Eguna: 7-4

  • 2018-7-4. 'Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitian eta azpeitiarrei gertatuak' liburua aurkeztu zuten udaletxean.
  • 2016-7-4. Esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Azpeitiak Donostiako Atano III.ean, Astigarraga 3-0 menderatuta. Horrenbestez, Gipuzkoako bosgarren txapela lortu zuten Azpeitiko pilotariek.
  • 2015-7-4. Ansa II.ak eta Agirrezabalak irabazi zuten Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa.
  • 2011-7-4. Athletic-ek Mikel Orbegozo azpeitiar futbolaria fitxatu zuen, Espainiako Bigarren B mailako taldean aritzeko, Realarekin zuen kontratua agortuta.
  • 1979-7-4. Manuel Altuna zinegotziaren aurkako botoarekin Espainiako 1936ko Gerran hildako erreketeen oroimenez altxatutako monumentua lurreratzea erabaki zuten.
  • 1933-7-4. Pablo Azkueri Loiola bidean altzari fabrika eta erakustoki bat egiteko baimena eman zioten.
  • 1933-7-4. Herriko elkarte eta talde politikoek aurreko urteetan San Inazio jaietan dantza, zirko eta jolaslekuetan moraltasunaren aurka egindako gehiegikeriez adierazitako kexa kontuan hartzea erabaki zuen Udalak.
  • 1910-7-4. Aho batez onartu zuten telegramak bidaltzea Diputazioko presidenteari, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluko presidenteari eta Vatikano Estatuko idazkari kardinalari, Espainiako Gobernuak katolikoen aurkako erabakiak hartu zituela salatzeko.
  • 1906-7-4. Diputazioko Batzorde Probintzialak herriari idi demak debekatzeaz iritzia agertzeko eskatu zion. Herriak erabaki zuen igande eta jaiegunetan debekatzea ongi zegoela, baina ez beste egunetan.
  • 1904-7-4. Santo Domingo eta Santiago kaleak ez ezik, Kristina plaza txikia ere asfaltatzea erabaki zuten.
  • 1881-7-4. Kontrabandoa zaintzeko Joxe Mari Larrañaga eta Joxe Ramon Arozena izendatu zituzten. Bakoitzari egunean sei erreal ordaintzea erabaki zuten. Herriko udaltzainei ere libre zituzten orduetan lan bera egitea eskatu zieten, eta horiei egunean bi erreal gehiago ordaintzea eskatu zuten.
  • 1881-7-4. Atanasio Galarretari 'Kartzela' etxeko denda alokatzea erabaki zuten, Estanko Nazionala jartzeko.
  • 1835-7-4. Madrilen sinatu zuten jesuiten egozketa.
  • 1830-7-4. Gutun baten bidez probintziak eskatu zuen Gesalagako bainuetatik Zestoara bitarteko bidera langileak bidaltzeko, bertatik Espainiako infanteak pasatuko baitziren. Eskaerari ongi erantzun nahi zioten, eta batzordea izendatu zuten langile taldea osatzeko.
  • 1771-7-4. Parrokiko apaizek adierazi zuten aita Martin Larraiozen gutuna jaso zutela, eta hilaren 13an herriratzeko asmoa zuela adierazten zuela. Iruñeko apezpikuak aginduta Misio Santua ematen ari zen Azkoitian Larraioz, eta Azpeitian ere emateko asmoa zeukan. Agintariek San Inazio egunekoa bertan behera uztea erabaki zuten, misioa bukatu ondoren egun horretarako lau egun bakarrik geldituko baitziren. Udalak apaizei elizkizunetan herritar asko biltzeko ahalegina egingo zuela erantzun zien.
  • 1670-7-4. Antonio Eizmendik bere ostatuan eta etxean Pedro De las Cuevas eta honen lagun kanpai-egileak egindako gastua ordaintzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak, parrokiko kanpaia fundituta baitzen.
  • 1670-7-4. Herriak izendatua zuen Martin Garatetxea maisuarekin batera Barrenolako zubia egin zuen Bernardo Aranburu maisuari han egindako lana ikus zezan beste maisu bat izendatzeko eskatu zioten.
  • 1588-7-4. Juan Ondarra alkateak adierazi zuen Landeta idazkariak testamendu bidez eskaintzen zituen bederatzi mila dukatekin eta Marina Arregik eskainitako beste hainbesterekin eta herriaren mila dukatekin, monastegi libre bat egiteko asmoan zirela agustindarrak. Ondarrak zioen agustindarrek horretarako erosia zutela errebaleko etxea, eta baimena Iruñeko apezpikuari eskatuta zutela. Baina parrokiko apaizak eta beste zenbait herritar kontra zituzten.
  • 1588-7-4. Herrian ziren emakume publikoak zigortzea erabaki zuten, asko zirelakoan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan