Hamarkada: 1680

  • 1683-2-14. Erretoreari, Madalena ermitan egiten ari ziren konponketa lana gelditzeko agindua ematea erabaki zuten, herriak han zer egin behar zen ikusi artean.
  • 1683-2-14. Bixente Korta zurginak herriko dorrean egin zituen lanak. Juan Zelaiaran eta Frantzisko Odriozolak begiratu ondoren, 190 erreal ordaintzea erabaki zuten hari.
  • 1683-2-2. Juan Martinez Agirreri herriarekin zuen betebeharra 16.000 zuhaitz landatzea zela gogorazi zioten.
  • 1683-1-21. Sebastian Enparan jaio zen. Urgeleko apezpikua eta Andorrako printzea izan zen.
  • 1682-12-8. Domingo Isasi herritarrak San Miguel egunetik aurrera eta lau urtean zehar posta zerbitzuaz arduratzeko tratua egin zuen herriarekin. Haren egitekoa herriko gutunak asteazkenetan Gasteizera eramatea zen eta hango gutunekin larunbatean itzultzea. Lan horrengatik 350 erreal agindu zizkioten, bi zatitan ordaintzeko: lehena martxoan eta bigarrena irailean.
  • 1682-10-18. Lehenengo igandean jakinaraztea erabaki zuten herri barruan lastoa zutenek zortzi egunen barruan atera beharko zutela, sua eragiteko arriskua handia zelako, eta mila maraiko isuna ezarriko ziotela lastoa etxera eramaten zuenari.
  • 1682-10-18. Parrokien bidez erabaki zuten zabaltzea herri barruan edo baserrietan kanpoko behartsuei ostatua ematea debekaturik zela egunez edo gauez, bostehun maraiko isunaren mehatxupean kasu bakoitzeko. Garbi ikusi zuten azkenaldian kanpotar behartsu asko geratzen zela herrian eta limosna asko jasotzen zutela, herritarrek behar handiak zituzten bitartean. Alkateari eskatu zioten eskean ziren behartsuen berri ongi jakitea eta bere baimenik gabe herrian ibiltzen ez uztea.
  • 1682-10-18. Urrestillan hazten ari ziren utzitako mutikoak zazpi urte bete zituen, eta aurrerantzean herriaren aldetik laguntzarik ez ematea erabaki zuten.
  • 1682-10-2. Okinei ogia saltzea debekatu zieten, aurretik plazara euren ogia eraman eta pisua eta itxura ikusten ez bazuten behintzat. Hala egiten ez zuenari bostehun maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jarriko zioten.
  • 1682-10-1. Egibar baserriaren zati handi bat erre egin zen.
  • 1682-9-4. Zestoatik mosketeak ekartzen eta bihurtzen egindako gastuak ordaintzea erabaki zuten. Herriko konpainiak Loiolako Etxe Santuan erregearen armarriak jartzeko erabili zituen.
  • 1682-8-30. Alcañicesko markesari idaztea erabaki zuten, herriko lurraldean zituen baserrien lurrak eta basoak mugatzeko ordezkari bat izendatzeko eskatuz.
  • 1682-8-12. Fidelak adierazi zuen Madalenako ermitako sarreran bataiatu gabeko haur utzi bat topatu zuten. Ermitako etxean bizi zen Frantziska Urzelairi -Juan Ulaziaren emazteri- eman zioten umea. Baina aurretik bataiatu egin zuten, eta aitabitxi alkatea izan zuen. Umea norena zen jakiteko ere gestioak egin zituzten.
  • 1682-8-10. Ospitalean abuztuaren 1ean izandako suteari buruz hitz egin zuten, konponketa lanak egiteko neurriak hartu nahi zituztelako.
  • 1682-8-1. Gauean herriko San Martin ospitalearen zati bat erre zen.
  • 1682-7-12. Jesusen Lagundiko Aita Pedro Geronimo de Cordoba eta Miguel Lazkibar agertu ziren udalbatzarrean. Lehenenak alkateari erreginak idatzitako gutuna eman zion. Bertan adierazten zen berea zen Loiolako Etxe Santua Jesusen Konpainiako erlijiosoei eman ziela, eta herriari eskatzen zion maitasunez har zitzan bere lurraldean eta laguntza eskaintzea behar zuten guztirako. Udalak erabaki zuen erreginari erantzutea, eskerrak emanez.
  • 1682-7-10. Eskribauari agindu zioten parrokiko erretaula nagusia egiteko material limosna eskatzera irten beharrekoak izendatzeko.
  • 1682-6-14. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek prestatutako diseinua aurkeztu zuten. Diseinua parrokiko erretaula nagusia egiteko zen eta Udalak izendatutako batzordearen eskaera erantzuten zuen. Ideia aurrera eramateko dirurik gabe aurkitu zirenez, limosna eskaera egitea erabaki zuten. Eskaera egiteko agintariak banatu ziren baserri eta auzoetan. Dirua ez ezik, materialak ere ontzat hartu zituzten.
  • 1682-5-24. Loiolako fundazio eskritura egin zuten.
  • 1682-5-1. Parrokiko erretaula nagusia egitea erabaki zuten, aho batez. Batzordea izendatu zuten, herritarren artean egurra eta diru laguntza eskea egiteko.
  • 1682-4-19. Parrokiko erretaula nagusiari buruz hitz egin zuten baina, horrekin hasi aurretik, elizak zeukan diru kopurua ikustea erabaki zuten.
  • 1682-4-19. Herriak zeukan dirutza guztia zorrak ordaintzeko erabiltzea erabaki zuten.
  • 1682-2-19. Erregearen izenean, Loiolaren jabetza Gipuzkoako korrejidoreak hartu zuen. Armarri errealak jarri zituen ate gainean.
  • 1682-1-22. Deialdi bat izaten zenerako eta herriko soldadu konpainia 50 pertsonako lau zatitan osatuta egon zedin, lau kabo izendatu zituzten. Kapitain, berriz, Frantzisko Mendizabal, Tomas Korta, Antonio Azkue eta Frantzisko Inazio Sorarrain Enparan izendatu zituzten.
  • 1682-1-22. Beizamako Udalaren gutun bat jaso zuten, esanez frantziarren aurka bertatik irten beharreko soldaduek Azpeitiko konpainiarekin bat eginik joateko asmoa zutela, eta berehala eman zieten baimena Beizama ordezkatuko zuten Juan Arregi, Martin Otaegi eta Juan Lopez Aginagari batzarrean agertzeko eta nahi bera jakinarazteko. Azpeitiko agintariek benetan pozik hartu zuten beizamarren gogoa. Baiezkoa eman zieten, sarjentu batekin Beizamako soldaduak bat egiteko Azpeititik joango zirenekin.
  • 1682-1-22. Azkoitian Jesusen Lagundiak zuen Ikastetxeko erretore aita Miguel Lazkibar agertu zen, probintziko Manuel Arce korregidorea Loiolara iristear zenaren albistea hartuta zuela esanez, eta erreginaren izenean Etxe Santuaren jabetza hartzeko zetorrela korrejidorea. Bestalde, erretoreak erregutu zuen azpeitiar agintariek Loiolan izatea ekintza horren lekuko, eta erretoreari eskerrak emanez bertan izango zirela erantzun zioten.
  • 1682-1-14. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, lehen iganderako 18 urtetik 60 urte bitarteko herritarrei eta biztanleei deitzea erabaki zuten. Arma eta munizioak zituztenak, haiekin agertu beharko zuten herriko enparantzan Sebastian donearen egunez, 500 maraiko isuna jaso nahi ez bazuten behintzat.
  • 1682-1-14. Diputazioaren deialdi bat jaso ostean frantziarren aurka joatea ere erabaki zuten. 300 soldaduko taldeak irten zuen herritik, beharrezko ofizialekin, eta horien artean Juan Antonio Agirre kapitain (Inazio Agirre Ibarluze zahartuta zegoelako) eta Martin Eleizalde teniente izendatu zituzten. Sarjentuak ere izendatu zituzten, Sebastian donearen egunean 300 laguneko taldea osatzeko aukeraketa egingo zutela adieraziz.
  • 1682-1-12. Zedula erreal baten bidez, korrejidoreari, ondare erreal bezala, Loiolako Ikastetxe Errealaren jabetza har zezan agindu zioten.
  • 1681-12-20. Erreginak Loiola patronatu errealekoa zela adierazi zion herriari gutun baten bidez.
  • 1681-12-15. Erret zedula baten bidez Alcañicesko (Espainia) markesei baimena eman zieten lurrak saltzeko. Salerosketa horretan lortutako dirua Loiolako Ikastetxea egiteko bideratzea pentsatu zuten.
  • 1681-11-21. Herriak parrokiko etxezain Pedro Beltran Oiarzabali agindu zion Joan Larrar eta Joan Apaeztegirekin bat eginik tratua egin zezala Joseph Lizarzaburu urreztatzailearekin, pulpitu eta koruko burdinak margotu eta urreztatu zitzan.
  • 1681-10-19. Herri Batzar nagusian, agintarien aldetik parrokiko pulpituak urreztatzea eta margotzea zenbat kostatuko zen jakitea erabaki zuten. Asko ez bazen, egiteko baimena eman zieten.
  • 1681-8-19. Loiolako eraikin berriak hartuko zituen lurrak seinalatu eta mugatu zituzten.
  • 1681-8-13. Hurrengo igande arratsaldeko ordubietan herritar eta biztanle guztiak euren armekin biltzeko, San Agustin egunean parrokien bidez deialdiak egitea erabaki zuten. Bostehun eta hirurehun maraiko isuna ere ezarri zuten.
  • 1681-7-29. Alcañizasko markesak Juan Martinez Agirreri Aiota Paskual Casanuevak izendatutako zuenarekin batera Loiolako Fundazioaren tokia aukeratzeko ahalmena eman zion.
  • 1681-5-24. Erreginaren eskuetara Loiolako patronatua pasatuko zela adieraziz, Alcañicesko Markesak eskritura sinatu zuen.
  • 1681-5-20. Frantziskotar eta organojole Joseph Etxeberriak bere iritzia agertu zuen Elola kaperarako organojolea aukeratzeko orduan. Domingo Gaztainaondo izendatu zuten. Ondoren, kaperara joan eta organoaren giltzak hartu zituen, bera zabaldu eta jo egin zuen, postua bereganatu zuela adieraziz.
  • 1681-4-22. Parrokiko kanpai handietako bat funditzea erabaki zuten. 1.200 erreal ordainduko ziren horretarako, eta beharreko materiala ere eskaini zuten.
  • 1681-4-21. Batzordea izendatu zuten parrokiko kanpai txikia funditzeko herrian zeuden kanpai egileekin harremanetan jartzeko.
  • 1681-2-2. Etxaiz baserriko Bernardo Aizpuruk zuen Sistiaga aldean Pagaldar deituriko basoa erosita, 22 zuhaitzen adarrak mozteko, baina herriak izendatutako begiraleak harekin izan gabe egin zuen mozketa, eta Udalak 50 errealeko isuna ezartzea erabaki zuen. Beste kalte batzuk ere eginak zituen nonbait, ikatzetarako haritz abarrak ebakirik, eta zilarrezko zazpi erreal kentzea onartu zuten.
  • 1681-1-3. Herritarren gozamenerako, karnabal iganderako zezenketa antolatzea erabaki zuten agintariek. Astelehenean, herriko harakinak idizko bat ibili behar izan zuen kaleetan, eta asteartean sei bigantxarekin egin zuten jaialdia.
  • 1681-1-3. Gorputz eguna edo ondorengorako, antzerki erako auto-sakramental bat antolatzea eskatu zioten alkateari.
  • 1681-1-3. Ikusita astesantuetan parrokiko aldare nagusian jarri ohi zen monumentuaren zati batzuk nahiko gaizki zeudela, beste monumentu bat egitea erabaki zuten. Aurrez proposamen bat egin zuten eta ondoren, berriz, ongi apaindu eta Juan Larrar maisuak pintatu zuen, gehiegizko gasturik egin gabe.
  • 1680-11-23. Kontuan izanik ordutik Garizumaren hasiera bitartean kalte handiak egin ohi zirela ibaietan -amuarrain asko harrapatzen zutelako-, bi parrokien bidez adierazi zuten debekatutako sareak eta tresnak erabiliz ezin zela arrantza egin ibai eta erreka guztietan, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian. Jakinik kalterik handiena Barrenola inguruko errekan egin zitekeela, hori ongi zaintzeko agindu zieten Inazio Etxaniz eta Antonio Erkizia erregidoreei. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, hori ere bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
  • 1680-11-23. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
  • 1680-11-5. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernika-Lumon egindako bilkuran, Loiolako Inazio deuna izendatu zuten herrialdeko patroitzat.
  • 1680-10-4. Ikusirik erabat atzeraturik zela Izarraitzen egindako izoztegia eta nolabait, behar bezala ez zirela ahalegintzen lanean Mateo Etxaniz eta Pedro Odriozola -horien ustez, behin eta berriz eguraldi txarra egiten zuelako-, eta ikusirik herriari kalte handia egiten zitzaiola izoztegiaren amaiera luzatzean, eskribauari agindu zioten haiekin harremanetan jartzeko, adierazteko eguraldi ona egiten zuen lehen unetik jarri beharko zituztela lanean beharrezko ofizial guztiak, eta amaitu bitartean bertan ariko zirela.
  • 1680-10-2. Agintariek urteko ostiral guztietan biltzea erabaki zuten egun hartatik Birbizkunde Bazko egunera bitartean goizeko bederatzietan, eta egun horretatik aurrera, berriz, zortzietan. Agertzen ez zenari berrehun maraiko isuna ezarriko zioten.
  • 1680-9-22. Santo Domingo komentuko priore Jazinto Ulibarri fraideak egurra eskatu zuen obrak egiten jarraitzeko basoak zaintzen zituztenek agindutako tokietan.
  • 1680-8-23. Herriak baso guztiak Joseph Iturriagari saltzea erabaki zuen, zilarrezko 70.000 errealen truke. Iturriagak hamabost urteren barruan ikatza egin beharko zuen, baina zuhaitz bakar bat ere oinetik ebaki gabe.
  • 1680-6-9. Onartu egin zuten Joseph Iturriagak eginiko proposamena, zilarrezko 70.000 erreal eskainiz herriaren baso eta mendiak erosteko. Hamabost urteko epea eman zioten ikatza ateratzeko.
  • 1680-5-22. Mendian saltzeko laugarren almodenan erosle bakar bat agertu zen, zortziko zazpi mila erreal eskainiz. Herriari gutxi iruditu zitzaion, ordainketa handiak zituelako egiteko. Beraz, udalbatzar bat egitea erabaki zuten ondorengo egunen baten, bertara joaten ez zenari 500 maraiko isuna ezarriz.
  • 1680-5-3. Mugara 15.000 soldadu baino gehiago hurbiltzen ari ziren albistea jasorik, maiatzaren 5eko arratsaldeko ordubietarako deialdia egitea erabaki zuten, 14 urtetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak enparantzan ager zitezen alardea egiteko. Auzoetara albisteak bidali zituzten. Mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela izendatu ziren zigor bezala. Tomas Korta kapitaina eskaini zen soldaduak Hondarribira bidaltzeko behar zen dirua aurreratzeko.
  • 1680-4-27. Joxe Mandiolazak bere baserri Txalintxoro berritzeko egurrak ebakirik zituen, baina herriari iruditu zitzaion artean behintzat ez zuela hasteko asmorik. Hala, Matias Alzagari Erdi kalean etxebizitzak egiteko egur berak ematea erabaki zuen.
  • 1680-3-3. Herriaren baso guztiak ikatza egiteko saltzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan