Eguna: 8-10

  • 1896-8-10. Joakin Sanchez Toca Bergarako lurraldeko gorteetako diputatuak Madrildik idatzi zuen, herriari epaitegia berriro martxan jartzeko baimena eman ziotela adieraziz. Gastuei herriak edo probintziak egin beharko zien aurre. Udalak gaiaren inguruan egin beharreko gestioak egiteko eskatuz idaztea erabaki zuen.
  • 1896-8-10. Azken festetan hildako zezenek behar adinako pisurik ez zutela-eta, zinegotzi batek egindako proposamena ontzat hartu eta hurrengo urteetarako honoko baldintza jartzea erabaki zuten: hiltzeko zezenek gutxienez 32 erralde pisatu beharko zuten eta 30 erraldetik beherakoei 125 pezetako isuna ezarriko zieten.
  • 1868-8-10. Joan Amezuak adierazi zuen parrokiko organoa ikusteko Sevillako (Espainia) katedraleko lehen organo-jole Manuel Caballero izendatu zuela.
  • 1868-8-10. Tomas Agirrezabalaga eta Olazko ermitaren inguruko biztanleek Harzubitik Loiolarako bidean, ermitaren parean, 'Salbe' inskripzioa zuen monolito bat altxatzeko eskatuz idatzi zuten, asko baitziren pare horretan 'salbe' esaten zutenak. Horretarako ermitan bildutako 416 erreal eskaini zituzten. Harria inguratzeko ere prest azaldu ziren, eta 600 edo 700 errealeko laguntza eskatu zuten. Elizak 600 erreal ematea erabaki zuen.
  • 1787-8-10. Parrokiko erretoreak Ondasun Plana proposatu zuen. Bertan, parrokiak jaunartzen zuten 2.700 arima zituela jakitera eman zuen. Herri osoak 4.706 arima zituen, eta hirutik bat baino gutxiago Urrestillak.
  • 1784-8-10. Errukietxeko herritarren kongresua ospatu zuten.
  • 1774-8-10. Unean zen ganadu izurriteagatik, Korostirzu eta Largarate inguruan ganadu bakarren batzuk hil zirela azaldu zuen Eizagirre erregidoreak. Inguruko baserritarrei zortzi egunean zehar ganadu bakar bat ere etxera ez sartzeko eta txahalak kanpora ateratzeko agintzeko ahalmena eman zioten erregidoreari. Eizagirreren aginduz, txabola batzuk altxatzea ere erabaki zuten, eta guardiak jarri zituzten txabola atarietan ingurura ganadurik ez azaltzeko.
  • 1704-8-10. San Agustin komentuko prioreak egindako eskaera kontuan hartu eta, eliza nagusia egiteko maisuarekin tratua egin zuenez, lau urtean herriak ehun dobloi ordainduko zizkiola erabaki zuten.
  • 1704-8-10. Eizmendi auzoko ermitako lanak herriak amaitzea erabaki zuten.
  • 1702-8-10. Diputazioak, erreal zedula bidez, Italiaren aurkako borrokan erregearen armak irabazle suertatzeko erregutuz errogatibak egitea eskatu zuen. Parrokiko apaizei hori lortzeko saia zitezen eskatzea erabaki zuten.
  • 1702-8-10. Herriak agindu bezala, eta ohiturari jarraituz, lurraldeko mugak ikusi zituzten. Sei urte igaro ziren azkeneko aldiz herriaren lurraldeko mugak ikusi zituztenetik.
  • 1701-8-10. Miguel Esnaolak parrokiko koruko eskaileraren baranda amaitu eta jarri zuen, eta lana ikusteko Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1689-8-10. Parroki atzeko iturriko ura zikindu egiten zela-eta kexak izan ziren, eta inguruan harria ateratzea eta lurra mugitzea debekatzea erabaki zuten.
  • 1682-8-10. Ospitalean abuztuaren 1ean izandako suteari buruz hitz egin zuten, konponketa lanak egiteko neurriak hartu nahi zituztelako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan