Eguna: 4-7

  • 2017-4-7. Korporazio irudi eta webgune berritua aurkeztu zituen Udalak.
  • 2016-4-7. Matxinbentako Igartzolabekoa baseria erre zen.
  • 1996-4-7. Urrestilla Sokatira Elkarteko kide Aitor Lapeira mendizalea hil egin zen, Monte Perdido igotzen ari zela.
  • 1991-4-7. Ezequiel Bitok Mariano Harok 10.000 metrotan zezen-plazan eginiko marka hobetzen saiatu zen, Juan Mari Garin laguntzaile zuela, baina 29.53.04 behar izan zituen. Jaialdi horretan, 'Arruizko Txikia' eta 'Iruntxiberri' omendu zituzten, eta Perurenak 263 kiloko harri zilindrikoa jaso zuen esku bakarrarekin.
  • 1940-4-7. 1939ko azaroaren 13an herriak hartutako erabakia ontzat hartu zuten aho batez; hau da, elizak Olazko Andre Maria patroi izendatzea.
  • 1920-4-7. Joxe Frantzisko OƱatibiari ura sartzeko baimena eman zioten, Urrestillan zumitz fabrika martxan jartzeko.
  • 1902-4-7. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra'-k eginiko proposamena Udalak ontzat hartu zuen: Musika Bandari ordainketa egitea, bera osatzen ahalegintzen zelako.
  • 1873-4-7. Herriaren defentsarako gotorlekuak amaitu zirela adierazi zuten. Beraz, karlisten ahaleginei aurre egiteko boluntarioek zaindutako udaletxea indartu zuten: arkuetako batean itxitura jarririk eta dorrea zerbait altxatuz, etsaiaren mugimenduak urrutira ikusteko eran. Horrez gain, errukietxearen ondoko pasabidean bezala, Enparan eta Harzubiko zubietan hormak altxatu zirela jakinarazi zuten. Herriko kartzelan ez ezik, Santo Domingo komentuan zen kuartela eta Vista Alegre kasinoak ere indartu zituzten, beraiek defenditzeko.
  • 1760-4-7. Korostiolatik Enparan etxea bitarteko bide berria egitea lehen enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1760-4-7. Harzubian zegoen zumarra zahartuta zegoela ikusirik, eta erabat galdu baino lehen, saltzea erabaki zuten, enkantean jarrita.
  • 1719-4-7. Loiolako eliza, gangari heldu behar zioten arkuetaraino altxatuta zegoen, eta Sebastian Lekuona obrako maisutzan hasi zen.
  • 1709-4-7. Elormendiko San Pedro ermitaren teilatua konpontzea erabaki zuten, haizeak kalteak sortu zituelako.
  • 1701-4-7. Loiola erretoreak eskaini zuen laguntza kaskarra aktan idatzirik uztea erabaki zuten, Martin Zaldua maisuari parrokiko bataio kaperan obrak egiteko baimenik ez zuelako eman.
  • 1656-4-7. Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian ospatuko zirela kontuan izanik, Julian Roteta eta Pedro Antxieta errejidoreei sei zezen inguratzea eskatu zieten maiatzaren 8an egingo zen zezenketarako.
  • 1600-4-7. Sevillan (Espainia) egon zen Juan Martinez Zandategik adierazi zuen Elolaren kapitalak 1597tik 1599ra bitartean sortu zituen interesak eskuratu zituela, 270.000 marai. Hari ordaindu behar ziotena honoko hau zela esaten zen: 30 egun joan-etorrian, mila marai egun bakoitzeko, eta, 276 egun hirian, egun bakoitzeko hiru dukat, baina bi dukatekin konformatzen zela adierazi zuen.
  • 1597-4-7. Parrokiko elizan egin behar zituzten obrak aurrera eramateko baimenaren berri eman zuten.
  • 1561-4-7. Urrestillako biztanle jabeek eskritura sinatu zuten Mendatasoro lursaila erosteko, bertan eliza altxatzeko asmoz.
  • 1530-4-7. Alkateak adierazi zuen utzitako hiru haur herriaren kontura hazten ari zirela, eta haietako baten aita Zarate deituriko bat zela, erabat behartsua.
  • 1530-4-7. Soreasu eta Enparan errotek sortzen zituzten irabazi eta gastuen kontuak emateko, hiru hilabetetik behin lan hori errejidoreek hartzea erabaki zuten, txandatuz urte osoan zehar.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan