Hamarkada: 1860

  • 1866-2-4. Udalak, herrian somatzen zen langabeziaz jabetuta, herritarrei lana ematea erabaki zuen, sendien beharrei erantzun bat emateko asmotan. Egin beharreko zenbait obra aipatu ziren eta, horien artean, hilerrirako bide berria, ibai aldetik Zelai Luzen altxa zitekeen pareta handia eta abar.
  • 1866-1-29. Nuarbe auzoko biztanleek eginiko eskaera onartu eta herriak bertako ermita handitzea erabaki zuen.
  • 1865-11-6. Joan Amezua organo-egileak herriaren aldetik zor zaizkion lau mila erreal ordaintzeko eskatu zuen. Udalak erantzutea erabaki zuen: erabaki bat hartu aurretik, derrigorrezkoa zela egindako organoa ikustea perituen aldetik eta, behingoz, herriaren eskuetara pasatuko zela.
  • 1865-8-28. Isabel II.a Espainiako erregina herrira iritsi zen, Francisco de Asis, Cristina de Borbon, Alfonso, Asturiasko printzea eta Isabel infantarekin batera. Agintariek erreginak herria utzi ondoren bisitaldiaren kronika luzea osatu zuten, guztiaren berri emanez.
  • 1865-8-28. Amezuak egindako organoa aztertzea egokia zen hari askatasun osoa eman baino lehen, eta horrela adieraztea erabaki zuten.
  • 1865-8-14. Juan Amezuak eskatu zuen parrokiko organoa eman zuenetik lau urte igaro zirenez, orain artean izandako erantzun beharra ezerezean uzteko. Ondorengo batzarrerako Amezuarekin egindako eskrituraren berri jakitea erabaki zuten.
  • 1865-8-7. Genaro Enparanek uztailaren 30ean Enrike infantea eta bere semeei bi egunean ostatu eman eta bere etxean gogoz hartzeagatik idatzi baten bidez eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1865-7-3. Karmelo Etxegarai jaio zen. Idazlea izan zen, besteak beste.
  • 1865-6-12. Nafarreria zutenentzat San Miguel baserria prestatzen egindako gastuak ontzat hartu zituzten.
  • 1865-6-12. Erregina probintzira zetorrelako, baserri jabeei baserriak pintatzeko eskatu zien Diputazioak. Karea prestatu eta eskaintzea erabaki zuen herriak.
  • 1865-6-2. Udala batzar berezian bildu zen, nafarreria zuten pertsonak bakartu eta zainduak izan zitezen lokal bat aurkitu nahian, izurritea ez zabaltzeko. Alkateak adierazi zuenez, herriz kanpo zegoen Etxebeltz baserriko jabearekin hitz egin zuen. Hari etxea eta baratza urtebeterako alokatzeko eskatu zion. Etxebeltzekoak honako hau eskatu zion: bi mila erreal ordaintzeko nafarreria zuen inor gerturatzen ez bazen, eta gerturatzen bazen sei mila erreal. Alkateari gehiegizkoa iruditu zitzaion eta San Miguel baserriarekin pentsatzen hasi zen, erabili aurretik beharrezko obrak eginda. Bertan bizi zirenekin ere hitz eginda zegoen alkatea eta, gainera, tratu batera iritsi zen, une batetik bestera lanean hasteko baimenarekin. Denen aldetik onartu zen alkateak eginiko gestioa.
  • 1865-4-24. Barrenola-goikoan zartaginak eta pertzak egiten zituen Manuel Bidaurretak esan zuen oso egoera txarrean zegoela Gazte ingurutik Errezilera bitarteko bidea, eta konponketa egiteko laguntza eskaini zuen, ohiko ardoa eta ogia emanik. Herriak hark eginiko eskaintza ontzat hartu zuen.
  • 1865-3-6. Azken inauterietan eginiko gastuak aurkeztu zituzten, astearteko zekorketan hildako bi zezenen balioa ere barne zela, eta agintariek onartzea erabaki zuten.
  • 1865-3-6. Etxaniz errejidoreak aipatu zuen egokia izan zitekeela, batez ere merkatarientzat, gauzain batzuk izatea herrian, gogoan izanik, batez ere, azken gauean Frantzisko Nazabalen dendan eginiko lapurreta, eta herriak erabaki zuen horrelako zerbitzua antolatuta zuten herrien berri jakitea.
  • 1865-2-20. Herritar batzuen eskaerari erantzunez, herriak Loiola eta Igarate bitarteko bidearen eta Juanarro tokitik Loiolara bitartekoaren egoera ikustea erabaki zuen, haien konponketa beharrezkoa zen edo ez jakiteko.
  • 1865-2-20. Diru laguntza txiki baten truke, Mikel Bereziartuak inauterietan zezenak ateratzeko proposamena egin zuen, esanez prest zegoela enparantza ixteko. Baina Nikolas Uzinek baimena eskatu zuen, toki berean tendidoa jarri -hau da, Santo Domingo komentua eta Mantekape aldean- eta inauteri asteartean zekorketa antolatzeko, han esertzen zen bakoitzak erreal bat ordainduz. Azkenean, herriak batarekin eta bestearekin harremanetan jartzea erabaki zuen.
  • 1865-2-6. Plaza Txikiaren ertzean hasi eta Enparantza Nagusiaren amaiera bitarteko lauzadura berriztatzea erabaki zuten, Probintziak erdia ordainduko zuen zeharbidea baitzen.
  • 1864-11-28. Santo Domingo komentua botatzeko eginiko planoak eta gainontzeko lanak Mariano Joxe Laskurain arkitektuari ordaintzea erabaki zuten.
  • 1864-6-6. Gobernadoreak hilaren lehen egunean idatzitako ofizioaren berri eman zuten. Ofizioak zioenez, herriak egun batzuetara izango zituen Dezimal Metriko Sistemako pisu eta neurrien bilduma osoa.
  • 1864-5-2. Santo Domingo komentuaren eraikinean egin behar ziren obren enkantea onartu zuten, ibai ondotik hasi eta enparantzan baratzara bitartean etxebizitzen aurreko aldeak berdinduz.
  • 1864-4-18. San Domingo komentuaren desegitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1864-2-29. Herriak eginiko eskariari Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuen alkateak: 4.824'75 erreal emango zituen Errepideetako Zuzendariak eginiko txostenaren ondoren, Loiolako zubia zabaltzeko, haien artean eginiko konbenioa gogoan izanik. Udalak erabaki zuen zubia zabaltzeko lanak egin zituen Inazio Joxe Beristain maisuari guztira 17.000 erreal ordaintzea.
  • 1864-2-29. Pedro Guibertek Plaza Txikian Udalak zuen etxea denboraldi batean uzteko eskaera egin zuen. Izan ere, Erdi kaleko 7. zenbakia zuen etxea bota behar zuen derrigorrez, toki berean beste bat egiteko. Udalari eskatutako etxean, dendan zituen trasteak jaso nahi zituen. Baiezkoa eman zion Udalak, baina hilero bi duro ordaindu beharko zituen utzitako etxeagatik.
  • 1864-2-15. Juan Bautista Oiarzabalek Santo Domingo komentuan Guardia Zibilarentzat kuartela eratzeko egin zituen lanak aztertzea erabaki zuten.
  • 1864-1-11. Teodoro Erentxun jaio zen. Hark margotu zituen, besteak beste, parrokiko eskailera gaineko gangaren ertzetan izan ziren Anbroxio, Jeronimo, Agustin eta Gregorio santuen irudiak.
  • 1864-1-9. Tomas Leiariztik bederatzi urtean elurraren hornikuntza egiteko proposamena egin zuen. Izoztegi bat egitea ere eskaini zuen, herriak egurra emanik. Juan Odriozolak, ordea, eginda zeukan izoztegiren bat; aurrez haren anaiak egina zituen hornikuntza eta langintza, eta hori berari ematea eskatu zuen. Bataren eta bestearen eskaintzak alde batera uztea erabaki zuen herriak batzar nagusian.
  • 1864-1-9. Herriak, berak ordainduz, Izarraitzen izoztegi bat edo gehiago egitea erabaki zuen.
  • 1864-1-9. Azkenean, herriko txistularia zen Juan Ariznabarretarekin tratua egin zuen Udalak. Bederatzi urtean beharko zen elurra hornitu beharko zuen, hiru errealean salduz libera bakoitza, eta herrkoi festetan bigarren txistularia herriratuko zuela agindu zuen, bere kontura.
  • 1864-1-9. Ahalik eta azkarren herriaren dorrea konpontzea erabaki zuten.
  • 1863-4-27. Maiatzaren 23a, osteguna, aukeratu zuten Aszensio Inazio Altuna alkate zenaren hileta elizkizuna ospatzeko.
  • 1863-4-20. Aszensio Inazio Altunaren gorpua Gasteizen gelditu zen hilobiraturik eta, hura gogoratuz eta esker ona agertu nahirik, parrokian herriak ordainduz hileta elizkizuna antolatzea erabaki zuten.
  • 1863-4-9. Kristobal Aipuru alkateordeak zuzentzen zuen udalbatzar apartekoan adierazi zuten albiste tristea: "Aszensio Inazio Altuna alkatea hil zen atzo bertan, Gasteizen, bihotzekoak jota, Madrilen ospatzekoa zen Diputatuen Kongresurako bidean. Bertako kidea zen Tolosaldeko probintziako diputatu bezala". Haren hileta elizkizunera korporazioan joatea aho batez erabaki zuten.
  • 1863-2-6. Enparangain eta Errezil bidea konpontzen ari ziren langileei ohiko errazioak edo zatikoak ematea erabaki zuten: ohiko ardoa eta ogia.
  • 1863-1-12. Urrestillako kaleak harriztatzeko Udalak harriak prestatzeko tratua Joxe Mari Etxeberriarekin egin zuen.
  • 1862-12-1. Santo Domingo komentua zeneko lur eraikigarriak tasatu ostean, errematean saltzeko baldintzak aurkeztu zituzten. Erremate hori hil bereko 14an -igandean- hamaika eta erdietan egitea erabaki zuten, bertan adierazitako salneurriak oinarri hartuta.
  • 1862-12-1. Azpeitiko agintariek Donostiako Udalari idaztea erabaki zuten, Baionatik edo Donibane Lohizunetik garia nola ekarri jakiteko. Baina Donostiako agintariek ere zalantza bera zuten. Hala ere, iritsi zen halako batean garia Donostiara eta handik Azpeitira ekarri zuten anega bakoitzeko 30 erreal ordainduta. Baina urriaren 1ean anega bakoitzeko, pare bat erreal gehiago ordainduta bazen ere, lurraldeko garia erostea erabaki zuen Udalak, bertako garia Donostiatik ekarritakoa baino hobea zelako.
  • 1862-10-27. Alkateak Santo Domingo komentua izandako eraikinean kuartel berria egiteko baldintzak eta aurrekontua jakitera eman zituen. Eraikinaren luzera guztian, ibaira bitartean arkuak egin zituzten. Udalak erabaki zuen guztia ontzat hartzea eta errematean jartzea azaroaren 4an.
  • 1862-10-13. Alkateak Santo Domingo komentua izandako lurretan etxebizitzak egiteko sortutako hiru zatiren neurri eta balorazioak aurkeztu zituen, erremate publikoan salketa egiteko baldintzen berri emanez. Udalak erabaki zuen ontzat hartzea eta errematea egiteko eguna hil haren 21a izendatzea, goizeko hamaiketan.
  • 1862-10-6. Mariano Jose Laskurain arkitektuak eginiko bi plano aurkeztu zituen alkateak. Haietako bat Santo Domingo komentua izandakoan kuartel berria egiteko erabiliko zuten. Besteak, berriz, arkuen gainean egin beharko ziren langintzak erakusten zituen. Joxe Mari Azpiroz azpeitiar perituari aurrekontuak prestatzeko eskatu zioten.
  • 1862-9-22. Lau hilabete igaro ziren Santo Domingo komentua eta eliza inguruan, kaletik ibaira bitartean, arkuak egin zituztela plazara begira. Gainean eraikin egokirik gabe, arkuak alferrik galtzeko arriskua ikusten zuten, zutik gelditzen zen komentuaren zatiak ere itxura txarra ematen zuelako. Kontuan izanik herriaren eskuetara pasaturik zela tokia Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko eta Mariano Joxe Laskurain arkitektuak prestaturik zuela herriak eskatutako planoa -kuartela ez ezik, eraikin berriak ere agertzen ziren-, herriak ahalik eta azkarren gestioak egitea erabaki zuten, Espainiako Gobernuarekin zuen konpromisoa betetzeko.
  • 1862-7-21. Gipuzkoako azken Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren berri emanez idatzi zuen Diputazioak. Herriak egindako eskaerari erantzunez, Loiolako zubia zabaltzea ontzat hartu zuten. Lanak Mariano Joxe Laskurain arkitektuaren zuzendaritzapean egingo zituzten.
  • 1862-7-13. Urrestillako kalean lauzadura berria jartzeko harria garraiatzea errematatu zuten.
  • 1862-5-14. Martxoaren 21ean hartutako erabakiaren ondoren familietan ziren eskopetak ikusiak zituzten eta hurrengo goizean meza nagusiaren ondoren pregonariaren bidez zera adieraztea erabaki zuten: herri barruan bizi ziren guztiak udaletxean agertzeko euren eskopetekin, horiei marka bat egiteko. Herriz kanpo ziren eskopetei gauza bera egiteko, berriz, bi pertsona izendatu zituzten.
  • 1862-3-17. Probintziako Batzar Nagusiak ospatuko ziren berehala herrian, eta enparantza nagusia txukuntzea erabaki zuten, batez ere Santo Domingo komentuan eta udaletxean obrak eginez, bertan ziren egur eta harriak kenduz.
  • 1862-2-3. Madrildik idatzi zuen alkateak, esanez ate guztiak jo bazituen ere ezin zuela norbait aurkitu Santo Domingo komentuan egin nahi ziren aldaketak onartuko zituena. Komentuaren zati bat hartu eta enparantzara zabaltzea zen aldaketa. Azkenean, probintziko Foru Diputazioak zerikusia izan zezakeela zirudien, eta hara idaztea erabaki zuen herriak, Espainiako erreginari bere garaian eginiko eskariaren kopia bidaliz.
  • 1861-11-15. Alkateak jakinarazi zuen bilerako deialdia egin zuela Manuel Inazio Altunaren etxeko hormaren harri bat erori zelako hilaren 13an, azken urtean lurreratutako herriaren sarrerako arkua egon zen tokitik. Larri zauritu zen ume bat, gainera. Alkatea neurriak hartu beharrean izan zen, eta hondamenean zegoen hormaren zatia botatzea erabaki zuten. Altunaren erantzuna jasorik zuela ere jakinarazi zuen.
  • 1861-11-13. Goizean Altuna etxearen hormako harri bat erori egin zen -aurrez herriko sarrerako arkua egon zen tokikoa-, eta ume bat zauritu egin zuen.
  • 1861-10-21. Alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentua lurrera botatzeko baimena Espainiako erregeari eskatzeko txostena prest zuela eta, unea aprobetxatuz, eska zitekeela bertan jaso zitekeen materiala eskuratzeko baimena, eraisten egin beharreko lanaren ordain moduan -bide batez, enparantza zabaltzeko baimena eskatuz-. Udalak erabaki zuen alkatearen proposamena ontzat hartzea eta Espainiako erregeari eskaera zuzentzea probintziko gobernadorearen bidez.
  • 1861-10-7. Bilboko Telegrafo elektrikako zuzendariak idatzitako gutunaren berri eman zuen alkateak, eta galdetu zuen Espainiako Estatuaren eraikinik ba ote zen herrian, estazio bat jartzeko. Lokal bat egokitu zitekeela erantzun zioten, seguruenik Santo Domingo komentua izandako lekuan.
  • 1861-9-23. Aszensio Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentuko eliza botatzea agindu zuela, ganga zati bat eroria zelako eta arriskuan zegoela ikusi zuelako. Hark zioenez, garbi ikusten zen zubi baten beharra, enparantza eta ibaiaren bestaldeko zelai txikia batzeko. Ontzat hartu zuten alkatearen jokaera, baita zubia egitea ere.
  • 1861-9-16. Parrokiko apaizek albistea pasatu zuten, Santo Domingo komentuko elizan aurkitutako hezurrak hilerrira eraman zituztela eta, agindua beterik, hileta elizkizunak egin zituztela esanez.
  • 1861-9-2. Herriak idatzitakoari erantzunez, 1853ko azaroaren 21ean datatuta Iruñeko apezpikuaren gutuna irakurri zuten, une hartan Santo Domingo komentuak zeukan egoera larriari buruzkoa. Hondamena gertatuz gero, bertan hilobiratutako gorpuak profanatzeko arriskua izanik, egoki ikusten zuen halakorik gertatu aurretik hezurrak herriko hilerrira eramatea, hileta elizkizuna ospatu ostean. Apezpikuaren erantzuna kontuan izanik, eta ikusirik arriskua gero eta handiagoa zela komentuko elizan -ahalik eta azkarren beste zerbitzu bat herriari eskaintzeko prestatu beharko zena, gainera-, lurra altxatu eta hezurrak jasotzea erabaki zuten, ondoren hilerrira eramateko elizkizun berezia ospatu ondoren, parrokiko apaizekin harremanetan jarririk eguna eta ordua izendatzeko.
  • 1861-8-12. Joxe Mari Azpiroz perituak Sotero Tapiak egindako herriko harategi eta arrandegiaren likidazioak aurkeztu zituen, eta Udalak ontzat hartu zituen.
  • 1861-7-29. Alkateak adierazi zuen errukietxeko juntak erabakia zuela Elormendi baserriaren inguruan zen Bilitain iturburutik ura ekartzea, eta kontuan izanda gastu handiak sortuko zituela erabaki bat hartu beharko zutela jakinarazi zuen, Udala baitzen bertako patroia. Proiektua egiteko modukoa zen, eta baimena ematea erabaki zuten.
  • 1861-6-17. Bota berri zuten herriko dorrearen aldamenean zegoen etxearen egoera ikusita -Kontseju plazako 5. zenbakia zuena-, Manuel Inazio Portu jabeari konponketak ahalik eta azkarren egiteko idaztea erabaki zuten. Aurrez ere eskaera bera egin zioten.
  • 1861-6-17. Santo Domingo kaleko 2. zenbakian ari zen obrak egiten Joxe Mari Uranga. Etxea San Agustin komentuaren kontra zegoen eta baimena eskatu zuen denda zabaltzeko etxepeko arkupera. Horrela, azoka egunetan generoak estalpera ateratzeko modua izango zuen. Trukean urtean errenta bat ordainduko zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1861-4-24. Gregorio Lizurume zesta puntako pilotaria jaio zen. Izen handia hartu zuen bere ibilbidean.
  • 1861-4-8. Egiten ari ziren herriko harategi eta arrandegi berrien obrak zaintzeko, batzorde bat izendatzea erabaki zuten.
  • 1861-2-11. Kristina edo Iturritxiki enparantzatxoan harategia eta arrandegia egiteko planoak eta aurrekontuak onartu zituzten, obrak egitea enkantean jarriz.
  • 1861-2-1. Erdi kaleko harriztatze berriaren likidazioa onartu zuten.
  • 1860-9-3. Gobernadoreak idatzitako ofizio baten berri eman zuen alkateak, eta Espainiako erregeek probintzian egingo zuten bidea adierazten zen bertan. Era berean, guztia prestatzeko herriko arduradunak izendatu zituen: besteak beste, Aszensio Inazio Altuna alkatea, Agustin Iturriaga eta Frantzisko Palacios. Herriak, bestalde, ostatua eta jaialdiak antolatzeko batzordea izendatu zuen, eta Meltxor Oiartzun alkatearen bigarren tenienteak eta Joxe Mari Azpiroz eta Andres Kabredo erregidoreek osatu zuten.
  • 1860-8-20. Joxe Joan Santesteban eta Kandido Aguayo maisuek -biak herriak eta Juan Amezuak izendatutakoak ziren- parrokiko organoaz emandako zentsura irakurri zuten. Udalak erabaki zuen organoa bere eskuetara pasatzea eta Amezuari adieraztea eskrituran esan bezala ondorengo lau urteetan organoaren erantzukizuna bere gain zela. Aurrez Amezuak jasota zituen diru-ordainez gain, beste lau mila erreal ematea erabaki zuten.
  • 1860-6-4. Juan Amezuak idatzi zuen, parrokiko organoa amaitu zuela esanez. Organoa ikusteko Joxe Juan Santesteban izendatu zuen Udalak, aurrez ere izendatua.
  • 1860-5-21. Juan Amezua organoegileak idatzi zuen, hilaren 26rako parrokiko organo berria prest egongo zela esanez. Udalak erantzutea erabaki zuen, amaitutakoan jakinarazteko esanez.
  • 1860-4-23. Batzordeak emandako arrazoiak entzun ondoren, parrokiko organoa egiten ari zen Juan Amezuari tekla bakar bat ere ez kentzeko organoari adieraztea erabaki zuten.
  • 1860-4-16. Erdi kale osoan erdi-erdian hodia jartzeko, Mariano Joxe Laskurainek prestatu zituen baldintzak irakurri zituzten, eta enkantera ateratzea erabaki zuten.
  • 1860-4-16. Juan Amezua organo egileak parrokiarako egiten ari zen organoari tekla batzuk gutxitzea egokia zela adierazi zuen, alferrikakoak iruditzen zitzaizkiolako, eta Udalak erabaki zuen haren lana zaintzen zuen komisarioari pasatzea eginiko eskaera.
  • 1860-3-26. Erdi kalean jarri nahi zen harria aurkitzeko Diputazioak egin zituen lanen kontua aurkeztu zuten, eta herriak guztiaren erdia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1860-3-26. Parrokiko erretaula nagusia eta bere bi aldeetan ziren erretaulak garbitzeko aurkeztutako proposamenen berri eman zuten. Esteban Anson eta Joxe Mari Gonzalezek eginikoa aukeratu zuten, baldin eta adierazten zuten bezala 8.500 errealean garbiketa eta San Pedro eta San Joxeren aldareak eta pulpituen gaineko txapelaren txukunketa -aldamioak jartzea haien kontura izanik- egingo bazuten.
  • 1860-2-6. Apezpikuak elizaren dirutik Juan Amezuari eskainitako 2.000 erreal ordaintzea erabaki zuten, hari gogoraraziz organoa amaitu bitartean etengabean aritu beharko zuela lanean, aurkitutako akatsak konponduz.
  • 1860-1-23. Erdi kalea harriztatzeko harria atera, landu eta garraiatzea jarri zuten enkantean.
  • 1860-1-9. Herriak ordainduta, Afrikako gerrarako soldaduen zerrenda osatu zutenen izenak jakinarazi zituen alkateak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan