Hamarkada: 1840

  • 1849-12-20. Politiko nagusiaren eta Fernando Etxeberria arkitektuaren gutuna irakurri zuten San Agustin komentuko obrez. Baita komentuaren jabetza Udalari ematen zion ordena erreala ere. Proiektua onartzea eta obrak egitea erabaki zuten, inolako zergarik ezarri gabe herritarrei.
  • 1849-11-13. Probintziko buruak herriko errukietxea partikular mailakoa izendatu zuen.
  • 1849-9-20. Kontuan hartu zuten herrian zen lehen instantziako lurraldeko Epaitegiari buruz zabaldutako zurrumurruak eta, gogoan izanik probintziko beste lurralde batzuk baino biztanle gehiago zirela bertan, Aszensio Inazio Altuna diputatuari gestioak egin zitzan erregutzea erabaki zuten, ez zedin ezerezean utzi.
  • 1849-9-7. Joan Bautista Altubek 1821etik 1823ra bitartean herriaren lurraldeak saltzeko eginiko agiriak aurkeztu zituen. Inazio Genaro Jauregirekin bat eginik bete zuen langintza. Batzordea izendatzea erabaki zuten, agiri guztiak aztertzeko eta jatorrizkoak ziren jakiteko.
  • 1849-8-9. Azkoitiak eta Azpeitiak bat egin eta batzordea osatuta Espainiako erregeari Loiolari buruz aurkeztuko zioten idatzia prestatu zuten. Loiolan Frantziskotar Oinutsen Ikastetxea sortu nahi zuten, Asiako misioetako gazteak prestatzeko, baina bi herrien nahia bestelakoa zen. Horiek bertan Eskolapioetako erlijiosoak izatea nahi zuten, jesuitek ezinezkoa baitzuten. Hondarribian ospatutako batzar nagusiek bi herrietako batzordeak osatutako txostena ontzat hartu zuten, eta herriak erregeari idatzia aurkeztea erabaki zuen.
  • 1849-8-2. Hondarribiko Batzar Nagusietan Loiolari buruz hartutako erabakiaren berri adierazi zuen Diputazioak. Agindu erreal baten bidez, gobernuak santutegian Frantziskotarren ikastetxe bat misiolarientzako egokituko zuela jakinarazi zuen. Azkoitiko eta Azpeitiko herriek bertan eskolak jartzea eskatuta zuten ordena erlijioso batekin, eta bi herriek beste eskaera bat luzatzea erabaki zuten.
  • 1849-6-28. Joxe Miguel Artiz eta Manuel Eleizalde irakasleei oroigarri bat ematea erabaki zuten, lan bikaina egin baitzuten.
  • 1849-6-21. Politiko nagusiak adierazi zuen, zuzenketa batzuk egin ondoren, Gipuzkoako herriek bazutela hauteskunde estatistika zerrenda. Azpeitiko herriari buruz honako hau adierazi zuten: biztanleak, 774; aukeraketan parte har zezaketenak, 131; aukera zitezkeenak, 87; alkatearen teniente izan zitezkeenak, bi; erregidore aukera zitezkeenak, 11; Udala osatzeko aukera zitezkeenak herrian, 14 zinegotzi, alkatea kontuan izanik.
  • 1849-5-31. Espainiako erregearen gobernuak San Agustin komentua herriari emateko jarritako baldintza bat bertan irakaskuntza publikoa egokitzea izan zenez, arkitektu bat izendatu zuten planoa egiteko.
  • 1849-5-10. Jose Manuel Abaliak Udalari erantzuna eman zion apaizen izenean. Elizkizun batzuk San Agustin elizan ospatzeko nahia agertu zuen: igandeetan eta jaiegunetan meza bat gutxienez. Ezetz erantzun zieten, eta apaizek gestioak egiten jarraitzea erabaki zuten.
  • 1849-5-10. Parrokiko organoa amaitzeko luzapena Juan Amezua organo egileari emana zion herriak, Gorputz egunetik San Inazio bitartekoa. Amezuak eskerrak eman zituen, eta egun horretarako amaitua izango zuela esan zuen.
  • 1849-4-16. Erraztiola eta Beasainen arteko errepideari buruz hitz egiteko, kontribuziorik handiena ordaintzen zuten herritarrekin egin zuten batzarra. Herriak ordaindu beharrekoa nondik nora lor zezakeen aztertu zuten. Herritarrei eskaera gehiegirik egin gabe eta beste zerga bat erantsi gabe, ardoa, pattarra eta sagardoari zerga bat ezartzea erabaki zuten; hau da, pitxar bakoitzeko lau marai eta, txakolinari zortzi maraikoa. Datorren urtearen lehen egunetik horretan hasteko baimena eskatzea onartu zuten.
  • 1849-4-12. Politiko nagusiak adierazi zuen Erraztiolatik Beasainera bitarteko errepidea egiteko beharrezkoa zela herriak urtean 7.000 erreal ordaintzeko erabakia hartzea. Udala osatzen zuten hainbat herritar berezienak hil honen 16an goizeko hamarretan biltzeko deia egitea erabaki zen.
  • 1849-4-12. Ondorengo urterako prestaturik zegoen errukietxearen aurrekontuaren berri eman zuten: sarrerak 3.169 erreal eta irteerak 46.411 erreal. 3.342 erreal falta arren, onartu egin zuten.
  • 1849-3-29. Eliz kalean ziren Indokua, Txapakua, Bikuñaenea eta Santikua etxeen jabeei, hondamen itxura agertzen zutelako eraikin horietan txukunketa lanak egitea agindu zieten.
  • 1849-2-1. Probintziako politiko buruak eman zuen baimenaren berri adierazi zuten: ezabatutako San Agustin komentuko atarian bi arku egitea.
  • 1848-10-25. Krispin Beobide jaio zen, frantziskotar euskal idazlea.
  • 1848-1-31. Errukietxeko juntarekin bat eginda, Foru Diputazioak Benefizentzia Planari buruz egindako proiektua aztertu zuten herriko agintariek.
  • 1847-12-10. Hilaren 6an politiko nagusiak idatzitako gutun bat irakurri zuten, baita Urrestillako Udala osatzeko hauteskundeei buruzko ordena erreala ere, hilaren 1ean emana. Ordena errealak aurreko hilean emandako agindua ezerezean utzi zuen, eta adierazi ez zela hauteskunderik egin behar Urrestillak Azpeitiko herriarekin bat eginik zituen gauza guztiak banatu eta lurraldeak seinalatu artean. Azken erreal ordenaren xehetasunak Urrestillako erregidore Pedro Ezeizari jakinaraztea eskatu zioten herriko fidelari, ezin izan baitzuen batzarrera joan.
  • 1847-11-27. Aszensio Inazio Altunak hilaren 19an idatzitako gutun baten berri eman zuten -Madrilen zegoen hura-. Bertan Espainiako Gobernuko Barne ministroarekin egon zela eta hileko lehen egunean emandako ordena errealari buruz hari xehetasun guztiak ematen saiatu zela zioen; hau da, Urrestilla Elosiaga eta Nuarbe auzoekin bat eginik herri bezala sortzeari buruz, eta horretaz probintziko politiko nagusiak zeukan jokaera eta neurriak ezerezean uzteko eskaerari buruz. Eskutitzean, ministroak politiko nagusiari bidalitako gutuna jaso berri zuela aipatzen zuen, eta emaitza pozgarria eta azkar baterako arrazoia zela adierazten zen, lehen kolpea bat-batean gelditu baitzen, herriaren mesedetan.
  • 1847-11-14. Herriaren aldetik jasotako agindua beteta, Genaro Enparanek esan zuen probintziko politiko nagusiarekin Tolosan egon zela. Bi ordutik gora egon zen harekin herriak Urrestillari buruz zituen arrazoiak azaltzeko, baina seguruenik azaldudakoa ezerezean geldituko zela adierazi zuen, erregearen erabakia baitzen urrestildar biztanle batzuk eginiko eskaera erantzunez hura herri bezala izendatzea. Udala osatu besterik ez zuten egin, bere lurraldea seinalatu bitartean. Udalak Enparani eskerrak ematea erabaki zuen, eta erregeari erregua zuzentzea, gaiari buruz xehetasun gehiago eman zitzan.
  • 1847-11-12. Politiko nagusiak Urrestilla herri bezala sortzeko emandako erreal ordena bidali zuen, hilaren 7an idatzitako gutunaren berri ematean jakin zenez. Alkateak ondoren jakinarazi Urrestilarekin bat egingo zutela Elosiaga eta Nuarbe auzoek. Eta, lehen bezala, Azpeitiko herriarekin bat eginik jarraitzen zutela Aratz-erreka eta Araz-Eizagirre auzoek, baina mugak izendatu eta jarri bitartean inolako aldaketa izan gabe.
  • 1847-11-12. Hilaren 10ean politiko nagusiak berak idatzitako gutunaren berri eman zuten, eta hark zioen Atanasio Larraar izendatu zuela Urrestillak izen beharko zuen Udala osatzeko gestioak aurrera eramateko. Udalak politiko nagusiari eskatu zion Larraarren lana ezerezean uzteko mugak izendatu eta jartzen zituzten bitartean.
  • 1847-11-1. Urrestillari herria sortzeko eman zioten aginduaren berri adierazi zuten, betiere Elosiaga eta Nuarbe auzoekin bat eginik. Aratz-erreka eta Matxinbenta auzoek, berriz, ordu arte bezala Azpeitiko herriarekin bat eginik jarraituko zutela adierazi zen.
  • 1847-6-19. Politiko Nagusiari aurkezteko, ur sulforosoen iturburuari buruz batzordeak prestatutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1847-6-12. Joxe Antonio Olazabalen lurraldean zegoen ur sulforosoko iturriari irtenbidea ahal zen azkarren ematea erabaki zuten. Erabakia korrejidoreak eta Azkoitiko Udalaren idatziak jaso ostean hartu zuten.
  • 1847-6-5. Urrestillaren independentziaz azkenengo bozketa egin zuten eta ondorengo emaitzak izan ziren: 214 botoetatik 127 baiezkoak ziren eta 87 ezezkoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga auzoak banatzearen alde azaldu ziren, eta Aratz-erreka eta Matxinbenta kontra.
  • 1847-6-4. Sotero Tapia izendatu zuten herriko postaritzarako.
  • 1847-6-4. Herriaren agindua beterik, Altube fidelak eta Elorza erregidoreak aurkeztu zuten herriko behartsurik handienen zerrenda. 134 behartsuz osatutako zerrenda luzea izan arren, onartu egin zuten eta Diputazioari kopia bat bidaltzea erabaki.
  • 1847-5-22. Herriko lurraldean eta Joxe Antonio Olazabalenean zen ur sulfurosoan egunero jendetza handia biltzen zela adierazi zuten Berrasoeta baserrian bizi zirenek. Berrasoeta egurrezko zubi zaharretik pasatu behar zuten horretarako eta, zubia arriskuan zegoenez, indartzeko eskaera zuzendu zuten. Zubiaren egoera ezagutzeko eta, agian ondoren neurriak hartzeko, batzordea izendatu zuten.
  • 1847-5-19. Politiko Nagusiaren ofizioaren berri eman zuten, ur sulfurosoa zen Joxe Antonio Olazabalaren lurraldea Azkoitiko herriaren lurraldean zegoela herriak berak adierazten ziola esanez. Erabaki zuten hari jakinaraztea esandakoa ez zela horrela, baizik eta Olazabalen lurraldea Azpeitiko herriaren lurraldean zegoela.
  • 1847-4-17. Espainiako politiko nagusiaren gutuna ikusi ondoren, herriak bere lurraldean zituen erroten zerrenda onartu zuten.
  • 1847-3-29. Politiko Nagusiak eginiko eskaerari erantzunez, herriaren plano geometriko bat egiteko Bixente Unanue arkitektua izendatu zuten.
  • 1847-2-28. Diputazioak aleak kanporatzeko debekua altxatzen zuela adieraztean, hari erantzutea erabaki zuten, esanez hilaren 26an eta 27an etxez etxe begiratu zela eta herrian ez zuedela 2.000 anega baino gehiago. Gainera, haietako 900 anega kanporatzeko salduak zirela esan zuten, eta beharrezkoa zirela herriak uzta berria jaso bitartean 3.260 anega. Hori horrela, debekua altxatzearen aurka agertu zen herria.
  • 1847-2-27. Edariei nahasten zizkieten osagarri arriskutsuen berri jakitea erabaki zuten, herritarrei behar bezala erantzuteko, batez ere osasunari begiratuz. Bide batez, ardoa dastatu eta prezioak jartzea erabaki zuten.
  • 1847-2-25. Aleak herri batetik bestera saltzeko baimenaren agiria eskatzea erabaki zuten.
  • 1847-2-23. Diputazioaren eskaerari erantzunez, azken uztaldian izan zen gari urritasuna jakinaraztea erabaki zuten: 8.000 anega, 16.000 arto, 1.000 baba eta gaztaina 1.500. Herritik kanporatzen zenari buruz, berriz, honoko datu hauek ematea erabaki zen: 4.000 anega gari, 3.000 arto, 500 baba eta gaztainik ez. Orduan herrian egon zitekeenari buruz esan zuten 2.000 anega gari izango zirela, gehiena salduta, 6.000 anega arto eta 500 anega baba. Horiek gutxiegi izanik herritarren beharrei erantzuteko derrigorrezkoa egin zen kanpora saltzea debekatzea.
  • 1847-2-13. San Agustin azpian eta Mantekapen asteartean ospatzen zuten azokako postuak zuritu eta zenbakiak jartzea agindu zieten udaltzainei, ordena berezi bat izan zezaten hara joaten ziren saltzaileek.
  • 1847-2-10. Alkateak deituta udalbatzarra egin zuten. Gaia, inauterietan zekorketa bat egitea edo ez zen. Baina deialdia behar bezala egin ez zelako haserreak sortu ziren. Hala ere, azkenean 200 erreal izendatu zituzten festarako.
  • 1847-2-4. Bulda Santuaren idatzia iritsia zenez, hurrengo iganderako, otsailaren 7rako, elizgizonei deitzea erabaki zuten, ager zitezela ohiko orduan herriko dorrearen aterpera. Ospe handiarekin publikatua izan zedila ere erabaki zuten.
  • 1847-1-4. Akilino Amezua jaio zen.
  • 1847-1-1. Herrian udal kargua izateko gaitasuna zutenen zerrenda osatu zen, eta aukeratuko zen Udal berriari baimena ematea erabaki zen, unean aurkeztutako zerrendan agertzen ziren herritar biztanleei agintaritza eskuratzeko ahalmena emateko kaparetasun agiririk eskatu gabe, oraingoz behintzat. Baina gobernuaren eta probintziaren artean foruen konponketa egin ondoren, bertan ziren baldintza eta agindu guztiak bete beharko zituzten.
  • 1847-1-1. Bergarako Konbenioan Espartero Gorteei foruak eman edo konponketa bat egitera proposatzea konprometitu bazen ere, 1839ko urriaren 25eko legearekin sekulako geldialdia sortu zen. Madrilgo kolore desberdinetako agintariek nahi zuten erara irakurri zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioak 1876. urtera bitartean, nolabait, autonomia zati bat bada ere euren eskuetan izaten ahalegindu ziren.
  • 1846-12-23. Agindutakoari erantzunez, alkateak eta Etxeberria erregidoreak herriarekin bat eginik ziren biztanleen zerrenda aurkeztu zuten, gai zirenak herriko agintaritzan izateko, nahiz eta kaparetasuna oraindik ez zuten lortuta. Kontuan izanik herriarentzat ona izango zela, datorren urteko urtarrilaren 1ean zerrenda bera Herri Batzar nagusian aurkeztea erabaki zuten, agertuz derrigorrezkoa zela zerrenda onartzea, aukera hobea emango zuelako agintariak aukeratzeko orduan.
  • 1846-12-16. Uztailaren 6an hartutako erabakia aztertu zuten; hau da, kaparetasuna lortu gabe ziren herritarrak agintaritzarako onartzea, gainontzean trebetasuna eta zuzentasuna agertu zutenak gai baitziren horretarako. Alkatea eta Joxe Joakin Etxeberria izendatu zituzten lehen batzarrerako, agintaritza eskura zezaketen biztanleekin osatutako zerrenda prestatzeko.
  • 1846-11-18. Alkateak, Miserikordiako presidente bezala, esan zuen nolatan hartu zuen politiko nagusiak hilaren 5ean idatzitako gutuna, eta bertan probintziaren benefizentzia zentroa jartzeko asmoa agertzen zela. Ondoren, Juntan gaiari buruz hitz egitean, erabaki zuten herriko Miserikordiak Udalaren diru laguntzarik ez jasotzea, baizik eta partikularrak egiten zituzten eskaintzekin jarraituko zuela aurrera eta ez litzatekeela egokia izango horiek galtzea.
  • 1846-11-11. Espainiako Ondasun Nazionalen Administrazioak herriari erantzun zion, esanez San Agustin komentuaren jabetza herriari eman ziotela, berak zituen eskubideak kontuan izanik, bereak zirelako komentua eginiko lurraldea eta inguruko orubeak.
  • 1846-7-22. Azkoitian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aszensio Inazio Altuna izan zen herriko prokuradorea. Bertan kaperotasuna aurkeztu gabekoek herriko agintaritzara iristeko bidea emateko eskaria egin zuen, baina idatzi baten bidez adierazi zuen alferrikakoa izan zela eskaria.
  • 1846-7-14. Burruntzali iturri txikia garbitoki zaharreko materialak erabiliz konpontzea erabaki zuten, egoera txarrean baitzen.
  • 1846-7-6. Herriko sendagile Joxe Ramon Sagastumek Azkoitian izan zen gaixotasunari buruz txostena aurkeztu zuen, eta lana artxiboan gordetzea erabaki zuten.
  • 1846-7-6. Alkateak Ascenzio Inazio Altunarekin hitz egin zuela adierazi zuen, hau baitzen Azkoitian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusian herriaren ordezkaria. Alkateak herrian kaperotasuna aurkeztu gabe herritarrei agintaritzarako bidea emateko zegoen beharra batzarrean aukezteko erregutu zion, herritarrek gaitasun eta jatortasuna ongi erakutsia baitzuten herriaren zuzendaritza izateko. Altunak bere berri jakinaraziko zuela adierazi zuen, eta Udalak alkateak egindako guztia ontzat hartu zuen.
  • 1846-5-19. Ondasun gehien zuten herritarren zerrendak osatu zituzten. Urtean lau mila errealeko irabaziak gainditzen zituztenak agertzen ziren. Luis Arozena, Teodoro Azkarate eta Domingo Etxabe lizentziatuak zeuden lehen postuan, bederatzi mila errealekin, eta Jose Inazio Agirrezabalaga 7.500 errealekin. Gero Inazio Muguruza zegoen 7.200 errealekin, Joxe Bentura Zuloaga, Juan Bautista Arzuaga, Antonio Mari Larra, Frantzisko Urdapilleta, Joxe Antonio Aizpuru, Joxe Mari Uzin, Juan Inazio Bikendi eta Domingo Barrena zazpi mila errealekin, eta abar.
  • 1846-5-16. Santo Domingo komentuan Guardia Zibilaren sarjentu eta taldeari tokia egokitzen eginiko gastuak ordaindu zituzten.
  • 1846-3-24. Politiko Nagusiak idatzitako gutun bat irakurri zen, herria eta Urrestillaren banaketa ahal zen azkarren egiteko aginduz, eta hari erantzutea erabaki zuten, ordura artean herriak egin zituen gestioen berri emanez, Urrestillan bizi ziren batzuen nahia benetan gaizki iruditu zela adieraziz, eta ez urrestildarrena.
  • 1846-3-20. Aurreko urteetan agintaritzan izan ziren Aszensio Altuna eta Domingo Mari Etxaberi kontsultatu ondoren, Urrestillak nahi zuen bereizketari buruz beraien iritzia jakin ondoren, gaiari buruz lanean jarraitzeko beraiei eskatzea erabaki zuten, aurrerantzean ere Urrestillak bat eginik jarrai zezan herriarekin.
  • 1846-3-18. Herritar emakume merkatari batek eginiko eskaera ontzat hartuta, herritarrei lehentasuna ematea erabaki zuten asteko azokatan postuak izateko kanpotar merkatarien aurrean.
  • 1846-3-9. Politiko Nagusiaren gutunarekin batera Barne Ministerioko idazkariordeak bidalitako gutun baten berri eman zuten. Zera zioen: Espainiako erreginak bazekiela Urrestillako biztanleek Azpeitiko Udalarengandik bereiztu eta herri bihurtu nahi zutela, eta agintzen zuela inguruko herrien iritziak jakin behar zituela erantzuna emateko. Urrestillak, orain bezala herriarekin bat eginik jarrai zezan ahalegin guztiak egitea erabaki zuten.
  • 1846-2-25. Aste Santuan parrokian jartzeko monumentua egiteko baldintzak onartu zituzten, San Fernando Akademiako arkitektu Bixente Unanuek emandako erari josirik.
  • 1846-1-14. Alkateak, Santo Domingo komentuan Guardia Zibilari tokia prestatzeko eginiko lanak jakinarazi zituen.
  • 1846-1-1. Herriko sendagile Joxe Ramon Sagastumek Azkoitian zen izurriteak hango biztanleen artean sortu zituen kalteak aurkeztu zituen, eta zenbait aholku eman zituen gaitza Azpeitira ez zedin zabaldu.
  • 1845-12-26. Azkoitiko herriaren idatzi baten berri eman zuten, adieraziz gaixotasun handi bat izan zela bertan. 120 biztanle zeuden kutsatuta, egunetik egunera gehitzen ari zen kopurua, eta ezinezkoa egiten zen, ahalegin guztiak egin arren, herritar guztiei laguntza eskaintzea. Derrigorrezkoa egin zitzaien sendagile eta zirujauen laguntza; batez ere, herritik bide luzera zeuden baserrietara iristeko. Azken batean, Azpeitiak sendagilea eskatu zuen, ordu batzuz bazen ere bertan lana egin zezan. Joxe Ramon Sagastume sendagilearekin hitz egitea erabaki zuten gaiari buruz, eta eskatu zioten bertan aritzeko -ahal izanik, behintzat-, baina gaua igarotzera herriratu zen, eta horixe bera Azkoitiko herriari adieraziko zioten. Mediku hari galdetzea erabaki zuten nolako gaixotasuna zen bertan eta neurriak hartzea beharrezkoa al zen Azpeitian.
  • 1845-10-28. Joxe Basilio Etxeberriak aurkezturiko txostenaren berri eman zuten, adieraziz Ramon Ibero alkateak agindurik 1.200 zatiko prestatu zituela erregeek herrian igaro beharreko unerako. Une batetik bestera herriratuko ziren batailoiei eskaini nahi zizkieten baina, beste bide bat aukeratu zutenez, bere aginduz saldu zituen zatikoak, 190 erreal galduz. Udaletxean garbi adierazi zuen bezala, batez ere ogiak saldu ziren, prezio desberdinetan eta zerbait galduz. Kalteak Joxe Basilio Etxeberriari ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1845-8-15. Diputazioak adierazi zuen Arrasatera bidean jarriko zirela erregeak hilaren 16an, denboraldi bat Santa Agedako bainuetxean igarotzekoak zirelako. Herriari hilaren 17an bertara bi edo hiru lagun bidaltzea eskatu zioten, Diputazioarekin bat eginik, 'Te Deum' kantatzeko. Udalak Ibero eta Etxabe izendatu zituen horretarako, eta parrokiko apaizei gutuna ere bidali zien, horiek ere norbait izendatu nahi zuten jakiteko.
  • 1845-8-12. Erregeak probintzian igaroko zirenez, Diputazioak eman zituen arauen berri adierazi zuten.
  • 1845-7-27. San Inazio festetan Loiolan ospatuko ziren elizkizun prozesioetan -uztailaren 30ean arratsaldean eta abuztuaren lehen egunean goizean-, parrokiko apaizekin bat egiteko honoko ordu hauek izendatuz idaztea erabaki zuen Udalak: arratsaldeko bost eta erditan eta goizeko zortzietan.
  • 1845-7-6. Gipuzkoako Errenta Intendentziaren gutunari erantzunez, udalak erabaki zuen San Agustin komentua herriaren eskuetan zela adieraztea. Bertan, udalak umeentzako eskola eta irakaslearen etxebizitza zituen, eta gainontzeko gelak batzarrak eta beste zenbait ekintza publikoetarako erabiltzen zituen. Enparantzan antolatzen ziren ekintzak ikusteko ere erabiltzen zuen eraikina eta Santo Domingo komentuan, berriz, 1841ean herriak ordainduta egindako kuartela zegoen, bertan Guardia Zibilak zeuden.
  • 1845-6-20. Eizagirre auzoan eta Matxinbentako eliza inguruan bizi zinenek egindako kexa kontuan izanik, Urrestillarako bidea ibili ezinekoa zegoela adierazi zuten. Alkateari ardura ematea erabaki zuten, ahalik eta azkarren bidearen konponketa lanak egin zitzan.
  • 1844-9-4. Genaro Perez Villamil margolari erromantikoa herriratu zen.
  • 1843-12-11. Urrestillako 11 biztanle aberatsenetakoek txostena bidali zuten Diputaziora. Txostenean, 1836ko urriaren 15ean emandako dekretuan oinarrituta, Urrestilla herri independentea izendatzeko eskatu zuten, lehenago zen bezala.
  • 1843-5-27. Zestoako bainuetxean aurreko egunean eginiko bileran, Zumaiatik Erraztibasoko burdinola bitarteko errepideari buruz hartutako erabakien berri adierazi zuten. Gainera, herri bakoitzak ordaindu beharrekoa adierazten zuen eskritura sinatu zela esan zuten.
  • 1843-4-22. Alkateari, erretorearekin bat eginik, gobernadoreak idatzitako gutunari erantzutea agindu zioten. Elizak, monastegiak eta komentuak ezabatu ondoren, zabalik zeintzuk geldituko ziren herrian jakinarazi behar zuten.
  • 1842-3-15. Garbitokiko obrak hasi zituzten.
  • 1842-1-18. Espartero erregeordeak herriari San Agustin komentua eman zion.
  • 1841-8-2. Joxe Buenabentura 'Laka', Joxe Ituarte 'Zapaterito' toreatzailearen taldeko laguntzailea hil zen herrian, aurreko egunean Erlete baserriko zezenak zaurituta.
  • 1841-8-1. Banderillak jartzean, Joxe Buenabentura 'Laka' toreatzailea zauritu egin zuen Erlete baserriko zezenak. Hurrengo egunean hil zen.
  • 1841-6-16. Esparterori, herriarentzat San Agustin komentua eskatzea erabaki zuten.
  • 1840-12-21. Herriak San Agustin komentua eskatu zion Espartero jaunari.
  • 1840-4-29. Kaleak harriztatzean batzorde bat izendatu zuten, egiten zen lana zaintzeko, ahalik eta gutxien gastatuz egin ahal izateko.
  • 1840-4-29. Urrestillako kalean galtzada egiteko baimena eman zuten.
  • 1840-4-5. Beharrezkoa zen baimena lortu ondoren, ardoaren zerga altxatzea erabaki zuten. Hortik jasotakoa kaleak eta bideak egokitzeko erabili zuten.
  • 1840-3-24. Karlista gerratean herriak eginiko gastuei aurre egiteko, Diputazioari diru laguntza eman zezakeen galdetzea erabaki zuten.
  • 1840-3-14. Joxe Frantzisko Saloguenek egin zuen eskaera, 1833an igoarazi zuen globo aerostatikoaren ordainketa egiteko, aurrez zerbait kobraturik bazuteb ere.
  • 1840-2-24. Inauterietan ohiko zekorketa egitea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan