Hamarkada: 2010

  • 2014-12-31. Erloko tontorreko gurutzea desagertu zela jakinarazi zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak.
  • 2014-12-30. Patxi Azkargortari eskainitako liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarriak, Aintzane Larrañagak idatzia.
  • 2014-12-20. Ion Etxeberriak, Koteto Ezkurrarekin bikotea osatuz, hirugarren aldiz irabazi zuen Binakako Erremonte Txapelketa. Ezkurra II.a eta San Miguel 40-35 gainditu zituzten finalean, Galarretan.
  • 2014-12-20. Kadete nesken Gerdau ISB saskibaloi taldeak jaso zuen 2014ko Azpeitiko Kirolaria saria.
  • 2014-12-19. Lapatx zabortegiaren itxiera 2015eko udazkenera atzeratuko zutela iragarri zuten Diputazioak, GHK-k eta Urola Erdiko Mankomunitateak; otsailean, urte berean baina apirilean itxiko zutela esan zuten.
  • 2014-12-17. Guillermo Aizpuru zena omendu zuen Diputazioak, frankismo garaian bortxazko lanak egin zituzten beste gipuzkoar batzuekin batera. Abenduaren 3an hil zen Aizpuru eta haren bilobak jaso zuen oroigarria.
  • 2014-12-12. Madalenako ermitaren ondoko etxebizitza eraitsi zuten.
  • 2014-12-7. Jabi Agirre Sevilla II espetxetik atera zen. ETAko talde bati laguntzea egotzita, 2003tik zegoen kartzelan.
  • 2014-11-28. Lakrikun taldearen 'Non gaude?' lanak irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2014-11-27. 'Mugarria' aurkeztu zuen Uztarriak, Kultur Koordinakundearen 16 eta aldizkariaren 15 urteko ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa.
  • 2014-11-27. Ildefonso Gurrutxaga eta Garate Anaia kaleak lotzeko igogailua inauguratu zuten.
  • 2014-11-25. Nafarroako Gobernuaren Sorkuntza Literarioko Saria irabazi zuen Koldo Azkune Etxebarrik, 'Garatea' nobelarekin.
  • 2014-11-16. Inazio Agirre 'Ederti' hil zen. Umeen danborradako aurreneko karrozaren egilea (1958), 2005a bitartean 37 karroza egin zituen.
  • 2014-11-13. Jose Luis Otamendik 'Kapital publikoa' poema liburua aurkeztu zuen.
  • 2014-11-7. Pako Aristik 'Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat' liburua aurkeztu zuen.
  • 2014-11-5. Antxieta Arkeologia Elkartekoek Ezkuztako kobazuloan aurkitutako Madeleine aldiko bi haga aurkeztu zituzten.
  • 2014-11-1. Mikel Larrañagak Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketa irabazi zuen, Asteasun.
  • 2014-10-22. Alberdineko etxea botatzen hasi ziren.
  • 2014-10-21. Plaza berritzeko obrak tarteko, Done Jakue kalean jarri zituzten lehen aldiz astearteroko azokako postuak.
  • 2014-10-18. Amets Amubietak eta Maialen Aldalurrek XXXVIII. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten, Seguran.
  • 2014-10-16. Lapatxeko zabortegia 2015eko apirilean itxiko zutela berretsi zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
  • 2014-10-14. Plaza Nagusia berritzeko lanak hasi zituzten.
  • 2014-10-14. Nagore Aranburuk emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Tokioko Latin Beat jaialdian, 'Loreak' filman egindako lanari esker.
  • 2014-10-7. Jesus Guibert hil zen, Marcial Ucin enpresako kudeatzaile ohia.
  • 2014-9-30. Pako Aristik 'Urari ostutako poemak' liburua aurkeztu zuen.
  • 2014-9-24. Azpeitiko baratze parkea inauguratu zuten, Otzaka aldeko eta Olatz ondoko sailek osatutakoa.
  • 2014-9-22. 1/12 sumarioan Segiko kide izatea egotzita auzipetu eta epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten Irati Tobar, Jazint Ramirez, Imanol Salinas, Igarki Robles eta Xabier Arina babesteko Aske Gunea osatu zuten Loiolan. Egun berean desegin zuen Ertzaintzak, bost auzipetuak eta beste partaide batzuk atxilotuz; tartean, Esteban Orbegozo azpeitiarra.
  • 2014-9-20. 1936ko gerra aurreko Azpeitiko Udaleko azken korporazioa osatu zutenak eta garai hartako udal langileak gogora ekartzeko plaka jarri zuten udaletxeko sarrera nagusiaren ondoan.
  • 2014-9-10. Patxi Azkargorta hil zen, Azpeitiko Ikastolaren sortzaileetakoa eta Ilunpe Pilota Elkartearen aurreneko lehendakaria.
  • 2014-9-7. Nikolas Segurola omendu zuten Gipuzkoako Artzain Egunean, Legazpin.
  • 2014-8-9. Pilar Aizpitarte aktorea hil zen.
  • 2014-7-31. Kepa Peñagarikanok pilota utzi zuen, hamabi urtez pilotari profesional izan ostean.
  • 2014-7-30. Orkatz konfiskatzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak 'herriko tabernen' auziko epaian.
  • 2014-7-1. Maier Lizaso izendatu zuten Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakari.
  • 2014-6-19. Azpeitikoak eta Gipuzkoako beste 75 udalek datuak trukatzea adostu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
  • 2014-6-15. Azpeitian herri galdeketa egin zen aurrenekoz. Plaza nola eraberritu erabakitzeko egin zen galdeketa, eta oinezkoentzat eta kioskoduna izatea bozkatu zuen hauteslekura joandako herritarren gehiengoak.
  • 2014-6-11. Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak, beste 39 gazte independentistekin batera.
  • 2014-6-10. Mari Jose Aranguren Orkestra Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunerako Institutuko zuzendari nagusi izendatu zuten.
  • 2014-6-10. Aitor Zulaika futbol entrenatzaileak Real Unionekin fitxatu zuen.
  • 2014-6-3. Gazte lokalak arautzeko ordenantza behin betiko onartu zuen Udalak.
  • 2014-5-27. Azpeitia 'fracking'-aren mehatxupean zegoela salatu zuen Eguzki talde ekologistak.
  • 2014-5-25. EH Bilduk irabazi zituen Europako hauteskundeak. EAJ bigarrena izan zen, 451 botora.
  • 2014-5-22. 'Benan, mendia arnas' dokumentala estreinatu zen, Mendi Astearen baitan. Xumar Altzugaraik eta Estitxu Fernandezek egin zuten ikus-entzunezkoa.
  • 2014-5-10. Hainbat udal ordezkari eta herriko alkate eta zinegotzi izandako hautetsi erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren.
  • 2014-5-1. Madalenako ospitale berrituko interpretazio zentroa inauguratu zuten.
  • 2014-4-11. Gorka Azkunek Caf-Elhuyar Dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria jaso zuen.
  • 2014-3-23. Tomas Zubizarreta 'Zendoia' omenduko zuten San Jose Trikiti Jaialdian.
  • 2014-3-23. Andoni Azpillagak zakur leren Espainiako Txapelketa irabazi zuen, Baqueira Bereten (Katalunia).
  • 2014-3-22. Marka berria ezarri zuen Alex Opotiptipek keniarrak XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian.
  • 2014-3-20. Hausnartu sarietako bat jaso zuen Garbiñe Bereziartuak.
  • 2014-3-20. Corrugadoseko enpresa batzordeek Auzitegi Nazionalaren epaiaren kontrako errekurtsoa Auzitegi Gorenean aurkeztuko zutela jakinarazi zuten.
  • 2014-3-19. Grumal ere likidazio bidean jarri zuen Fagorrek.
  • 2014-3-18. Auzitegi Nazionalak Gallardoren alde egin zuen Corrugados Azpeitia eta Lasaoren auzian, eta langileei ezarritako Lana Erregulatzeko Txostena ontzat jo zuen.
  • 2014-3-14. Urola Erdiko sustapen ekonomikorako akordio politikoa adostu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek eta alderdi politikoek.
  • 2014-3-10. Emakume bat hil zen Loiolan, autobusak harrapatuta.
  • 2014-3-6. Azkue Literatur Saria jaso zuten Urola Ikastolako ikasle Olatz Bereziartuak, Lorea Azpiazuk eta Aiora Amenabarrek.
  • 2014-3-5. Jabier Altuna Gipuzkoako batzarkide izendatu zuen EAJk.
  • 2014-2-25. Iban Arregi Hekimeneko lehendakari izendatu zuten.
  • 2014-2-22. Alex Silva Kazetarien Elkargoko zuzendaritzako kide izendatu zuten.
  • 2014-2-19. Lapatx 2015eko apirilean itxiko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2014-2-5. Urrestillako Igartza baserria guztiz erre zen. Ez zen inor zauritu.
  • 2014-2-4. Abortuaren legearen erreforma proiektuaren aurkako adierazpena aho batez onartu zuten udalbatzarrean.
  • 2014-1-30. Grumaleko 148 langileak kaleratzeko dossierra aurkeztu zuten konkurtsoa kudeatzen ari ziren administratzaileek.
  • 2014-1-30. Urolaturismo.net webgunea aurkeztu zuten Urola Erdiko sei alkateek, Iraurgi Berritzeneko ordezkariek eta webgunea berritzeko lanak burutu zituztenek.
  • 2014-1-23. Azpeitiko Enplegu Orientazio Zentrua zabaldu zuten, Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan.
  • 2014-1-20. Luciana Pizarrok 100 urte bete zituen.
  • 2014-1-8. Mondragonek ezetz esan zion Grumal kooperatiba bihurtzeko eskaerari.
  • 2014-1-8. Unai Iparragirre txirrindulariak Start-Trigon taldearekin fitxatu zuen.
  • 2014-1-8. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok, beste hainbat udalerriren gisan, Azpeitiko Udala ohartarazi zuten, kontratazioetan hizkuntz irizpideak eskatzeagatik.
  • 2014-1-7. Amets Arzallus, Euskal Herriko bertsolari txapelduna, Estitxu Elduaien kazetariarekin aritu zen solasean Sanagustin kulturgunean, 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloaren baitan.
  • 2013-12-31. Ion Etxeberria eta Uterga erremontistek 43. Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuten.
  • 2013-12-29. Manolo Sanjuan tailagilea ohorezko bazkide izendatu zuen Kultur Mahaiak.
  • 2013-12-28. Maria Jesus Arregiren liburuxka biografikoa aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak. Eneritz Albizu kazetariak idatzi zuen biografia txikia.
  • 2013-12-17. Iraurgi Ikastetxeak eta Altuna y Uria SA enpresak Bikain Ziurtagiria jaso zuten.
  • 2013-12-16. Corrugados Lasaoko ekoizpena gelditzeko asmoa agertu zuen Alfonso Gallardok.
  • 2013-12-9. Fagor Etxetresnak kooperatibak Grumalentzat azaroaren 28an aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu zuen Donostiako Auzitegiak.
  • 2013-12-4. Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa aurkeztu zuen Udalak, jendaurrean.
  • 2013-12-3. Dimisioa eman zuten Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kideek, tartean Patxi Goenaga azpeitiarrak.
  • 2013-12-2. 'Aio!' film laburrak, Erabaki Produkzioak taldearen bigarren lanak, argazki onenaren saria jaso zuen Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Azpeitian handik egun gutxira aurkeztu zuten lana, abenduaren 5ean, Soreasu antzokian.
  • 2013-11-28. Grumal enpresarentzat hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen Fagor Etxetresnak kooperatibak.
  • 2013-11-28. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Partaidetzazko aurrekontuak' proiektu pilotuaren azken batzarra egin zen Sanagustin kulturgunean. Han, Urola Erdiko herritarrek Aldundiak bailarara bideratutako 500.000 euro inbertitzeko zazpi proiektu zehaztu zituzten, 2014ko foru aurrekontuetan sartzeko.
  • 2013-11-26. Jon Contreras 22 urteko azpeitiar gaztea hilik topatu zuten Urola ibaian, Lasao inguruan, bi egun desagertuta eman eta gero.
  • 2013-11-23. Jorge del Cidek eta Nerea Odriozolak automobilismoko Lurreko I. Open Txapelketa irabazi zuten, Errioxan.
  • 2013-11-22. Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrarentzat izan zen XXXI. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria, 'Dena berriz bueltatzen da' lanagatik.
  • 2013-11-19. Juan Carlos Arruti 'Paterra' ETAko presoa aske atera zen Kordobako Alcolea kartzelatik, 24 urteko espetxealdia beteta. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina' deritzona indargabetu ondoren aske gelditu ziren presoetako bat izan zen azpeitiarra.
  • 2013-11-16. Libre Eguna egin zen herrian, 'herriko tabernen' auzian eta Segiren kontrakoan auzipetutako Orkatz Elkarteari eta Olatz Izagirreri babesa emateko.
  • 2013-11-15. Mikel Labaka futbolari ohia omendu zuten Garmendipen. Lagun Onak Futbol Taldeak antolatutako ekimenean, Labaka Lehen Mailan aritutako bi taldeek, Realak eta Rayo Vallecanok, lagunarteko partida jokatu zuten.
  • 2013-11-9. 'Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrontzat' lelopean manifestazio jendetsua egin zen, Elkar-ekinek sustatuta eta herriko hainbat eragileren babesarekin, krisiari aurre egiteko bide berriak aldarrikatuz.
  • 2013-11-9. Euskal Herriko Argazki Elkarteen Topaketak egin ziren Azpeitian, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 2013-11-9. Fagor Etxetresnak kooperatibak Grumalentzat aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu zuen Donostiako Auzitegiak.
  • 2013-10-31. Grumal enpresaren etorkizunaz "oso kezkatuta" agertu zen Udala. Fagor Etxetresnak kooperatibaren jabetzakoa zen Azpeitiko enpresa, eta Fagor Etxetresnak ixteko zorian zela jakin berri zen.
  • 2013-10-22. Xabier Azkargorta futbol entrenatzailea 'Doctor Honoris Causa' izendatu zuen Boliviako Cumbre Unibertsitateak.
  • 2013-10-20. Aitor Zabaleta auto-gidariak irabazi zuen Urrakiko XXXI. Igoera.
  • 2013-10-19. Unai Otaegi erremontistak, Olazarrekin bikotea osatuta, Oriamendi Promozioko Txapelketa irabazi zuen, Txapeldunorde izan zen beste azpeitiar bat, Jagoba Labaka, Etxabe II.arekin bikotea osatuta.
  • 2013-10-18. Azpeitiko Emakumeon Topaketak egin zituzten, lehen aldiz, urriaren 18an eta 19an.
  • 2013-10-15. Jose Maria Setien Donostiako apezpiku ohia Xabier Euzkitze kazetariarekin solasean aritu zen Sanagustin kulturgunean, 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloaren barruan.
  • 2013-10-14. Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna eta beste 39 gazte epaitzen hasi ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatearen akusaziopean, Fiskaltzak haientzako seina urteko kartzela zigorra eskatuta.
  • 2013-10-12. Benantxio Irureta mendizale zena omendu zuten jaioterrian, Aizarnan.
  • 2013-10-9. 'Azpeitiko idazleak' webgunea aurkeztu zuten, herriko euskarazko literatur ondarearekin eta hamazortzi idazleren nondik norakoekin hornitutakoa.
  • 2013-10-5. Bailarako jubilatuen lehen eguna ospatu zuten herrian, botiken berrordainketaren eta murrizketen kontrako aldarrikapenekin.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan