Hamarkada: 1960

  • 1969-12-8. Martzelino Aranburu 'Keixeta'-ren semeak hiru ordu eta erdian 4,50 metroko zirkunferentzia zeukan enborra ebaki zuen zezen-plazan. Apustua izan zen zortzi ordun ezetz ebaki. 47 urte zituen Martzelino Aranburuk orduan.
  • 1969-10-7. Atzegi Elkartearen alde zekorketa jaialdia ospatu zuten herrian, eta hurrengoek hartu zuten parte: Alfredo Urbina 'El gran Babali', Miguel Angel Iriarte 'Miguelito Sarralle', Iñaki Iztueta 'Aia' eta Antonio 'El Campín'-ek.
  • 1969-8-2. Luis Lopetegi 'Agerre I.a' hil zen. Sasoi onenean izan zenean areriorik ez zuen aurkitu harri kubikoak altxatzen.
  • 1969-6-8. Antxieta Jakintza Taldeko sortzaile eta kide Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekaingo margoak aurkitu zituzten, Zestoan.
  • 1968-10-30. Jesuitinen buruak Enparan kaleko 20. zenbakiko eraikina lurrera botatzeko baimena eskatu zuen, eta Udalak baiezkoa ematea erabaki zuen.
  • 1968-9-5. Alkateak jakinarazi zuen, lantegietako nagusiekin eta kontratistekin harremanak izan ondoren, eskaintzak jasotzeko asmotan zela, herriko Azoka plaza zaharra lurreratu ondoren hango materialak saldu nahirik. Jaso zituen eskaintzen artean, onena Inazio Mari Olaizolak eginikoa zela esan zuen, 28.365 pezeta emango lituzkeelako burdinagatik eta beste 21.635 pezeta gainontzeko materiala bereganatzeko. Ontzat hartu zituzten eginiko eskaintzak.
  • 1968-7-17. Nikolas Zubeldiak Kasino Hotela lurreratzeko baimena eskatu zuen, hura eta Vista Alegre frontoia zen tokian kirol leku bat egokitzeko, eta Roberto Martinezek egindako proiektua aurkeztu zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1968-1-11. Kresala Taldeak Ondarrun 'Mariñelak' zartzuela estreinatu zuen, Joxe Mari Altunaren musika eta Agustin Zubikarairen hitzak zituela.
  • 1967-11-12. Bengoetxea eta 'Arriya II.a' neurtu ziren sei enbor 80 ontzakoak ebakitzen. Lehenenak irabazi zuen, 45.17 behar izatean, eta bigarrenak 51.14.
  • 1967-10-26. Alkatearen proposamena ontzat harturik, aho batez erabaki zuten korporazioaren atsegina aktan jasotzea, herriko Joxe Artetxe Aranbururi Argentinako Errepublikako Sariaren plaka ematean. Egokitzat hartu zen zorionik sutsuenak ematea.
  • 1967-10-15. Latasa eta Mariñelarena bikotea eta 'Arriya' anaiek osatzen zutena neurtu ziren aizkoran, 60 ontzako hamasei enbor ebakitzeko. Aurrenak irabazi zuen, 47 minutu eta 53 segundotan; bigarrenak 51 minutu eta hamasei segundo behar izan zituen.
  • 1967-9-7. Herriko zenbait elkarteren izenean, hilaren 18tik 25era Euskal Kultur Astea ospatzeko baimena eskatu zuen Jesus Arrizabalagak. Aurrez, irailaren 11tik 17ra ospatzeko baimena emana zuen Azpeitiko Udalak, eta sortuko ziren gastuei aurre egiteko Azoka plaza uzteko eskatu zuten -berbena bat egiteko- eta zezen-plaza hilaren 25erako -folklore jaialdi bat ospatzeko-. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
  • 1967-7-31. Urolako Mankomunitate Kulturalaren estatutuak onartu zituzten.
  • 1967-6-28. Jesusen Bihotz Sakratuaren Ikastetxea handitzeko obrak egitea erabaki zuten, Roman Azkue, Bixente Orbe eta Joxe Luis Plak egindako proiektua gogoan izanik.
  • 1967-6-9. Zaborrak erretzeko labea egitea enkantean adjudikatu zioten Legorretako Juan Sanchezi.
  • 1967-2-23. Seguruko Gaixotasun Ofizial Anbulategia jartzeko lurraldea eskaintzeko prest zegoela jakinaraziz, Instituto Nacional de Prevision deiturikoari idaztea erabaki zuten.
  • 1967-2-19. Mikel Berakoetxea eta Joxe Inazio Orbegozo 'Arriya' neurtu ziren 20 enbor 54'' lanarekin. Berakoetxeak irabazi zuen 78' 14'' denborarekin, Arriya 17. enborrean erretiratu zen.
  • 1967-1-24. Eskuzta zelaian errekin geltoki bat jartzeko lehiaketa antolatzea erabaki zuten.
  • 1967-1-20. Ikastola eta ikastetxeetako ikasleek lehen aldiz hartu zuten parte haurren danborradan.
  • 1967-1-18. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskaini zuen Zelaitxo antzokian.
  • 1967-1-15. Santos Iriarte 'Errekartetxo' eta Joakin Alberdi neurtu ziren, bi enbor 54 ontzakoak ebaki eta bi kilometro lasterka egiteko. Errekartetxok irabazi zuen proba; 83 minutu egin zituen bere lanean; Alberdi erretiratu egin zen lana amaitu aurretik, 70'30'' egin ondoren.
  • 1966-11-12. Antonio Gurrutxaga 'Txokolo' txistularia hil zen.
  • 1966-11-3. Urolako Kultur Mankomunitatearen lehen Gestora Batzordea sortu zuten.
  • 1966-10-27. Alkateak adierazi zuen Aita Betharramdarrekin eginiko kontratuan jarritako baldintza bat hamar urteko iraupena izatea zela. Honek, aldiz, bost urterako baino ez zuela sinatu nahi zioen. Udalak erabaki zuen bost urterako egitea, urte horretako abuztuaren 20an hasita.
  • 1966-10-18. Aho batez erabaki zuten Azoka plaza handitzeko 1.462.342,49 pezeta ordaintzea. Gipuzkoako Diputazioak 453.000 pezeta eman zituen aurretik.
  • 1966-10-6. Martin Oiarzabal idazlea hil zen, Bilbon.
  • 1966-6-22. Hidraulika Obretako zuzendari nagusiak emandako baimena irakurri zuten, Errezilgo lurretan jaiotzen den Utzate errekako urak herriak jaso zitzan, herriko ur sarea zabaldu ahal izateko. Segundoan 30 litro hartzeko baimena eman zioten herriari.
  • 1966-5-25. Epaitegia jartzeko lanak adjudikatu zituzten Udalean.
  • 1966-4-21. Espainiako Estatuko Ipar Uren komisaldegiari baimena eskatzea erabaki zuten, Sagota-erreka, Señaratz-erreka, Erreka-zahar eta Aratz-errekako urak herriak bere beharretarako hartzeko.
  • 1966-3-24. Zaborrak erretzeko labe bat jartzeko, 3.472 metro koadroko lurraldea erostea erabaki benetan gaizki iruditu zen, metroa 25 pezeta ordainduta.
  • 1966-3-24. Aita Betharramdarrekin hamar urteko kontratua egitea erabaki zuten.
  • 1966-3-3. San Pedro gaina ixteko baimena eman zioten Martzial Uzin enpresako Jesus Guibert apoderatuari.
  • 1966-1-20. Erregin eta bere laguntzaileen azken gurdi apaindua kaleratu zuten haurren danborradan.
  • 1966-1-18. Ontzat hartu zuten zaborrak erretzeko labea egiteko proiektua, Diputazioari diru laguntza eskatuz.
  • 1965-12-26. Karmelo Etxegarairen omenezko monumentua inauguratu zuten. Joxe Lopetegik eginiko irudia zen.
  • 1965-9-23. Luzio Martinez parrokiko erretoreak baimena eskatu zuen, parrokiko atzeko ate zaharraren aurpegia ikusteko eran jarri ahal izateko lanak egiteko. Baiezkoa eman zuen Udalak.
  • 1965-9-14. Ikastetxe berriak izan behar zuen erabileraren proposamena kontuan izanik, Anaia Maristek herria utzi zutela esan zuen alkateak, eta harremanetan jarri zirela zenbait erlijioso erkidegorekin. Azkenean Betharram erlijiosoek eginiko eskaintzen berri eman zuen, eta bozketa baten bidez erabaki zuten haiei eskaintzea ikastetxe berria.
  • 1965-8-17. Azoka plaza handitzeko Martzelo Gibert arkitektuak prestatutako proiektua onartu zuen Udalak.
  • 1965-7-20. Anaia Maristen probintzialak jakinarazi zuen, behar hainbat irakaslerik gabe zelako, herriko ikastetxea utzi egin zuela ordenak.
  • 1965-6-20. Joxe Ibar 'Urtain' eta Justo Gallastegi neurtu ziren, lehenena hamabost arroako kubikoarekin eta bigarrena 14'5 arroakoarekin. Urtainek hamabi jasoaldi egin zituen hamabost minututan eta Justok 11 denbora berean.
  • 1965-5-9. Joxe Luis Esnaola eta Juan Joxe Saralegi 87'5 kiloko harri zilindrikoarekin neurtu ziren. Lehenenak 132 aldiz altxatu zuen 15 minututan eta bigarrenak 121 bider.
  • 1965-1-21. Oargi taldeak Udalari eginiko diru laguntza eskaera ezerezean uztea erabaki zuten agintariek, ez zelako urte horretan danborradarik egin.
  • 1965-1-19. Helduen danborrada ez zen izan.
  • 1965-1-10. Inazio Ibarguren eta Agustin Lazkano neurtu ziren 112'5 kiloko harri zilindrikoarekin. Ibargurenek 158 bider altxatu zuen eta Lazkanok 148.
  • 1964-11-20. Anai Maristentzat Ikastetxe berria egiteko proposamenak aurkeztuta ziren hilaren 10ean, eta langintza Ramon Abaunzi ematea erabaki zuten, hura zelako proposamena aurkeztu zuen bakarra.
  • 1964-11-20. Udalak aho batez erabaki zuen Angel Iglesiasekin tratua egitea telebista erremisorea jartzeko Oñatzen. 206.024,30 pezeta ordaindu zizkion.
  • 1964-11-1. Bustinzuriko errebalean zen Agedaren Bodegoe ondotik abiatu eta Xoxote gailurretik joan-etorria egin zuen Inazio Garatek 48 minutu eta 48 segundotan.
  • 1964-11-1. Lanei ahal zen azkarren ekitea erabaki zuten baina aurrez, hurrengo igandean, arratsaldeko ordubietan, Herri Batzar nagusia ospatzea erabaki zuten, beharrekoa zen dirua osatzeko aukera zitezkeen bideak jorratzeko.
  • 1964-9-22. Roman Azkuek eginiko Anaia Maristen Ikastetxe berriaren proiektua aztertu zuten, eta ontzat hartu aho batez.
  • 1964-9-17. Espainiako Telefonia Nazionaleko idazkari nagusi Francisco Martin de Nicolas y Osmak idatzi zuen, esanez herrian zentral automatikoa jartzeko. Hark zioen derrigorrezkoa egiten zitzaiola eraikin bat egitea ahalik eta azkarren Santa Ana enparantzatxoko etxean, Erdi kalera eta Eliz kalera bistak zituena, eta horretarako proiektu teknikoa bidali zuela. Bestalde, zentrala Espainiako Estatuarena izanik, esan zuen ez zuela zergarik ordainduko, eta aipaturiko etxean obrak egiteko baimena eskatu zuen. Udalaren aldetik baimena eman zioten.
  • 1964-7-9. Aho batez erabaki zuten Anaia Maristentzat ikastetxe berria egitea.
  • 1964-6-12. Aho batez onartu zuten Anaia Maristentzat ikastetxea egiteko proiektu teknikoa egitea.
  • 1964-5-24. Leon Albeniz zezen-plazan 12.000 metro 39.8.3/5 denboraren azpian egiten saiatu zen, baina 39.59' behar izan zituen.
  • 1964-5-21. Fernando Arakistaini etxeetako zabor bilketa egiteko kargua eman zioten.
  • 1964-5-21. Azoka plaza handitzea erabaki zuten aho batez, Martzelo Guibert arkitektuaren proiektuan oinarrituta, eta horretarako diru laguntza eskatu zioten Diputazioari.
  • 1964-2-13. Julian Elorza hil zen, Donostian.
  • 1964-2-2. Eizmendi auzorako bidea egokitzea erabaki zuten.
  • 1964-1-29. Julian Elorza hil zen Donostian. Gipuzkoako Diputazioa eta Eusko Ikaskuntza erakundeak zerbitzen eraman zituen bizitzako urterik gehienak. Diputazioan hamabost urte egin zituen eta hiru alditan buru izan zen, gainera. Eusko Ikaskuntzan, berriz, sortu zen unetik Espainiako Gerrara bitartean izan zen lehendakaritzan.
  • 1963-12-5. Herriko taxi zerbitzuaren arautegia onartu zuten.
  • 1963-10-3. Antxieta Etxearen aurrealdearen zati handi bat lurrera erori zen.
  • 1963-8-22. Anaia Maristen probintzialak bidalitako txosten baten berri eman zuten. Bertan Udalak ikastetxe berri bat egiteko emandako hitza bete ez zuelako, Maristek herriko ikastetxea uztea erabaki zutela azaldu zuten, eta jakinarazi erabakia ikasturte berria hasteko unean beteko zutela -1964ko irailaren 15ean-, ikastetxe egokirik ez bazuten. Aho batez erabaki zuten baldintzak betetzea.
  • 1963-6-27. Udal Liburutegiaren arautegia onartu zuten.
  • 1963-6-9. Udalak parrokiak herriko hilerriari buruz eginiko uzketa onartu egin zuen.
  • 1963-5-16. Haurren Parkea egiteko ardura eman zioten Luzio Amenabarri.
  • 1963-4-18. Kristina enparantzako eraikin berriaren azpian Udal Liburutegi Publikoa sortzea erabaki zuten.
  • 1963-3-30. Eskuztako zelaian errekin geltokia jartzeko Olga Aldabek eginiko proposamena onartu zuten.
  • 1963-3-14. Gernikako Arbolaren ibiltokian umeen parkea egitea erabaki zuten.
  • 1963-3-14. Ikusirik Antxieta Etxeak agertzen zuen hondamena, bertako biztanleak kanporatu eta galmen espedientea martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1963-1-3. Errege magoen kabalgata kaleratu zuelako, Oargi taldeari 2.500 pezetako laguntza ematea erabaki zuten agintariek.
  • 1962-12-20. Zabor bilketa zerbitzua hobetzeko herriak kamioi bat erostea erabaki zuen aho batez.
  • 1962-10-19. Alkateak adierazi zuen kexak jaso zituela telebista seinaleak ongi ez zirelako jasotzen herrian eta, antena bat jarri nahirik, neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1962-10-11. Joxe Aranburu 'Keixeta' aizkolari urrestildarra hil zen, 81 urterekin.
  • 1962-8-24. Frantzisko Gurrutxaga Musika Bandaren zuzendari izandakoa hil zen.
  • 1962-6-7. Umeentzako parke bat egokitzea erabaki zuten Santiago kaleko alderdi batean. Horretarako Diputazioari laguntza eskatu zioten.
  • 1962-4-4. Zirilo Astigarraga 'Carnicerito de Azpeitia' toreatzailea hil zen.
  • 1962-3-29. Inspektorearen txosten mesedegarria ikusi ondoren, Leon Egigureni hotel bat egiteko baimena eman zioten.
  • 1962-3-11. Agirrezabalaga eta Igartua neurtu ziren 5.000 metroko lasterka saioan, Igartuak 50 metroko abantaila zuela. Agirrezabalagak irabazi zuen, 18 minutu eta 28 segundotan; bigarrena 4.900 metro egin ondoren erretiratu egin zen.
  • 1961-12-21. Inazio Ezeiza eta Jesus Azkune 'Igate' neurtu ziren, 45 ontzako lau enbor eta 36ko beste lau ebakitzeko. Ezeizak irabazi zuen; lana 13.26.3/5ean egin zuen. Igatek 15.40.4/5ean egin zuen.
  • 1961-8-27. Miguel Irazusta 'Polipaso' eta Isidro Astigarraga 'Errekalde' neurtu ziren aizkora apustuan. 54 ontzako hamasei enbor ebaki behar zituzten, baina biak erretiratu eta apustua ezerezean geratu zen.
  • 1961-8-3. Ekaitz batek eraginda San Agustin elizako ganga nagusia lurrera erori zen.
  • 1961-5-23. Loiolako Inazioren Banda eta Solfeoko Akademiaren arautegia onartu zuten, Udalaren diru laguntza izango zutelako.
  • 1961-5-23. Zaborrak jasotzeko bi gurdi erostea erabaki zuten, aurrekoak erabat apurturik zeudelako.
  • 1961-3-30. Julian Barrenetxea hil zen. Urteetan parrokiko organo jolea izan zen.
  • 1961-3-22. Azpeitiko herritar batzuen eskaerari erantzunez, albisteak ematen zituen bandoak euskaraz eta gaztelaniaz egitea erabaki zuten. Euskaraz bakarrik egiten zirenez, biztanle batzuk ulertu ezinik gelditzen ziren.
  • 1961-2-15. Oñatz eta Elosiaga auzoetan eskola 'nazionalak' sortzea erabaki zuten.
  • 1961-2-11. Bere emisioak hasi zituen Loiola Herri Irratiak.
  • 1961-1-31. Inolako ordainketarik gabe, Circulo del Movimiento deitutako etxebizitzaren goiko pisuko gela (bere garaian Institutu Laboraleko Margo-gela izan zena) eman zion Udalak Juan Astigarragari, aipatutako mugimendu horretako herriko arduradunari.
  • 1961-1-10. Errege magoen kabalgata eta danborradak kaleratu ondoren, Udalak Oargi taldeari 2.500 pezeta ematea erabaki zuen.
  • 1960-9-9. Bikoteka neurtu ziren Alberdi eta Astigarraga aizkolariak, Iurrebaso eta Zeberioren aurka, 54 ontzako hamabi enbor ebakitzeko. Lehenengo bikoteak irabazi zuen, 27.57.7/10ean; bigarrenak 30.18-5/10 egin zuen.
  • 1960-7-15. Inazio Aizpuru eta Miguel Iriondo neurtu ziren zezen-plazan sei mila metrotan. Lehenenak lana 27.45.3/5ean egin zuen eta bigarrena 3.200 metro egindakoan erretiratu egin zen.
  • 1960-6-5. German Alberdi sendagileari omenaldia eskaini zioten.
  • 1960-5-31. Anaia Maristentzat Ikastetxe berria altxatzeko gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1960-5-31. Udal arrandegia botatzea erabaki zuten, eta udal arkitektuari toki berean eraikin bat egiteko proiektua egiteko eskatu zioten, udal zerbitzuak bertan jartzeko asmoz.
  • 1960-3-26. Heziketa Laboraleko Zuzendaritza Nagusiaren aldetik Institutu Laboraleko obrak behin-behinean bezala hartu zituzten.
  • 1960-3-13. Joxe Mari Astigarraga eta Bitoriano Unanue neurtu ziren 125 kiloko harri zilindroarekin. Astigarragak 91 bider altxatu zuen 30 minututan, eta Unanuek 84 alditan.
  • 1960-3-9. 'Circulo del Movimiento' deiturikoa instalatzeko, 35.000 pezetako diru laguntza eman zuen Udalak.
  • 1960-3-5. Eskuzta etxean sutea izan zen; ganbara eta goiko solairua erre ziren.
  • 1960-1-18. Errege magoen kabalgata kaleratzen zuelako Oargi Taldeari 2.500 pezeta ematea erabaki zuen Udalak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan