta Arana kalean. Ez ziren sute handiak izan.
  • 2002-4-21. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatu zuten Azpeitian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. Euskal Herriko ikastolen elkartean biltzen diren bost lurraldeetako ikastola bana etorri zen. Arabatik: La Puebla de Labarkako Assa ikastola. Bizkaitik: Leioa-Getxoko Betiko ikastola. Iparraldetik: Hazparne ikastola. Nafarroatik: Tuterako Argia ikastola. Gipuzkoatik: Ikasberri bera izan zen.
  • 1980-4-21. Leon Lopetegi hil zen, Deustuan. Jesuita, historialaria eta euskaltzalea zen.
  • 1966-4-21. Espainiako Estatuko Ipar Uren komisaldegiari baimena eskatzea erabaki zuten, Sagota-erreka, Señaratz-erreka, Erreka-zahar eta Aratz-errekako urak herriak bere beharretarako hartzeko.
  • 1936-4-21. Azpeititik Loiolarako errepidea egiteko Diputazioari proiektua eta aurrekontua osatzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1890-4-21. Udal frontoiko frontis gainean alanbre galbanizatuko sarea jartzea erabaki zuten.
  • 1839-4-21. Diputazioak herriari zerga bat ezartzeko erregutu zion. Baina honek erabaki zuen erantzutea ezinezkoa zela, herritarrak lur jota baitziren, gutxienez 348.311'23 maraiko zorrei aurre egin behar izan baitzioten. Bestalde, azkenaldian ardoari eta haragiari ere zergak ezarri behar izan zizkieten eta, gainera, gutxienez 440.000 erreal zituen herriak eskuratzeko, bertan izan ziren tropei aurreratutako generoengatik. Beraz, horiek eskuratu bitartean beste zerga bat ezartzea ez zen egokia.
  • 1819-4-21. Faustino Arevalo Loiolako Ikastetxe Errealeko erretoreak egindako eskaeraren berri eman zuten. Unean bertan ziren 23 lagunentzako 100 zama egur erregutu zituen, eta herriak erabaki zuen Arevalok mendi eta basoen ikusleak aukera zitzala.
  • 1766-4-21. Matxinada zapuztera zetorren espedizioa goizean iritsi zen herrira, eta atxiloketak egin zituen berehala.
  • 1719-4-21. Herriak osatu behar zituen hiru soldadu konpainien buruak izendatu zituzten.
  • 1703-4-21. Maiatzaren 11n Gatzagara irtengo zuten 28 soldadu herritarren zerrendaren berri eman zuten. Han onpainiak osatu ondoren, Madrilera abiatuko ziren. Sarjentu nagusi bezala Frantzisko Joseph Enparan joango zen; kapitain, Joxe Antonio Azkue; alferiz, Domingo Basazabal; eta sarjentu, Manuel Eizmendi. Tertzioko maisu bezala Tomas Idiakez Ipiñarrieta zuten.
  • 1703-4-21. Errenterian ospatutako Batzar Nagusiek herriei tokatzen zitzaizkien fogeraren zorrak ordaintzeko agindu zuten. Baina Azpeitiari ezinezkoa zitzaion zor zituen 3.000 erreal ordaintzea eta, beraz, basoak erosi zituen Inazio Zuloagari 1.800 erreal aurreratzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1699-4-21. Urrestillako tabernako hornitzaileari 120 errealeko isuna ezarri zioten, bi egunetan ardorik gabe izan baitzen taberna.
  • 1681-4-21. Batzordea izendatu zuten parrokiko kanpai txikia funditzeko herrian zeuden kanpai egileekin harremanetan jartzeko.
  • 1629-4-21. Herrian ospatzen ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan lekuko izango zirenak izendatu zituzten. Herriko agintaritzan zirenak ez ezik beste zenbait herritar berezi ere izango ziren lekuko; tartean, Pedro Egurza, Juan Perez Altuna, Pedro Usabaraza, Juan Lopez Ondarra, Juan Saez Goiaz, Miguelo Gerrenzuri, Pedro Mandiolaza, Juan Larraar, Domingo Kortaberria, Pedro Rezusta, Juan Larralde, Pedro Rekarte, Domingo Alkorta, Pedro Zulaika, Portu, Roteta eta Usabaraza lizentziatuak, Mateo Jauregi eta abar.
  • 1580-4-21. Monastegiko atezaindegia egiteko Frantziskanetako lekaimeek Pedro Egaña maisu harginarekin kontratua sinatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan