Eguna: 3-29

  • 2010-3-29. Ramon Etxezarretak aurki Hizkuntza Sailburuordetza utziko zuela iragarri zuen.
  • 2003-3-29. Arkaitz Nogalesek Lausanako Munduko Kros Txapelketan hartu zuen parte, junior mailan.
  • 2003-3-29. Udaletxeko areto nagusian Ildefonso Gurrutxagari buruzko bi liburu aurkeztu zituzten: 'Reflexiones sobre mi pais' eta 'Aprendamos nuestra historia'. Gurrutxaga azpeitiarra abokatua, historiografoa eta politikaria izan zen.
  • 1988-3-29. Iñaki Azpiazu hil zen, Buenos Aires hiriko klinika batean.
  • 1984-3-29. Epaitegia egiteko, inolako ordainketa gabe eta jabetasunean, lur zati bat eskaintzea erabaki zuten.
  • 1973-3-29. Lagun Onak Mendi Bazkunaren txokoa jartzeko, Eliz kaleko 31. zenbakia zuen etxearen behean obrak egiteko baimena eman zioten Kepa Ibarzabali.
  • 1962-3-29. Inspektorearen txosten mesedegarria ikusi ondoren, Leon Egigureni hotel bat egiteko baimena eman zioten.
  • 1909-3-29. Frantzisko Mari Alberdiri herriak auzia jartzea erabaki zuten, apustu eta enparantza ixteari buruz agintariak iraindu zituelako.
  • 1849-3-29. Eliz kalean ziren Indokua, Txapakua, Bikuñaenea eta Santikua etxeen jabeei, hondamen itxura agertzen zutelako eraikin horietan txukunketa lanak egitea agindu zieten.
  • 1847-3-29. Politiko Nagusiak eginiko eskaerari erantzunez, herriaren plano geometriko bat egiteko Bixente Unanue arkitektua izendatu zuten.
  • 1814-3-29. Erretoreordearen aginduaren berri emanez eta gutunari erantzunez Politiko Nagusiak idatzi zuen: Fernando VII.a erregearen etorrera ospatzeko jaialdiak egitea eskatu zuen, gutxienez hiru gauetan argikuntzak eta 'Te Deum' kantatzea parrokian. Agindua osorik betetzea erabaki zuten.
  • 1810-3-29. Agintariek Antonio Erzilla udaltzaina deitu zuten, Inozenzio Ogarrori herriaren gutuna eramatera joan baitzen, eta haren erantzuna jakin nahi zuten. Ogarrok herriko agintariek kaskamotz batzuk zirela eta haien beldurrez ote zen pentsatzen ote zuten eta bazkaltzea amaitu berri zuenez, hurrengo egunean idatziz erantzungo zuela' erantzun zuela azaldu zuen udaltzainak. Agintariek, Ogarrok beregan egindako Enparan errotaren errematea aintzat hartzen ez zuela ikusita, nahiz eta herria arrisku izugarrian aurkitu unean bere beharrei erantzuteko, probintziako Kontseiluari Enparango errota saltzeko beharra agertu zioten, eta herriaren aurka indarkeririk ez erabiltzeko eskatu zioten.
  • 1810-3-29. Ogarrori agindutako epean 27.000 erreal ordaintzen ez bazituen gerta zitezkeen kalteak bere gain hartu beharko zituela idaztea ontzat hartu zuten; hilaren 30ean indar armatuaren zigorra jasoko zueneko mehatxua zuen herriak.
  • 1747-3-29. Korrejidoreak zenbait gairi buruz eginiko galderak erantzuten zituen herriak, beste gauza batzuen artean esanez: herrian, orduan, 57 pertsona zirela agintaritza eskura zezaketenak; ez zela azokarik egiten; 11 burdinola zeudela martxan eta beste 19 geldirik, azken mendean ikatza aurkitu ezinda gelditu zirelako, eta abar.
  • 1701-3-29. Parrokiko korurako eskaileraren baranda amaituta zegoenez, kolorea emateko Bergarako margolari batekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1701-3-29. Bataioko kapera apaindu nahian, bertan Martin Zaldua maisuari harrizko ganga bat egiteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1686-3-29. San Agustingo priorearen eskaerari erantzunez, kanpai bat funditzea erabaki zuten, herriak ordainduta. Eskritura egin zen parrokiko kanpaia egitera herrira etorri zen lagunarekin.
  • 1678-3-29. Aurreko urteko San Inazio jaietarako Tuteratik ekarritako zezenak ordaindu gabe zeudela jakinarazi zuten, orduan dirurik ez zuelako herriak. Pedro Jimenez zezenen jabea herrira kobratzeko asmotan etorri zela esan zuten. Zezenak eta Jimenezen bidaia ere ordaintzea erabaki zen.
  • 1547-3-29. Andres Etxanizi herriko sarreratik Harzubiko zubira bitartean eginiko galtzadagatik ordaindu zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan