Eguna: 3-2

  • 2019-3-2. IƱaki Etxarte ETAko preso, deportatu eta iheslari ohia Azpeitira itzuli zen.
  • 1938-3-2. Ladislao Segurola, Martzial Uzin, Damaso Azkue, eta Agirre eta Konpainia lantegietako nagusiei hauxe gogoraraztea erabaki zuten: derrigortuta zeudela Gipuzkoako eta Donostiako banketxeetatik Udalaren fidantzarekin ateratako dirua ordaintzera.
  • 1914-3-2. Bilboko Udalaren eskaera jaso zuten, Lege Munizipalaren 49. artikulua ezerezean uzteko erabakia hartzeko zioena. Hau da, Udalak izan zezala alkatea eta tenienteak aukeratzeko ahalmena. Eskaerari hauxe erantzutea erabaki zuten: Udalak aurreko urteko abenduaren lehen egunean hartu zuela ontzat hori, eta Espainiako erregeari bidali ziola horren berri.
  • 1891-3-2. Ura etxeetara banatzeko lanak egiten ari zen Amadeo Delanuet eta hari epea luzatzea erabaki zuten, lana bukatzeko.
  • 1822-3-2. Ikusirik herrian zen troparen komandante Bixente Pinzonek eginiko eskaera, Gaspar Jauregi koronelari idaztea erabaki zuten, protesta bat eginez, unean zen tropa herritik joatean beste bat ez bidaltzeko eskatuz, sakrifizio handiak egin zituelako herriak.
  • 1809-3-2. Alkateak adierazi zuen nolako gastuak sortzen ari zen herrian zegoen Frantziako tropa, batez ere geroago eta gaixo gehiago zeudelako soldaduen artean.
  • 1795-3-2. Ohiko eran, sukaldeetarako egurra banatzea erabaki zuten herritarren artean, lehentasuna emanez agintariei, agintaritza eskuratzeko eskubidea zutenekin jarraituz, apaizekin ere bai, eta gainontzekoekin bukatuz.
  • 1795-3-2. Frantziako Gerra komisarioak emandako agindua betetzea erabaki zuten. Hala, Xabier Basazabalena zen Komuntzoko hariztia ebaki egin zuten, eta abarrak eta enborrak Frantziako tropari eman zizkioten.
  • 1795-3-2. Parrokiko apaizen eskaerari erantzunez, Elola kaperan obra batzuk egitea onartu zuten, orduan gertatzen ziren hildako ugariei hilobiak egokitzeko.
  • 1788-3-2. Errazti diputatuak parroki atarirako harria atera eta lantzeko prestatu zituen baldintzak onartu zituzten.
  • 1783-3-2. Olioa, bakailaoa eta koipearen hornikuntza aparte egiten zirenez, debekatu egin zuten salmetak edonork egitea, 200 dukateko multa ezarriz lehendabizikoan, bikoiztuz bigarrenean, eta agintarien esku utziz bigarren aldiz aginduaren aurka egiten zuenaren kasua.
  • 1731-3-2. Alderdi bat Plaza Txikira zuen Zumiztain deitutako etxearen horma zati bat erori egin zen lurrera, eta haren jabe Mariana Unanueri albistea pasatzea erabaki zuten, neurriak har zitzan eskatuz.
  • 1720-3-2. Parrokiaren atzean zen hezur tokian eginiko obrak onartu zituzten, toki berean margotutako Andre Mariaren irudi bat jarri zela esanez, bere marko eta guzti.
  • 1703-3-2. Espainiako erregeak probintziari eginiko eskaerari erantzuteko, herriko elizetan boluntario alistatu nahi zuenik baldin bazen ager zedila adieraztea erabaki zuten, probintziak eskaintzen zuen jantzia ikusteko eta herriarekin soldataz tratu batera iristeko.
  • 1695-3-2. Bustinzuriko gurutzeari pilareak egin eta teilatua konpontzea erabaki zuten.
  • 1695-3-2. Udaletxeari eta alondegiari teilatua berritzea onartu zuten.
  • 1630-3-2. Herriaren izenean probintziako herriei idaztea erabaki zuten, San Inaziori buruz ez zezaten inolako aldaketarik egin Ordiziako batzar nagusira bitartean. Frantziskotarrek Martin beatua izendatu nahi zuten San Inazioren ordez.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan