Efemerideak

  • 1565-9-17. Erreginaren etorrerara Tolosara joan ziren herriko 93 soldaduri ordainketa egitea erabaki zuten.
  • 1565-7-14. Juan Perez Altunari agindu zioten enparantzara ura botatzen zuen bere etxeko arraska ixteko.
  • 1565-6-29. Alondegia egiteko Sebastian Makibarren etxea erosi zuten.
  • 1565-6-29. Aleak alondegian saltzea agindu zuten, 300 maraiko isunaren azpian. Herritarrek ere hala egin beharko zuten. Bestalde, alondegian pisatzeagatik anega bakoitzeko bi marai kobratzea erabaki zuten.
  • 1565-4-28. Iruñeko bisitariak parrokiko bisita liburua Azkoitira eraman zuen eta, ez zuenez liburua itzultzen, soldata ordaindu gabe utzi eta mandoa kendu zioten.
  • 1565-2-15. Behar bezalako zerbitzurik ez zutela esanez, Urrestillako biztanle batzuek Fernando Loiola lehen erretorearen aukako auzia jarri zuten.
  • 1564-12-20. Pedro Goiazi Elolaren kaperarako beiradura batzuk erosteko eskatu zioten.
  • 1564-12-1. Elolaren kaperarako hamar dukaten axuleiuak erostea erabaki zuten Sevillan (Espainia).
  • 1564-11-10. Probintziak agindurik zuenez Avilako (Espainia) neurri berriak erabiltzea, herritar guztiengandik agindua betetzea erabaki zuten, bi mila maraiko isuna eta hamar eguneko kartzelaren azpian.
  • 1564-11-10. Egokia ikusirik txerriak haztea etxeetan norbere hornikuntzarako, bi baino gehiago haztea debekatu zuten, eta unean bakoitzak zituenen zerrenda osatzeko udaletxera agertzea eskatu zieten, txerriak galdu eta berrehun maraiko isunaren azpian.
  • 1564-9-27. Martin Beristain maisuari 25 erreal ordaindu zizkioten, Eskuztako gurutzea egin zuelako.
  • 1564-9-23. Parrokiko patronatuari buruz Navarro doktoreak emandako iritziaren berri jakinarazi zuten. Loiola etxea herriari itzuli behar zitzaiola zioen, eta auzia jartzea erabaki zuten, Loiola etxearen aurka ez ezik, apezpikuaren eta Iruñeko bikario nagusiaren aurka.
  • 1564-4-8. Maria Arroskain sorginaren epaiketan eginiko gastuak herriak ordaindu zituen.
  • 1564-4-6. Antxieta, Orendain eta Landeta zubiak konpontzea erabaki zuten.
  • 1564-3-20. Azterketa baten ondoren, Juan Aztina izendatu zuten Elolako kaperau.
  • 1564-1-12. Alkateari Gasteiz edo Burgosen Elolaren kaperarako organo bat aurkitzea agindu zioten eta, behar bezalakorik ez bazuen aurkitzen, berri bat eginarazteko.
  • 1563-12-22. Herriak Martin Perez Barrenolarekin auzia zuen, eskribau ofizioan jarraitzeko herri barruan bizitzea agintzen ziotelako. Juan Martinez Enparani herriaren ordezkari jarraitzea agindu zioten.
  • 1563-12-14. Herritarrek alkabuzak, pikak eta beste zenbait arma bazituztenez, eskomikua lortzea erabaki zuten.
  • 1563-6-30. Ordenantza bat onartu zen hamabost urtean Larrar eta Gallai basoetan zuhaitzik ez ebakitzeko agintzen zuena. Herriko lurraldean ziren haritz eta gaztainondoak ere ebakitzea debekatu zuen ordenantzak.
  • 1563-6-28. San Pedro eguna garrantzitsua zenez, apaiz batzuek San Pedro ermitara prozesioa eta ondoren parrokian elizkizun berezia egitea proposatu zuten. Aho batez erabaki zuten herria, ohitura jarraituz, prozesioan San Pedro ermitara joatea eta bertan ospatzea elizkizuna, inolako aldaketarik egin gabe.
  • 1563-6-21. Landeta auzotik herrira bitarteko bidea zabaldu zuten, oztopo guztiak kenduta eta mugarriak jarrita.
  • 1563-5-29. Nikolas Saez Elolaren dotea jaso behar zuten emakumeak izendatu ondoren, hurrengo igandean haren kaperan eskainiko zen Izpiritu Santuaren mezara joateko albistea pasatzea erabaki zuten, Elolaren testamentua gordeko zutela zin egin zezaten.
  • 1563-5-29. Garia eta gainontzeko generoak herriratzea derrigorrezkoa zela ikusirik, galtzada herritik Atxumarriagara, Igarate gainetik pasatuko zen galtzada berria egiteko lanari hasiera ematea erabaki zuten. Zumarragako Udalari albistea pasatu zioten, bere lurraldean jarraipena izan zezan.
  • 1562-11-26. Juan Arizmendi parrokiko sakristauari herriak eskatu zion Elolako kaperauak ematen zituen mezak kontuan izateko, eta larunbatean agintariei guztiaren berri agertzeko.
  • 1562-10-20. Aurreko igandean meza berria eman zuen Juan Altunak, eta Urrestillan bigarren meza emateko baimena eskatu zuen. Ezezkoa adieraztea erabaki zuten, ordenantzak gogoan izanik.
  • 1562-10-2. Agintariek larunbatero biltzea erabaki zuten eta, kanpaia jo ondorengo ordu laurden baten barruan agertzen ez zenak, bi errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1562-9-20. Elolaren katedrako hutsunea adieraztea erabaki zuten Salamanca, Alcala, Valladolid (Espainia) eta Oñatiko unibertsitateetan.
  • 1562-9-6. Urrestillan, bertako elizarako kanpaiak egin eta elizkizunetarako gauzak erosteko, diru bilketa antolatu zuten.
  • 1562-9-6. Joan Borjak dobloi bateko eskaintza egin zuen, Urrestillako elizan meza santua eman ondoren.
  • 1562-8-26. Gauean taldeak osatuz lihoa lantzen aritzen ziren neskatxek iskanbilak sortzen zituzten. Hala, emakume haietako batek emandako labankada batez zapatari gazte bat zauritu egin zen Aszensio Gorriaranen etxean. Bestalde, mutikoekin baratzetan sartuta lapurretak ere egiten zituzten. Guztia bat-batean mozteko, gau erditik aurrera lihoa lantzeko neskak eta emakumeak elkarrekin ez biltzea erabaki zen, eta ehun maraiko isuna ezarri zuten agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1562-7-12. Urrestillako biztanleekin herriak zituen eztabaiden inguruan abokatu baten iritzia eman zuten, baita bikario nagusiak idatzitakoa ere. Garbi adierazi zen herritarrak haserre zirela, urrestildarrak euren idatzietan "urrestildarrak"' zirela esaten hasi baitziren. Urrestildarrak jarraitzea erabaki zuten.
  • 1562-6-15. Loiolako jaunak jakinarazi zuen igandean Urrestillako mezan izan zela. Urrestillan, bertakoekin hitz egin zuen parrokiko etxezain auziarekin amaitzeko. Abokatu batengana jotzea erabaki zuten, bere iritzia jakiteko eta gaiarekin jokatzeko.
  • 1562-6-12. Herri Batzar nagusia egin zuten, Atxaran Batxilerra aholkulari zela. Urrestillako etxezainaren auziari buruz hitz egin zuten. Gaiari lotuta, Zaragozako (Espainia) Bordelba abokatuaren iritzia irakurri zuten eta urrestildarren aurka auzia jarri behar zela esan. Horrez gain, urrestildarrak, euren eskritura eta agirietan, Urrestilla hirikoak zirela idazten hasi ziren, nahiz eta azpeitiarrak izan. Haiek jarraikitzea erabaki zuten, pribilegioaren aurka zeuden-eta.
  • 1562-6-10. Eliza egiten hasteko itxurak ikusi zituzten. Juan Lizarazu maisuak aurkeztutako proiektua ontzat hartu zuten, baina obrak hasi aurretik Martin Perez Palaciorekin harremanetan jarri ziren.
  • 1562-5-3. Iskanbilak sor zitezkeela pentsaturik, korrejidorearen tenienteak eta Apezpikutzako bisitariak dekretu bat sinatu zuten Juan Borja eta haren lagunentzat. Urrestillako biztanleei bakean uzteko agindu zuten dekretuan, zigor gogorra jaso nahi ez bazuten.
  • 1562-4-13. Iruñeko apezpikutzako epailea eta korrejidorearen tenientea iritsi ziren Urrestillara, hirugarren eliza egiteko emandako baimena bete zedin.
  • 1562-4-10. Elolako kaperauak egiten zituen hutsuneak zaindu eta hamabostean behin agintariei jakinarazteko, herriak Frantzisko Zarate izendatu zuen.
  • 1562-4-10. Ikusirik Urrestillan eliza berria egitekoa zela -parrokiaren kalterakoa, dudarik gabe-, gaiari buruz probintziaz kanpoko abokatuen iritziak jasotzea eskatu zioten alkateari.
  • 1562-3-30. Urrestillako biztanle batzuek, San Martin ermitan bilduta, Iruñeko apezpikuari eliza bat egiteko baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1562-3-30. Urrestildarrek Urrestillan egiten ari ziren lehen elizarako aulkiak egokitzea erabaki zuten.
  • 1562-3-17. Diego Alzega urrestilldarra hil zen, Kordobako (Espainia) apezpikua.
  • 1562-3-10. Urrestillako elizari buruz abokatuek zuten iritzia jakitea erabaki zuten.
  • 1561-12-30. Urrestillako parrokia egiteak sortuko zituen mesedeak jakinarazi zituzten lekukoek, adierazpen bidez.
  • 1561-5-5. Elolako kaperauak hutsune asko egiten zituela esan zuten, eta kobratzean zin eginaraztea erabaki, hutsuneak ordaindu gabe utzirik.
  • 1561-4-7. Urrestillako biztanle jabeek eskritura sinatu zuten Mendatasoro lursaila erosteko, bertan eliza altxatzeko asmoz.
  • 1561-3-25. Zozketa baten bidez, Baltasar Garagarza aukeratu zuten Elolako kaperau.
  • 1561-3-25. Santiago deunaren irudia parrokiko dorrearen gailurrean ipintzea enkantean jarri zuten enparantzan, eta lana Diego Aizpuruk bere gain hartu zuen. 28 dukat ordaindu zizkioten.
  • 1561-3-10. Nikolas Saez Elolaren hezurrak haren kaperara eramatea eta haren aita Juanen hileta elizkizunak egitea erabaki zuten.
  • 1561-3-6. Eskalak erabiliz etxeetan sartu eta lapurretan egin zuen Martin Arratia herriko kartzelan zeukan alkateak, galeratan denboraldi bat egiteko zigorturik. Gastu batzuk eginda ziren harekin eta, nola ez zuen inolako ondasunik, egokia zela iritzi zioten zigorra betearaztea. Herriak ordainketa eginda, Valladolideko (Espainia) kartzelara eramatea erabaki zuten.
  • 1561-2-5. Herriak, ondasunik gabe eta galerara kondenaturik zen Martin Arratia bizkaitarra Valladolidera (Espainia) bidaltzea erabaki zuen.
  • 1561-2-5. Parrokiko dorrearen gailurrean zegoen Santiago donearen irudia erortzeko zorian zegoela-eta konpontzeko agindu zuten.
  • 1561-1-2. Herriaren lurraldeetan -10.000 gaztainondo ziren orduan-, Pedro Ugartek beste 6.000 landare sartzeko tratua egin zuen. Esaten zenez, ordea, haritzak falta ziren.
  • 1560-12-29. Pago eta haritz asko ebakitzen zutela ikusirik, herriaren baimenik gabe moztea debekatzea erabaki zuten.
  • 1560-11-9. Nikolas Saez Elolaren hezurrak hilobi berrira aldatzea erabaki zuten, ohore handiz, eta haren aita Joan Saez Elolaren hileta elizkizuna ospatzea ere bai.
  • 1560-10-24. Felipe II.a erregeak Iruñeko apezpikuari erret zedula baten bidez adierazi zion Erret Kontseiluan eztabaidatu zela Urrestillako biztanleek eta Joan Borjak zeukaten auzia.
  • 1560-9-9. Herriko enparantzan agintariak, erretoreak eta beste zenbait herritar ospetsu bilduta zirela-eta, Martin Larraondo agertu zen, Iruñeko eta bertako Ospitaleko prokuradorea, esanez berritu egin zela hura, eta Iruñeko apezpikuaren eta Gipuzkoako korrejidorearen baimenarekin laguntza eskatzera herriratu zela, hilaren lehendabiziko igandeetan emango zena. Nahi zenean utzitako haurrak ospitalean jasoko zirela gogorarazi zuen Larraondok berak.
  • 1560-6-17. Elolako kaperauak bere testamenduan izendatutako kanonikoak behar bezalako mailakoak ez zirelako, herriak erabaki zuen gestioak egiteko ahalmenak ematea. Ahalmen horiek Martin Agirre alkateari eta Erroman zegoen Larranbide batxilerrak izango zituzten.
  • 1560-6-16. Elolaren estudioa egiteko tokia erosi ondoren, almodenan jarri zen bera egiten.
  • 1560-5-26. Pedro Ugarte maisuarekin eskritura sinatu zuten, Amuko zubia harrizkoa egiteko.
  • 1560-4-22. Altxatu behar zen Amuko zubiari ibaiaren erdian pilare bat jartzea erabaki zuten.
  • 1560-4-1. Parrokiaren aurrean Juan Loiolak zuen lur saila erostea erabaki zuten, Elolaren Gramatika erakusteko eskola eta katedratikoaren etxebizitza egiteko.
  • 1559-11-21. Herritik kanpo bizi zirenen prokuradoreek zioten baimena lortuta zutela askatasun osoarekin merkataritza egiteko eta, ikusirik alkateek ardoa eta txakolina saltzen zutenen aurka egiten zutela, halako ekintzak bat-batean moztea eskatu zuten.
  • 1559-11-1. Ikusirik inork ez zuela nahi sagardoa saltzen jartzerik, herri barruan 11 pertsonek zutela jakin ondoren, binaka txandatuz saltzen jartzeko agintzea erabaki zuten. Haienak erabat amaitu bitartean, ondorengo biei ezinezkoa zitzaien gauza bera egitea.
  • 1559-11-1. Getariko txakolina jarri zuten errematean, baina lehen unean eginiko bi almodenetara behintzat ez zen inor agertu.
  • 1559-10-25. Lorentza Garagarzak dotean emandako Usanditzaga etxea saltzeko baimena eskatu zuten Frantziskanetako lekaimeek.
  • 1559-10-15. Ternuako bakailaoaren errematea egin zuten, esanez ona, lehorra eta markatu gabea izan beharko zuela. Bi dendatan saldu zuten, libra bakoitza zortzi marairen truke.
  • 1559-10-15. Elizaren bidez, tabernariek eta ostariek jaiegunetako meza nagusia amaitu bitartean inor ez hartzeko agindua zutela adieraztea erabaki zuten, bidaiariak ez baziren behintzat. Hamar maraiko isuna jarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.
  • 1559-9-29. Iskanbilak sortu ziren agintarien aukeraketa egitean, bakarren batzuek herritik kanpo edo ohiko bizitzarik ez zutelako egiten euren emaztearekin.
  • 1559-9-11. Azketako iturriko lanak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1559-9-11. Odria auzoko basoetan sua izan zen ilunabarrean, eta gauean hura zaintzen egon ziren lau gizonezkori lana ordaindu zieten.
  • 1559-4-26. Izarraizko putzuak ez zuen ura behar bezala gelditzen eta konpontzea erabaki zuten. Bidez batez, baita Azketako iturria ere.
  • 1559-3-20. Elola kaperako Miguel Zandategi organo jolea hil zenean, postua libre zegoela adieraztea erabaki zuten, norbaitek nahi bazuen ere postua bereganatu.
  • 1559-2-9. Nikolas Saez Elolaren ondoretasunari buruz Frantziskanekin zuen auzia alde batera uztea erabaki zuen herriak.
  • 1559-2-9. Gauero erronda egitea eskatu zieten udaltzainei. Eskolan jarraitzen zuten gazteei eta ikasleei armak kendu zizkieten, baita kartzelaratu ere.
  • 1558-12-30. Sebastian Altuna udaltzainari sendiarekin herri barrura bizitzera etortzeko jakinarazi arren horrela ez zuenez egin, postutik bidali egin zuten. Baltasar Egurza izendatu zuten haren ordez.
  • 1558-11-13. Enperadorea hiltzean eta ohiturari jarraituz, hileta elizkizunak antolatzea erabaki zuten. Alkateen aldetik lutua eraman zuten.
  • 1558-8-15. Frantzian sartzean, Segura eta herriaren artean sortutako eztabaidak aipatu ziren, baina aktan gehiegizko xehetasunik jaso gabe.
  • 1558-7-26. Herri Batzarrean adierazi zuten otsailean eginiko soldadu irteerarekin eta orain egin zenarekin sortutako gastuei aurre egin ezinean zela herria, eta derrigorrezkoa zela nonbaitetik dirua lortzea. Herrian bizi ziren hidalgo bakoitzak bi dukat ordaintzea erabaki zen, eta Nafarroa, Araba, Frantzia eta beste nonbaitetik herriratutako pertsona bakoitzak zazpi erreal. Zerrenda desberdinak egin zituzten horretarako.
  • 1558-5-28. Kontribuziorik ordaintzen ez zuenari herriko baratzarik ez ematea erabaki zuten, eta hogei egunen barruan baratzak zituzten guztiek Udalari jakinarazi beharko ziotela aginduz.
  • 1558-4-13. Erorita zegoen Amuko zubia eta hori konpontzeko behar ziren egurrak aurkitzea erabaki zuten.
  • 1558-3-7. Azken gerrateetan sortutako zorrak ordaintzeko 1.000 dukat osatu nahirik, derrama bat egitea onartu zuten herritarren artean.
  • 1558-2-5. Frantzisko Iñiguez Alzaga kapitain izendatuz ondorengo igandean alardea egitea erabaki zuten.
  • 1558-1-5. Herriak Tomas Zandategi izendatu zuen maisutzarako.
  • 1557-7-9. Bilbotik herriratu zen eskolako maisua Udalak nahi zuen denboraldirako onartu zuten, eta 60 ikasle izango zituela promes egin zioten. Gutxiago izanez gero, herriak diferentzia ordaintzeko tratua egin zuten.
  • 1557-4-1. Herriaren sarrera nagusiko armarria egiteko Domingo Rezabal maisuarekin egin zuten eskritura.
  • 1557-4-1. Enkantean jarri zuten Amuko zubia egitea.
  • 1557-3-31. Hiru egunen barruan Enparan kalean bota zen dorrearen hondakinak kentzea eskatu zioten Aszensio Eizagirre jabeari.
  • 1556-11-2. Frantzisko Borja eta Aragonek herriko agintari eta berezien aurrean esan zuen ez zela egia herrian zabaldurik zegoena -Elolako hiru kaperau izendatu zituela parrokiko patroi bezala jokatuz-, baizik eta herritarrek asmatutako gezurra zela hori, herriaren eta bere artean eztabaida sortu asmoz.
  • 1556-11-2. Herritarren aldetik Borjari eskatu zioten herriaren eta bere artean ez ezik, erretorea eta apaizen artean ziren iskanbilak mozteko bidea aurkitzeko, eta bi alderdiek Amador lizentziatua eta Martin Perez Zurbano izendatu zituzten gestioak egiteko.
  • 1556-10-29. Atxaran batxilerrari eta Lopez Zubizarreta eta Akemendi lizentziatuei elkarlanean Elolaren Fundazioko ordenantzak idazteko eskatzea erabaki zuten. Kaperau, gramatika, katedra eta ezkongaien doteei buruz guztia jasotzea eskatu zieten.
  • 1556-10-19. Juan Borja erretoreak jakinarazi zuen Elolaren kapera egiten ari zen Domingo Rezabal maisuaren ustez elizaren pilare bat nahiko hondaturik zela, eta herriak erabaki zuen Hernanin zen Domingo Olozaga maisuari albistea pasatzea eta herrira etortzeko eskatzea.
  • 1556-8-4. Herri barruko eta kanpoko biztanleek aginduta, lau gizonezko basoan ibili ziren zenbat ezkur zegoen jakiteko. Udalbatzarrean 310 txerrirentzat adina ezkur bazela adierazi zuten.
  • 1556-7-31. Loiolako Inazio hil zen, Erroman.
  • 1556-5-5. Haragi hornikuntza egiteko baldintzak izendatu zituzten, batez ere ahariari dagokionez.
  • 1555-10-2. Alkateek, erregidoreek eta eskribauak erabaki zuten batzarretan erabilitako gaiak isilean gordetzea, eta zin egin zuten, gainera.
  • 1555-9-29. Alkateek, karguei zin egitean, Elolaren testamendua gordetzea sinatu zuten.
  • 1555-4-5. Felipe II.a Espainiako erregeak Gipuzkoako korrejidoreari armaturik zen jendea sakabanatzeko agindu zion. Ondoren, Urrestillako aldarea eta eliza lurreratzeko agindu zuen.
  • 1554-11-18. Pedro Ugartek herriarekin eskritura sinatu zuen, Pagaola eta Korostorzu inguruko basoetan 600 oinkada gaztainondo landatzeko 11 urtean, bi hosto aldi egitean herriaren eskuetara pasatuz.
  • 1554-3-27. Urrestilla, Nuarbe, Aratz, Oñazmendi eta Elosiagako biztanleen eskaerari erantzunez, Julio III.a aita santuak Urrestillako eliza egiteko bulda eman zuen.
  • 1553-12-14. Nikolas Saez Elolak testamendua egin zuen, bere ondasunen patroi Udala izendatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan