Kultur taldeak (8): Zubi-zarreko Musika Elkartea

"Zubi-zarrek jende askori eman dio aukera musika probatzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko ira. 16a, 11:05
Zubi-zarreko elkarteko Izei taldea, maiatzaren 12an, Azpeitiko Charlie Chaplin tabernan, diskoa aurkezten.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 8. alea, Zubi-zarreko Musika Elkartearekin. Egoitzak datorren urtean mende laurdena beteko du. Hango talde Izeiko Joseba Izagirrek esan du sekula ez zaiola inori aterik itxi.

2023an 25 urte beteko ditu Zubi-zarreko musika lokalak…
 
Ea zeozer egiten dugun.
 
Zeu hasieratik al zaude han?
 
Bai, hasiera-hasieratik.
 
Urrestillako lokalean jarduten zenuten lehenago.
 
Bai, baina talde denentzat ez zegoen tokirik, eta obrak batzuk egitea eskatzen zuen horrek. Udalari aipatu genion, baina udalak nahiago izan zuen obrak egin baino Zubi-zarreko lokala proposatzea. Ontzat jo genuen asmoa. Hasiera haietan ez ginen lagun eta talde asko Zubi-zarren. Buruz ari naiz, baina taldeak hiruzpalau izango ziren. Geuk Zubi-zarren sartu eta geroxeago sortu genuen taldea, Hotzikara izenekoa; gero, Segabathor izena hartu zuen.
 
Orain Izei izenarekin zabiltzate.
 
Bai. Joan den uztailean kontzertu bat eman genuen Charlie Chaplin tabernan, haren 40. urteurreneko ekitaldietan. Maiatzean, berriz, diskoa aurkeztu genuen, taberna berean; ehun ale atera ditugu, eta sarean ere entzun daitezke kantak.
 
Aldaketa asko izan al ditu Zubi-zarreko lokalak?
 
Lokala bera ondo zegoen hartu genuenean, baina, normala den bezala, izan ditu aldaketak, hobekuntzak. Estudio bat jarri genuen, eta diskoak bertan graba daitezke. Instalazio elektrikoa ere egin genuen, argiak jarri, lurrean ere egin genuen egokitzapenik, sofak…
 
Zein da Zubi-zarren ekarpena?
 
Jende askori eman dio aukera musika egiteko edo probatzeko, musikaren bueltan ibiltzeko, eta inori sekula ez zaio aterik itxi. Bestetik, Zubi-zarreko taldeek utzi dituzte kanta batzuk euskal musikan.
 
Batez ere, gazteak ibiltzen al dira?

Bai. Normala da.
 
Emakumeak?
 
Zubi-zarren hasieran denak mutilak ginen, eta gero ere urteetan, gehien-gehienak. Esango nuke azkeneko bost bat urteetan hasi direla emakume gehiago joaten; erromeria taldeetara, batez ere.
 
Zubi-zarren musikan aritzeko sartu nahi duenak, zer egin behar du?
 
Ez daukagu irizpiderik alde horretatik. Musika probatu nahi duenak lokaleko lagunen bat ezagutzen badu, eska diezaiola giltza. Entsegu aldetik bai, badugu antolaketa moduko bat, egutegi bat, eta errespetatzen da.

Zubi-zarreko Musika Elkartearen datu batzuk:
  • Sorrera: 1998.
  • Egoitza: Zubi-zarreko lokala, Juan XXIII.a auzoa.
  • Harremanetarako: Joseba Izagirre (josebaizagirre@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen
 Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: