Eguna: 10-15

  • 2018-10-15. Erabat kiskali zuen suak Egurtza Azpiko baserria.
  • 2017-10-15. Mikel Larrañagak hirugarren egin zuen Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finalean, Donostian.
  • 2013-10-15. Jose Maria Setien Donostiako apezpiku ohia Xabier Euzkitze kazetariarekin solasean aritu zen Sanagustin kulturgunean, 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloaren barruan.
  • 2002-10-15. Urola ibaian eta Ibaiederren hainbat arrain hilik azaldu ziren.
  • 1967-10-15. Latasa eta Mariñelarena bikotea eta 'Arriya' anaiek osatzen zutena neurtu ziren aizkoran, 60 ontzako hamasei enbor ebakitzeko. Aurrenak irabazi zuen, 47 minutu eta 53 segundotan; bigarrenak 51 minutu eta hamasei segundo behar izan zituen.
  • 1950-10-15. Angel Albizu 'Soarte' eta Santos Iriarte 'Errekartetxo' neurtu ziren 125 kiloko harri kubikoarekin. Soartek 90 bider altxatu zuen 30 minututan, eta Errekartetxo erretiratu egin zen 45 bider altxatuta.
  • 1950-10-15. Ramon Iurrebaso eta Joxe Elorza Kortaberri ere neurtu ziren, 45 ontzako sei enbor ebaki nahian. Iurrebasok irabazi zuen, hamazazpi minutu eta bost segundotan; bigarrenak 28 minutu eta segundo bat behar izan zituen.
  • 1888-10-15. Errukietxeko juntak baimena eskatu zuen, kapera zerbait handitzeko. Udalak onartu egin zuen.
  • 1884-10-15. Zezen-plazan aldaketa batzuk egiteko, Miguel Castiellak proposamena aurkeztu zuen.
  • 1883-10-15. Inazio Mari Artetxeri ordaindu egin zioten Isabel II.a Espainiako erregina herrira etorri zenean udaletxean eskainitako freskagarria.
  • 1800-10-15. Gurutzea etxearen ate ondoan aurkitutako utzitako haurrari buruz alkateak esan zuen emakume baten eskuetan utzi zuela, eta Udalak erabaki zuen berehala Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea, ohiko limosna emanez hango zuzendariari.
  • 1800-10-15. Kontseilu Nagusiak agindu bezala, hilren 26an, igandean, beharrezko agiriak ohiko tokietan zintzilikatzea erabaki zuten, eta herriak saldu nahi zituen lurren errematea udaletxeko arkupeetan egingo zutela, zuhaitz landareak hazten zituztenekin zuen 60.000 errealeko zorra ordaintzeko.
  • 1775-10-15. Alkateak ezagutzera eman zuen azken ganadu izurriteari aurre egiteko sekulako emaitza onak eman zituen errezeta.
  • 1699-10-15. Aizaga baserria erre zen.
  • 1688-10-15. Herriko zenbait etxe hondamenean eta arriskuan izanik, Juan Apaeztegi eta Lorentzo Eleizalde erregidoreei txostena prestatzeko agindu zieten, Juan Larraar zurginarekin eta Inazio Etxabe harginarekin harremanetan jarrita.
  • 1684-10-15. Errenterian izandako batzar nagusiek emandako agindua bete nahirik, azken alardea egitean armarik gabe agertu zirenei adierazi zieten hamabost egun baino lehen erosi beharko zituztela.
  • 1655-10-15. Batzordea izendatu zuten parrokiko elizan egin behar ziren lanak ikusi ondoren errematean jartzeko. Bi mila dukat eskaini zituzten orduan, eta beste laurehun, berriz, urtero, obra guztia ordaindu bitartean. Sei pilare altxatu, gangak estali eta beste zenbait lan aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1595-10-15. Kapitan jeneralak bi mila frantziar hurbiltzen ari zirela zioen albistea pasatu zuen, eta prest egoteko agindu zuen. Herriko kale eta errebaletan horrela adieraztea erabaki zuten, danborra jo eta pregoiak emanez, prest egon zitezen herritar guztiak armak eta munizioak eskuetan zituztela. Esan zieten etxeetara bisitak egingo zituztela, eta prestatua ez zegoena zigortu egingo zutela.
  • 1589-10-15. Hamabi maraiko prezioa jarri zion herriak sagardoari, sagar gutxi zelako. Salmenta, berriz, zozketa baten bidez txandak izendatuta egitea erabaki zuten.
  • 1559-10-15. Ternuako bakailaoaren errematea egin zuten, esanez ona, lehorra eta markatu gabea izan beharko zuela. Bi dendatan saldu zuten, libra bakoitza zortzi marairen truke.
  • 1559-10-15. Elizaren bidez, tabernariek eta ostariek jaiegunetako meza nagusia amaitu bitartean inor ez hartzeko agindua zutela adieraztea erabaki zuten, bidaiariak ez baziren behintzat. Hamar maraiko isuna jarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan