Kultur taldeak (1): Julian Barrenetxea Abesbatza

"Osasun mentalerako ona da abestea"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko eka. 14a, 15:19
Azpeitiko hainbat eragilek eta norbanakok 1998an Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zutenean, haren lehen lanetako bat hileroko kultur agenda ateratzea izan zen, eta han kultur taldeen erreportajeak zetozen, herritarrek haiekiko ezagutza handiagoa izateko. Kultur Mahaiak sareko ataria berritu du, eta, besteak beste, kultur talde bakoitzaren informazioa dago. Orain, haien elkarrizketak argitaratuko ditu. Julian Barrenetxea Abesbatza da aurreneko elkarrizketatua, datorren ostiralean Donostian kontzertu bat izango duela baliatuz (Kaputxinotarren eliza, 20:00). Javier Alberdi (Donostia, 1964) da koruko zuzendaria.
Nolako kontzertua izango da Donostiakoa, ostiralekoa?

Ni beste hiru abesbatzatan ere banabil zuzendari modura —Lazkaoko Kantaka taldean, Ormaiztegiko Urmaizen eta Donostiako Aita Donostian; hemen, duela 30 urtetik—, eta Julian Barrenenetxea Abesbatza eta laurak batera ariko dira ostiral honetan.  
 
Julian Barrenetxea Abesbatzak askotan izaten al ditu emanaldiak Azpeititik kanpo?

Ez. Iaz aritu ginen behin Donostian, eta aurten Arantzazun ere kantatu dugu, orain dela pare bat aste. Normalki, Azpeitian aritzen gara. Aurreko Gabonetan emanaldi bat egitekoak ginen Azpeitian Ignacio Arakistain azpeitiar organo jotzailearekin, baina pandemia zela eta Ignaciok atzerrira joan behar zuela eta, gerorako utzi genuen. Ea egiten dugun. Espero hemendik aurrera kanpoan ere gehiago kantatzea.
 
Orain dela bost urte hartu zenuen zuzendari kargua. Zer moduz dabil taldea?

Orduko zuzendariak utzi egin zuen, Jaime Amenabarrek, eta niri hotsegin zidaten, zuzendari bat behar zutela esanez. Koru historiko bat dela zioten, bazutela kantatzen segitzeko asmoa, eta animatu egin nintzen. Gustura nabil. Nik uste hobetu egin dugula; gero eta gauza hobeak egiten ditugu. Kantutegi sinplea daukagu, baina kontent nago. Gainera, ematen dit aukera beste koruen zuzendari lana egiteko. Beasaingo zahar etxeko taldean ere banabil zuzendari lanetan.
 
Emakumeak baino ez daude Julian Barrenetxekoan.

Hamar gizonezko etorriko balira, hartuko genituzke… Egia esanda, Barrenetxearena azkeneko urteetan proiektu femenino bat da. 
 
Sartu al da kantari berririk?

Bai. Pare bat lagun berri ditugu. Ea gehiago animatzen diren. Aitortzen dut jendeari ez zaiola erraza-edo egiten koru batean sartzea, elizarekin lotzen dutelako. Baina Julian Barrenetxea Abesbatzan denetik egiten dugu: folklorea, herriko ekimenetan parte hartzen dugu...
 
Noiz egiten dituzue entseguak?

Astean behin elkartzen gara entseatzeko: asteazkenean, Soreasun, musika bandarekin partekatzen dugun lokalean. 20:15etik 22:00 aldera arte jarduten dugu. Kantatzeko zaletasuna duenak eta gure korua ezagutu nahi duenak, onena du etortzea eta saiatzea. Bestetik, guri ere komeni zaigu jendaurrean gehiago aritzea, jendeak ezagutu eta ikus dezan zer den.
 
Zer ematen du kantuak?

Osasun mentalerako ona da abestea. Eta gero, harreman sozialak izateko ere balio du.
 
Julian Barrenetxea Abesbatzaren datu batzuk:
  • Sorrera: 1986. 
  • Egoitza: Soreasu kultur eraikina.
  • Harremanetarako: julianbarrentxea@yahoo.es.
  • Informazio gehiago, hemen