Eguna: 12-21

  • 2012-12-21. Urteko Europako Argazkilarien Txapelketan, erretratuen sailean, Urrezko Kamera saria irabazi zuen Xanti Rodriguez argazkilariak.
  • 2007-12-21. Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak 'Urolaldeko bertso zaharrak' bilduma berrargitaratu zuten, CDan.
  • 2005-12-21. Udalak Xabin Aranaga lasterkariari eman zion urteko kirolaririk onenaren saria.
  • 1998-12-21. Ingurumen etxea inauguratu zuten.
  • 1991-12-21. Xabier Aranbarri Elorriaga eta Juan Manuel Erasun neurtu ziren 72 ontzako sei enbor eta 54ko hamalau ebakitzeko. Elorriagak bere lana 81.21ean egin zuen eta Erasunek 84.49an.
  • 1988-12-21. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek Iraurgi Lantzen Elkartea aurkeztu zuten, udaletxean. Eurek sortu zuten.
  • 1961-12-21. Inazio Ezeiza eta Jesus Azkune 'Igate' neurtu ziren, 45 ontzako lau enbor eta 36ko beste lau ebakitzeko. Ezeizak irabazi zuen; lana 13.26.3/5ean egin zuen. Igatek 15.40.4/5ean egin zuen.
  • 1952-12-21. Eusebio Alberdi eta Anastasio Orbegozo neurtu ziren, 36 ontzako sei enbor eta 45eko lau ebakitzeko. Alberdik irabazi zuen, lana 13.59an eginez. Orbegozok 14.16.4/5ean egin zuen.
  • 1948-12-21. Harrijasotzaile lehiaketa egin zuten Azpeitiko plazan. Norgehiagoka berrehun kiloko harri errektangularrarekin egin zuten. Joxe Odriozolak 65 jasoaldi egin zituen, Domingo Lizasok 57, Santiago Otaegik 56, Antonio Landak 43 eta Santos Iriarte 'Errekartetxo'-k lau bider lau minututan, bigarren saiorik egin gabe.
  • 1876-12-21. Herriak azokara etortzen ziren saltzaileei zergak kobratzea erabaki zuen. Toki estalietan metro kuadroko bi erreal eta estali gabekoetan erreal bat. Herriko saltzaileei, berriz, besteen erdia kobratzea onartu zuten.
  • 1851-12-21. 'Artxola' eta Zuaneta palankariak neurtzekoak ziren zortzi librako palankarekin aritzeko, baina Zuaneta ez zen agertu.
  • 1850-12-21. Euskal probintzietan Espainiako Estatuko ondareen administrari Joakin Lopez Quintanak abenduaren 18an sinatutako gutunean, urriaren 8an bidalitako eskutitzean esanikoak gogorarazi zituen. Hau da, Santo Domingo komentua zen horretan denda publikoa jartzeko aukera. 1849ko urriaren 30ean emandako erret ordenak esaten zuen moduan, zortzi eguneko epean erantzuteko eskatu zioten Azpeitiko herriari, erantzunik ezean ezezkotzat hartuko baitzen. Administrariari erantzutea erabaki zuten, urriaren 8an idatzitako gutuna herriak ez zuela jaso, baizik eta abuztuaren 14koa eta irailekoa. Gutun haietan, bertan behera utzitako komentuen eraikinen egoeraz galdetu zuten, baita Santo Domingoko komentuan karabineruentzat kuartelik egin al zitekeen ere, eta zer kostu izango lukeen. Herriak Santo Domingoko komentua zerbitzu publikorako ematea ontzat zuen eta, hala izango zen jakin nahi zuenez, Jose Manuel Aranburu Gasteizko biztanlearen bidez administrariari gutuna bidaltzea erabaki zuten.
  • 1840-12-21. Herriak San Agustin komentua eskatu zion Espartero jaunari.
  • 1678-12-21. Iraetako zubiari buruz Udalak idatzitako gutun guztien berri eman eta jasotako erantzunak ere irakurri zituen. Proiektu horretarako herriaren ordezkari Antonio Azkue izendatu zuten eta Zestoako ordezkariarekin harremanetan jartzeko eskatu zioten. Bien artean erabakitzen zutena aurrera eramateko, bi Herri Batzarren onarpena beharrezkoa zen.
  • 1667-12-21. Eguberri bigarren egunez parrokien bidez jakinarazi zieten herritar guztiei Errege egun arratsaldean, euren armak, sokak eta balak zituztela ohiko alardea egiteko enparantzan bildu behar zutela. Sarjentu, Jazinto Egurza, Frantzisko Eizagirre eta Juan Odriozola erregidoreak izendatu zituzten.
  • 1667-12-21. Korrejidorea eta bere Audientzia herrian izango ziren, eta sagardo gutxi zegoen; urtea bukatzerako amaituta izango zen sagardoa. Bera, fidelari bi kupel baino ez saltzea agindu zioten eta bi horiek amaitu orduko beste bi jartzeko salgai jartzea.
  • 1537-12-21. Pedro Irigoienek eskritura bidez Ibar-luze kapera sortu zuen parrokian.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan