Kultur taldeak (4): Arte eta Diseinu Eskola

"Artearekin goza dezala ikasleak"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko uzt. 5a, 09:56
Arte eta Diseinu Eskolak Betharrametan azkeneko asteetan izan duen erakusketa.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 4. alea, Arte eta Diseinu Eskolarekin. Joan den aste bukaeran amaitu zuen ikasturtea, ikasleen erakusketa batekin. Mirian Quintana irakasleak dio 80ren bat ikasle izan dituztela, azken urteetako beherakadari buelta emanda.

Bukatu duzue beste ikasturte bat ere.
 
Bai, joan den aste bukaeran, Betharrametako aretoan erakusketa bat eginda. Urtero egiten dugu. Ikasleei beraien lan bana aukeratzeko esan diegu, ez dagoelako lan gehiagorentzako tokirik. Ikasturte honetan pintura lehiaketa bat ere egin dugu.
 
Zenbat ikasle dauzka Arte eta Diseinu Eskolak?
 
Azkeneko ikasturtean 80ren bat izan ditugu. Pandemia sortu zenean, baina baita lehenagotik ere, beherakada bat izan genuen ikasle aldetik, 40 ingururekin ibili ginelako. Buelta ematea lortu dugu, eta esango nuke oraintxe gabiltzala goia jota.
 
Zer adineko jendea dabil?
 
Denetik: umeak, gaztetxoak eta helduak. Zehaztuz, helduetan pinturan 22 lagun ibili dira ikasturte honetan, eta egurrezko tailan, 20. Besteak umeak eta gaztetxoak dira, marrazketan eta eskulanetan. Helduak, 16 urtetik gorakoak dira, eta, horien artean, 85 urteko bat dugu. Umeak, berriz, 4 urtetik gorakoak dira, eta gaztetxoak, 12-16 urte artekoak. Ikasle gaztetxoak izatea kostatu egiten da, baina orain berriz ere asko ibili dira.
 
Noiz izaten da matrikula garaia?
 
Irailean hasten gara horrekin, baina gero ere apunta daiteke. Ekainean bukatzen ditugu eskolak. Garai batean buzoneoa-eta egiten genituen matrikulazio kanpainan, baina gaur egun ahoz ahokoak eta Internetak —Uztarria-k— eta sare sozialek funtzionatzen dute.
 
Zer bilatzen dute Arte eta Diseinu Eskolan izena ematen dutenek?
 
Probatzera datoz, edo denbora-pasara, edo gustatu egiten zaielako… Umeek jarraitzea izaten da zailena. Heldu batzuek bost urte daramatzate gurekin, eta, utzitakoan, segitzen dute etxean-edo lanak egiten, eta guk animatu egiten ditugu erakusketa jartzera.
 
Zenbat irakasle zarete?
 
Hiru, baina azkeneko ikasturtean beste batek laguntzaile modura jardun du.
 
Zein da eskolaren helburua?
 
Hona etortzen direnei emozioak piztea eta kulturarekiko interes berriak sortzea nahi dugu. Sormena eta trebezia lantzea da beste helburu bat, eta talde lana sustatzea. Baina, funtsean, hona datorrenak artearekin goza dezala.
 
Ekinbide berririk ba al duzue buruan?
 
Kanpora ibilaldiak antolatu nahi ditugu: inguruko herri txikietako museoetara.

Arte eta Diseinu Eskolaren datu batzuk:
  • Sorrera: 1980.
  • Egoitza: Jose Artetxe kalea, 3.
  • Harremanetarako: artetadiseinu@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sorta: