Hamarkada: 1790

  • 1790-6-2. Parrokiko apaizei idaztea erabaki zuten, errogatiba egiteko eskaera zuzenduz Olazko ermitara, bertan den Andre Mariaren irudiari erregutzeko eguraldia hobetzeko, herritarrek era guztietako behar handiak zituztelako.
  • 1790-5-6. Frantzisko Ibero maisuak parrokiko obrak jarraitzeko hutsuneak egiten zituenez, hari idaztea agindu zioten eskribauari. Gero norbaitekin bidaliko zuen gutuna. Eskutitza jasotakoan herrira itzultzeko esango zioten, beste gauza batzuetarako ere haren beharra zegoelako. Bertaratzean hutsunerik egin gabe parrokiko obrak zaintzeko agertzea erabaki zuten. Horrela izan ezean, herriak beste maisu bat izendatu beharko zuen.
  • 1790-5-3. Frantzisko Ibero maisuak prestatutako diseinua aldatu egin zuela adierazi zuen parrokiko atarian egingo ziren obrak zaintzeko izendatutako batzordeak. Aldaketei buruz maisuarekin hitz egitea eta bitartean obrak geldiaraztea erabaki zuen herriak.
  • 1790-4-23. Frontoia egokitzeko lanak egitea erabaki zuten, eta amaitzean bando baten bidez debekatzea bertan eta San Agustingo atarian ble eran jokatzea, lau errealeko isunaren azpian. Jolasean umeak ariko balira, haien gurasoek ordaindu beharko lukete isuna.
  • 1790-4-11. Herritarren artean eta parrokiko elizan banatutako Loiolako gauzak herriak jaso zituen.
  • 1790-3-5. Kontuan izanik herriko teilerian ziren ofizialak alde egin eta Bizkaian zirela langintza berean, haiek herriratzea erabakita zuen aurrez Udalak, eta bat behintzat ekarri zuen. Lagun hari agindu zioten eginiko kontratua betetzeko edo lanaren ordez diruz ordaintzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan