Efemerideak

  • 2016-7-26. Mikel Larrañagak Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen.
  • 2016-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten.
  • 2016-7-22. Eusko Gudarostearen sorrerako 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldia ospatu zuten Loiolan.
  • 2016-7-22. Xaguxatar parkea inauguratu zuten, Ingurugiro Etxea Museoaren ondoan.
  • 2016-7-21. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Azpeitiko Sorkuntza Bekaren kontra helegitea jarri zuela jakinarazi zuten bekaren sustatzaileek, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak.
  • 2016-7-20. Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak herritarren eskura jarri zituen Udalak, Udal Liburutegian.
  • 2016-7-11. Amagoia Gurrutxaga kazetariak epaimahaiaren aipamena jaso zuen Rikardo Arregi sariketan.
  • 2016-7-4. Esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Azpeitiak Donostiako Atano III.ean, Astigarraga 3-0 menderatuta. Horrenbestez, Gipuzkoako bosgarren txapela lortu zuten Azpeitiko pilotariek.
  • 2016-6-22. Iñaki Bergara 'Pio' aktorea hil zen.
  • 2016-6-18. Urrestilla eta Azpeitia arteko bidegorria eskatzeko martxa jendetsua egin zuten.
  • 2016-6-7. Mikel Labaka Realaren gizonezkoen talde nagusiko hirugarren entrenatzaile izendatu zuten.
  • 2016-6-5. Independentziari buruzko herri galdeketa egin zen herrian. 4.781 pertsonek eman zuten botoa, eta hauek izan ziren emaitzak: independentziaren alde„ %94,56 (4.524 herritar); kontra, %3,98 (188); baliogabeak izan ziren 52 boto, boz guztien %1,1a; eta zuriak izan ziren 17 boto, bozen %0,36a.
  • 2016-5-31. Bost proiekturen artean banatu zituzten Udalak eta Kultur Mahaiak lehen Sorkuntza Bekaren sei mila euroak: Ikus-entzunezko bi proiektu, maketa baten eta CD baten grabazioak, eta euskal mitologian oinarritutako txotxongiloak.
  • 2016-5-31. Espainiako bandera kendu eta ikurrina jarri zuten udaletxean 'azpeitiar bizardunek'.
  • 2016-5-27. 1960-2014 tarteko giza eskubideen urraketen ikerketaren agiri guztiak Udalaren esku utzi zituen Aranzadiri.
  • 2016-5-25. Gurutzea jarri zuten berriro Erloko tontorrean, 2014ko abenduaren 31n desagertutakoaren tokian.
  • 2016-5-10. Auzarazako 18. karrerako balkoiak botatzea agindu zion Udalari EAEko Auzitegi Nagusiak.
  • 2016-5-7. Walter Becerra eta Maider Fraile izan ziren azkarrenak XII. Izarraizko mendi lasterketan.
  • 2016-5-3. Bustinzuriko Errebaleko ibai aldeko kaleari '1766ko matxinada' izena jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako proposamenaren harira.
  • 2016-5-1. Espainiako Kick Boxing Txapelketa irabazi zuen Ainara Torviscok, Sevillan (Andaluzia, Espainia).
  • 2016-4-29. Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen Joxe Takolo Beka.
  • 2016-4-16. Emmanuel Bett-ek eta Zulema Fuentes Pilak irabazi zuten XXIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.
  • 2016-4-16. Donostiako Administraziorako Auzien 2. epaitegiak atzera bota zuen presoen familiei laguntzak emateagatik Espainiako Estatuko Abokatuak Udalari jarritako helegitea.
  • 2016-4-13. Joxean Agirrek 'Gizajoen katalogoa' eleberria aurkeztu zuen.
  • 2016-4-9. Ainara Torviscok Euskadiko Kick Boxing Txapelketa irabazi zuen, Zallan (Bizkaia).
  • 2016-4-7. Matxinbentako Igartzolabekoa baseria erre zen.
  • 2016-4-5. Donostiako 2. Instrukzioko epaitegiak atzera bota zuen Pasaiako segadaren kasua artxibatzearen aurkako helegitea.
  • 2016-3-23. Urola Erdiko autobusak azkenean Donostiako geltoki berrira iritsiko zirela jakinarazi zuen Udalak.
  • 2016-3-19. 'Azpeitia 1936-1945' liburua aurkeztu zuten Sanagustinen, Gerra Zibilaren eta frankismoaren lehen urteetako Azpeitiko memoria jasota.
  • 2016-3-15. Anartz Izagirrek bigarren saria eskuratu zuen Xabier Portugal Pasaia Hiria olerki lehiaketan, 'Forma geometrikoak zure baitan' olerki bildumarekin.
  • 2016-3-1. Iraurgi Ikastetxeak Betharrameko eraikina berritzeko eta erabiltzeko hitzarmen berria onartu zuen Udalak.
  • 2016-2-23. Eroskik 2017an Azpeitian beste saltoki bat irekiko zuela iragarri zuen, Joan XXIII.a kalean, Landu altzari enpresaren pabilioi zaharren tokian.
  • 2016-2-22. Azpeitiko ahari jokoen kontrako salaketak jarri zituen Equo alderdiak.
  • 2016-2-21. Nicolas Oteiza 'Kaito' hil zen.
  • 2016-2-18. 150. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen Udal Musika Bandak.
  • 2016-2-16. Pasaiako segadako gertaerak ikertzearen aldeko helegitea jarri zuen Udalak.
  • 2016-2-16. Julen Belamunok 'Gaueko zaintzailea' aurkeztu zuen, bere lehen eleberria.
  • 2016-2-12. Lasaoko Herri Etxea inauguratu zuten.
  • 2016-2-5. Kontxu Odriozola aktorea hil zen.
  • 2016-2-3. Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuela jakinarazi zien familiei Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak.
  • 2016-2-1. Lapatxek Gipuzkoa osoko zaborrak hartzen jarraitzea erabaki zuen Urola Erdiko Mankomunitateak, bete arte, baina zabortegia handitzeari uko eginez.
  • 2016-1-16. Hitzartu, Azpeitian independentziaren gaineko herri galdeketa egiteko sortutako gizarte taldea aurkeztu zuten Soreasu antzokian. Galdeketaren data (ekainak 12; gero 5era aurreratuko zuten) eta galdera ere ('Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? Bai/ez') aurreratu zituzten.
  • 2016-1-16. Jose Luis Frantzesena 'Schubert'en liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak, Maialen Etxanizek idatzia.
  • 2016-1-15. Esperantoa-euskara hiztegia aurkeztu zuen Aitor Aranak, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.
  • 2016-1-14. Miren Garatek Tene Mujika saria irabazi zuen, 'Ekaitzaren zipriztinak' proiektuarekin.
  • 2016-1-7. Espainiako bandera jarri zuten udaletxean. 2012an jakinarazi zion Udalari Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Carlos Urkijok bandera jarri behar zuela; eta 2015. urte hasieran jaso zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, bandera jartzeko aginduarekin.
  • 2016-1-6. Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan zuloak aurkitu zituztela jakin zen.
  • 2016-1-5. Laxaro Azkunek idatzi du eta Azpeitiko Udalak argitaratutako 'Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean' liburua aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean.
  • 2015-12-23. Lana Erregulatzeko Iraungitze Txostena aurkeztu zuen Antzibar enpresak.
  • 2015-12-19. Ilunpe Pilota Elkarteak jaso zuen 2015eko Azpeitiko Kirolaria Saria.
  • 2015-12-12. The Friday's Crew taldeak hirugarren diskoa aurkeztu zuen, 'Hemen gara'.
  • 2015-12-11. 50. urteurreneko liburua aurkeztu zuten Karmelo Etxegarai eta Urola ikastolek.
  • 2015-12-3. Pako Garmendia soziologo eta politikari ohia hil zen.
  • 2015-12-2. 16 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Josu Urbieta 'Pow'-ri Frantzian, Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik egindako epaiketan.
  • 2015-11-27. Kaluse taldeak lehen diskoa aurkeztu zuen, zuzenean, Gaztetxean.
  • 2015-11-27. Valverde drogeriak Gipuzkoako Bazkundearen '10 Bitxiak' sarietako bat jaso zuen.
  • 2015-11-25. Gorakadaren 'Moby Dick' lanak irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2015-11-21. 'Antxieta arkeologi taldea, 50 urte lanean gozatuz? liburua aurkeztu zuten udaletxean, taldearen mende erdiko ibilbidea jasoz Udalak argitaratua.
  • 2015-11-17. Hausnartu Euskal Soziolinguistika sarietako bat irabazi zuen Haritz Etxeberriak, 'EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan' lanarekin.
  • 2015-11-13. Sanjuandegiko auzo lokal berria inauguratu zuten, igerilekuko eraikinean.
  • 2015-11-12. 'Nire barneko mendiak' liburua aurkeztu zuen Jose Mari Azpiazuk.
  • 2015-11-12. Fernando Sanchez Aranazek idatzitako 'Iñigo de Loiola, tribulaciones entre Navarra y Roma' liburua aurkeztu zuten Loiolan.
  • 2015-10-30. Miren Gorrotxategik Agustin Zubikarai beka irabazi zuen, '33 ezkil' idatzi asmo zuen eleberri proiektuarekin.
  • 2015-10-29. Mikel Aiestarani eman zion 2015eko Euskal Kazetariak Saria Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE).
  • 2015-10-24. Pedro Otaegi aktorea omendu zuten, Euskal Antzerki Topaketen Antzerkizale Egunaren barruan.
  • 2015-10-14. Urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko eta espainiar estatuko lehen supermerkatua ireki zuten Eroskik eta Gureak taldeak Azpeitian, Bustinzuriko Errebalean.
  • 2015-10-3. UEMAko lehendakari izendatu zuten Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Azpeitian egindako batzar nagusian.
  • 2015-10-3. Izarraitz Igeri Elkarteak 30. urteurrena ospatu zuen.
  • 2015-9-26. Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala egin zuten Berdura plazan. Astigarragako Petritegi sagardotegiak irabazi zuen saria.
  • 2015-9-26. Ikastolen Elkarteak Azpeitian, Soreasu antzokian, egin zuen ikasturte berriaren irekiera ekitaldia, herrian lehen ikastola sortu zeneko 50. urteurrena gogoan hartuta.
  • 2015-9-20. Basilio Urbistondo gudari urrestildarra omendu zuen Udalak.
  • 2015-9-17. Udal Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren egoitza berria inauguratu zuten Soreasu kulturgunean.
  • 2015-9-12. Asier Cuevas atleta bigarren sailkatu zen 100 kilometroko Munduko Txapelketan, Herbehereetan.
  • 2015-9-6. Hiru gazte -azpeitiar bat eta bi errezildar- hil ziren Lasaon auto istripuz, Zestoako festetatik bueltan.
  • 2015-8-30. Hego Tiroleko eta Suitzako selekzioak gailendu zirenLoiolako zelaietan jokatutako Europako Sega Txapelketan.
  • 2015-7-30. Europako Sega Txapelketa iragartzeko Etxebeltz-Izarrako biribilgunean jarria zuten belar-metari su eman zioten.
  • 2015-7-27. Loiolako Turismo Bulego berria inauguratu zuten, santutegiaren aurrekaldean.
  • 2015-7-26. Nicolas Oteiza 'Kaito' Azpeitiko Kultur Mahaiko ohorezko bazkide izendatu zuten.
  • 2015-7-25. Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren azpeitiarrek Gipuzkoako Helduen 66. Dantza Solteko Txapelketa irabazi zuten.
  • 2015-7-25. Azpeitiak esku-pilotako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazi zuen, Iruñean jokatutako finalean Uharte 1 eta 2 gaindituta.
  • 2015-7-23. Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen Gallardok Corrugadoseko langileak bota izana, 2014ko epaia berretsi eta ELA eta LABeko ordezkari sindikalek jarritako helegitea atzera bota ondoren.
  • 2015-7-23. Iraurgi Saskibaloiko emakumeen talde nagusia 2015-2016 denboraldian Espainiako maila gorenean ariko zela jakinarazi zuen Espainiako Saskibaloi Federazioak.
  • 2015-7-23. Joxe Arruti 'Xurubille' tronpeta-jotzailea hil zen, 71 urte zituela. 58 urtez aritu zen Arruti Azpeitiko Musika Bandan.
  • 2015-7-21. Imanol Eliasen familiak Udalaren esku utzi zituen hark idatzitako liburuak-eta.
  • 2015-7-15. Amaia Azkueren hiltzaileak 2012an jaso zuen 10 urteko zigorra adingabekoentzako zentroan betetzen jarraitzea ebatzi zuen Donostiako Adingabekoen Epaitegiko epaileak.
  • 2015-7-10. Oihana Goenaga igerilariak Espainiako Txapelketan urrea irabazi zuen 200 metro libreetan.
  • 2015-7-5. Azpeitiak esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen, laugarren aldiz, Donostian jokatutako finalean Tolosa 3 eta 0 menderatuta.
  • 2015-7-4. Ansa II.ak eta Agirrezabalak irabazi zuten Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa.
  • 2015-6-29. Txillidaren Loiolako eskultura lurrera bota izana salatu zuen Udalak. Ekainaren 25eko gauean aurkitu zuten artelana botata.
  • 2015-6-29. Plazako kiosko berriaren lanak hasi zituzten.
  • 2015-6-25. Granada bat aurkitu zuten Foru Ibilbideko etxe bateko ganbaran.
  • 2015-6-24. Haurrentzako jolas parkea jarrita, bukatuta gelditu ziren Aratzerrekako plaza berritzeko lanak.
  • 2015-6-24. Javier Larrañaga Gipuzkoako Finantza eta Ogasun diputatu izendatu zuten.
  • 2015-6-19. Eguzkiñe Egaña zarauztarrak irabazi zuen XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2015-6-18. Orkatz konfiskatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 'herriko tabernen' kontrako epaia berretsita.
  • 2015-6-17. Maialen Etxanizek ikusleen saria jaso zuen Euskadiko Gazteria Kontseiluaren bideo lehiaketan.
  • 2015-6-14. Malagak irabazi zuen futboleko alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketa.
  • 2015-6-6. Festa giroan inauguratu zuten Azkue lantegia, Azcue y Cia altzari enpresaren lekukoa hartu zuena.
  • 2015-5-24. EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak, gehiengo osoarekin (%52,03). EAJ izan zen bigarren bozkatuena (%41,29). Bi alderdiok soilik lortu zuten ordezkaritza, 10 eta 7 zinegotzirekin, hurrenez hurren.
  • 2015-5-17. Zurt ISB taldeak Espainiako Emakumeen Bigarren Mailarako igoera lortu zuen, herriko kiroldegian jokatutako igoera fasean nagusitu ondoren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan