Kultur taldeak (12): Udal Musika banda

"Musika Bandak asko ematen dio Azpeitiari"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko urr. 21a, 15:41
Udal Musika Banda, joan den otsailaren 20an, Soreasu antzokian, karnabaletako kontzertuan. / Uztarria

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 12. alea, Udal Musika Bandarekin. Udalarekin berriro hitzarmena sinatu berri dute, eta ekin diote denboraldiari. Julen Carrizo juntako partaideak dio 65 kide direla, eta banda gaztea osatzen dutela.

Udalarekin berriz ere hitzarmena sinatu zenuten urri hasieran.

Urtero sinatzen dugu. Ondo, beraz. Helburua da Azpeitian musika sustatzea eta musika programazioa aberastea, baita jendeak ikustea badela musika mota hau ere. Udalarekin urtero joaten gara egutegia adosten eta osatzen.

Emanaldietan, denboraldi berria hasi duzue, urriaren 16an Soreasu antzokian kontzertu bat emanda.

Kontzertu berezia izan zen, gainera, Beñat Etxabek zuzendu zuelako banda, zuzendari ordezko bezala, Unai Frantsesenaren partez. Zestoarra da Etxabe, gaztea —28 urte ditu—. Bandara etorri izan da laguntzera, baina ez da bertako kidea. Soreasuko kontzertu horretan Erresuma Batuko doinu herrikoiak eta hango musikarien piezak jo genituen. Orain Santa Zezili Eguna ari gara prestatzen, musikarion eguna, eta azaroaren 19an kontzertu bat emango dugu, Sanagustin kulturgunean.

2015etik Soreasuko gunean duzue egoitza.

Zaharretako goiko lokaletik pasatu ginen hara, eta onerako bat izan da. Gure egoitzara etortzen dira beste herrietako musikari batzuk, eta esaten dute oso ondo prestatutako azpiegitura dela Soreasukoa, gutxi egongo direla horrelakoak. Gustura gaude. Barrenetxea Abesbatzarekin partekatzen dugu lokala; zehaztuak ditugu ordutegiak, eta beharren bat-edo bada, ez dugu arazorik izaten moldatzeko.

Zenbat kide zarete gaur egun Azpeitiko Udal Musika Bandan?

65. Pandemia dela-eta, azkeneko bi urtean ez da kide berririk sartu, baina aurtengo irailean 11 gazte sartu dira, 14-16 urte artekoak. Badator jende gaztea.

Nondik doazkizue gazteak?

Musika Eskolatik eta gazteen bandatik. Pixkanaka hasten dira banda nagusiarekin aritzen: pasakaleetan, karnabaletan… Trantsizio moduko bat izaten da, eta gero Unai zuzendariaren esku geratzen da haien sarrera, baina urte batzuk daramatzatenak bandan sartzen dira.

Musika Banda gaztea al da Azpeitikoa?

Bai, gehienak gazteak gara [Julen Carrizok 25 urte ditu]; beste 11 horien sarrerarekin, gainera, gazteagoa da orain.

Eta nola dago genero kontua?

35en bat gizonezkoak gara eta 30en bat, emamumezkoak. Urteen poderioz, goraka doa emakumeen presentzia. Instrumentu batzuetan, emakumeak dira gehiengo.

Zer ematen dio Udal Musika Bandak Azpeitiari?

Asko ematen dio: festa denetan presente egoten gara, kantutegia berritzen dugu, ondarea berreskuratu, diskoak atera…

Zer inplikazio eta konpromiso dakarkizue bandako kide izateak?

Esan bezala, festetan beti hor dago banda, festetako parte handi bat gara, eta horrek inplikazioa eskatzen digu kideoi, konpromiso bat izatea. Baina baten batek bere arrazoiengatik ezin badu halako egunetan azaldu, moldatzen gara; alde horretatik ez dago zorroztasun bat, malgutasuna baizik, eta ondo dago hori.

Udal Musika Bandaren datu batzuk:

  • Sorrera: 1852.
  • Egoitza: Soreasu kultur eraikina.
  • Harremanetarako: azpeitikobandie@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: