Eguna: 6-26

  • 2001-6-26. Errezildik Azpeitira bidean den Errezil ibaian arrain ugari hilda agertu ziren.
  • 1991-6-26. Ibaieder eta Urola ibaian 50.000 bat arrain hilik agertu ziren, bi urte lehenago itxitako Española de Metales enpresatik hiru mila litro azidok ihes egin zutelako.
  • 1929-6-26. German Alberdi sendagile eta herriko osasun inspektore izendatzea erabaki zuten.
  • 1893-6-26. Probintziako senadore eta diputatuei idaztea erabaki zuten, ahalegin guztiak egin zitzatela eskatuz herriko epaitegia berriro zabaltzeko.
  • 1809-6-26. Frantziar aldekoek salatuta, atxiloketak egin zituzten. Atxilotuen artean Frantziskanen kaperaua eta Matxinbentako bikarioa zeuden.
  • 1808-6-26. Zabalaga baserrian izandako sutearen berri eman zuten. Hura ikustea erabaki zuten, derrama kobratzeko.
  • 1797-6-26. Probisio erreala eman zioten herriari bi azoka ospatzeko, bat astean behin ale eta generoentzat eta bestea hilean behin ganaduarentzat.
  • 1766-6-26. Lehenik Diputazioak eta ondoren Hondarribiko Batzar Nagusiak eginiko debekua ontzat hartu zuten. Beraz, urte hartan herriko festetan zezenketarik ez antolatzea erabaki zuten.
  • 1719-6-26. Donostian zeuden herriko hiru konpainietako kapitainek dirua, ogia eta ardoa eskatu zuten. Herritar bereziei deitu zieten gaiari buruz hitz egiteko, eta zilarrezko berrehun ezkutu, lau zama ogi eta beste bi zama ardo bidaltzea erabaki zuten.
  • 1691-6-26. Herriaren beheko sarrera aldean eta Madalenan behiak zituztenei agindu zieten behiak Izarraitzera edo beste nonbaitera ateratzeko, inguruko baratza eta zelaietan sartzen zirelako. Agindu hori betezen ez zuenak behi bakoitzeko 50 errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1676-6-26. Murgildurik amuarrainak harrapatzea debekatu zuten, mila maraiko isunaren azpian.
  • 1676-6-26. Juan Apaeztegi izendatu zuten parrokiko pulpituetako txapelak egiteko, Iruñeko apezpikuaren baimena jaso zuelako herriak.
  • 1640-6-26. Korrejidoreak falta ziren hamalau soldaduak bidaltzea erabaki zuen, bestela zigor gogorrak ezarriko zirelako. Bidalitako soldadu bakoitzari ehun erreal eman beharko zizkioten, aurrekoei bezala. Herria inolako dirurik gabe zenez, norbaiti dirua eskatzea erabaki zuten, ahalik eta azkarren bueltatuko ziotela jakinaraziz.
  • 1600-6-26. 1593ko eta 1594ko uholdeek Enparan eta Ondarra zubietan eginiko kalteak ezin zituen konpondu Udalak. Hori dela-eta, zentsu batzuk saltzea erabaki zuten.
  • 1538-6-26. Parrokiko elizan ziren agintarientzako aulkiei buruz Loiolako Juan Borjak emandako baimenak auziaren bidea jarraitzen bazuen ere, aulki horiek Epistola aldean eta Loiolako jaunaren parean jartzea erabaki zuten. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, gutxienez 30.000 dukat ordaindu beharko zituelako eta agintariek toki bereziagoa merezi zutelako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan