Eguna: 7-2

  • 2011-7-2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Diputazioak Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, egin zuten 2011.eko bilkura ibiltaria.
  • 1988-7-2. 126 urteren ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusiak bildu ziren herrian.
  • 1981-7-2. Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean Basarte industrialdea sortzeko, plan partzialeko poligono baten aldaketa onartu zuten.
  • 1978-7-2. Periko Odriozola futbolaria hil zen, Zarautzen.
  • 1923-7-2. Union Azpeitiana elkarteko presidenteak Udala uztailaren 8an ospatuko zen kirol jaialdira gonbidatu zuen. Jaialdian Arana inguruko kirol zelaia inauguratuko zuten eta Udalak joatea erabaki zuen.
  • 1894-7-2. Ortiz etxearen inguruan edo espaloian dagoen iturria Santa Ana enparantzatxo erdian jartzea erabaki zuten.
  • 1883-7-2. Azpeitiko Udala osatu berria zen eta lehendabiziko batzarra egin zuten. Herrian egun gogoangarria zenez -Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatu zireneko urteurrena baitzen-, aho batez erabaki zuten amaiera gabeko maitasuna agertzea antzinako Batzar Nagusiei, herriaren maila goreneko, jator eta egiazko agerkizunak zirela-eta.
  • 1883-7-2. Kontuan izanik nola saiatu zen eta zenbaterainoko zuzentasunez bete zuen alkatetza Inazio Iberok, Udalak aho batez erabaki zuen eskerrak ematea idatzi baten bidez. Iberok aldetik eskerrak eman zituen, eta onartezinekotzat jo zuen egiten ziotena.
  • 1638-7-2. Udalbatzar Nagusian alkateak adierazi zuen gerra gaiez arduratzen zen probintziko diputatuen gutun bat jaso zuela. Bertan jakinarazi zuten eguerdian "etsai" frantziarra gure lurretan sartu zela, eta Irun Uranzu eta bere muga bereganatuta zutela. Inolako denborarik galdu gabe probintziko herri eta hiriak bertaratzeko agintzen zuten. Aitak semeen ordez, Hernaniko Arma plazara gerturatuko ziren, bertan erregearen laguntzan ez ezik, aberriaren defentsan altxatzeko etsaiari aurre egiteko ordenak emango zituztelako. Gai garrantzitsu horri buruz zeuden era guztietako iritziak jaso ondoren, kanpaiak jotzea erabaki zuten eta herriko lurralde osoan albistea zabaltzea. Auzo eta baserri guztietara zabalduko zuten albiste hura, aitak semeen ordez eta inolako hutsegiterik gabe herriko enparantzan ager zitezen berehala, gauean bertan eta denbora galdu gabe abiatzeko Hernaniko Arma plazara. Guztiek beharreko munizioa eraman beharko zuten, herriak zuena banatuta. Eta zilarrezko 800 dukat zentsuan hartzea erabaki zuten agintarien eskuetan jartzeko, gastu asko egingo zituztelako irteeran: jende guztiarentzat janariak beharko ziren, baita beste zenbait gauza ere erregea eta lurraldearen defentsan gogo handiagoa jartzeko. Borrokaldia amaitzean kontuak garbituko zirela erabaki zuten.
  • 1638-7-2. Ohitura zaharrari jarraituz Domingo Kortaberria alkatea, Juan Lopez Ondarra sindiko fiela, eta Juan Oñaz, Juan Olazabal eta Usabaraza lizentziatua bildu ziren. Horiek erregidoreak izendatuak izan ziren agintariak itzuli bitartean herriko agintaritzan izan zitezen, herriko agintariek beste herritarrekin batera frantziarren aurka borrokatzeko irten baitzuten. Eskribaua izan zen lekukoa aipaturikoek karguak hartzean, eta horiek zeukaten lana ongi eta jator betetzen ahaleginduko zirela agindu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan