Eguna: 10-18

  • 2020-10-18. IƱaki Irigoien gidari iruindarra hil egin zen Urrakiko XXXVIII. Igoerako entrenamendu saioan.
  • 2020-10-18. Alaia Juaristi patinatzaileak Rollerskien Espainiako Txapelketa irabazi zuen, 18 urtez azpiko patinatzaileen moldalitatean.
  • 2017-10-18. Soreasuko Sormen Gunearen aurreproiektua aurkeztu zuten jendaurrean.
  • 2014-10-18. Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek XXXVIII. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten, Seguran.
  • 2013-10-18. Azpeitiko Emakumeon Topaketak egin zituzten, lehen aldiz, urriaren 18an eta 19an.
  • 2012-10-18. Mireia Epelde txirrindulariak taldez aldatu eta Michela Fanini italiar taldearekin urtebeterako kontratua sinatu zuen.
  • 2005-10-18. Pako Aristik 'Note Book' liburua aurkeztu zuen, Donostian, Erein argitaletxearen eskutik. 75 ipuin eta apunte laburrez osatutako liburua da.
  • 1987-10-18. Herrian Topaketak-87 ekintzak ospatu zituzten. Hemeretzi abesbatza bildu ziren, eta Akilino Amezua azpeitiar organo-egilea gogoratu zuten.
  • 1966-10-18. Aho batez erabaki zuten Azoka plaza handitzeko 1.462.342,49 pezeta ordaintzea. Gipuzkoako Diputazioak 453.000 pezeta eman zituen aurretik.
  • 1869-10-18. Probintziko Irakaskuntza Publikoaren Juntak bidalitako idatzia irakurri zuten, eta euren postuetatik kendutako Pedro Parodi eta Joxe Joakin Senperena maisuei buruz zenbait datu eman zituzten.
  • 1833-10-18. Probintziko karlista altxamenduaren buru Inazio Lardizabalek beste bando bat eman zuen, hark zuzentzen zuen dibisioarekin bat egiteko aginduz herritar ezkongabe guztiei, tertzioetan zirenei.
  • 1793-10-18. Probintziaren eskaerari erantzunez, Irunera bidalitako hargin eta zurginek emandako informazioaren berri eman zuten: euren soldata mozturik gelditu zela zioten -batez ere eguraldi txarrak izatean marea igotzean-, eta galera handiak sortu zirela. Probintziari kexa bidaltzea erabaki zuten, ahal izanik neurriak hartzeko eskatuz.
  • 1711-10-18. Herrian ondasunak zituztenei albistea pasatzea erabaki zuten, San Agustin komentuko obretan nolabaiteko laguntza emateko eskatuz. Aurrez, agintariek eurek eskainitakoa ahalik eta azkarren ordain zezatela eskatu zuten.
  • 1699-10-18. Jazinto Zabaliak egurra eskatu zuen, erretako Aizaga baserria berriro altxatzeko, eta baiezkoa eman zioten Udalaren aldetik.
  • 1682-10-18. Lehenengo igandean jakinaraztea erabaki zuten herri barruan lastoa zutenek zortzi egunen barruan atera beharko zutela, sua eragiteko arriskua handia zelako, eta mila maraiko isuna ezarriko ziotela lastoa etxera eramaten zuenari.
  • 1682-10-18. Parrokien bidez erabaki zuten zabaltzea herri barruan edo baserrietan kanpoko behartsuei ostatua ematea debekaturik zela egunez edo gauez, bostehun maraiko isunaren mehatxupean kasu bakoitzeko. Garbi ikusi zuten azkenaldian kanpotar behartsu asko geratzen zela herrian eta limosna asko jasotzen zutela, herritarrek behar handiak zituzten bitartean. Alkateari eskatu zioten eskean ziren behartsuen berri ongi jakitea eta bere baimenik gabe herrian ibiltzen ez uztea.
  • 1682-10-18. Urrestillan hazten ari ziren utzitako mutikoak zazpi urte bete zituen, eta aurrerantzean herriaren aldetik laguntzarik ez ematea erabaki zuten.
  • 1592-10-18. Santo Domingo komentuko bi fraide herriaren inolako baimenik gabe limosna eskean ibili zirela jakitean, neurriak hartzea erabaki zuten, horrela ibiltzea ohitura ez zedin bihurtu.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan