Kultur taldeak

Arte eta Diseinu Eskola

Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko api. 14a, 10:00

Sorrera: 1980.

Egoitza: Jose Artetxe kalea, 3.

Atari digitalak: Facebook

Harremanetarako: artetadiseinu@gmail.com.

Historia: Arte eta Diseinu Eskola 1980an hasi zen, Arteak eta Lanbideak izanik jarduera nagusi. Handik gutxira, Irakaskuntza Arautuan aritzeko baimena lortu zuen, Industria-Diseinua eta Barneetako Diseinua emanez, Zaragozako (Espainia) Escuela de Artes y Oficios-en menpe egonik. Geroago, 1992tik aurrera, Irakaskuntza Arautua emateari utzi zion, Arte eta Diseinu Ikastegia bihurtuz, ikastaroak, seminarioak, moduluak... emanez. "Hezkuntza (irakatsi) + Kultura (ezagutu) = Artea herriarentzat", dio eskolak. Emozioak piztea, kulturarekiko interes berriak sortzea, sormena eta trebezia lantzea, eta talde lana sustatzea dituzte helburu. 

Jarduera: Arte eta Diseinu Eskola Elkartean hiru ikasgai eskaintzen dituzte: 

  • Taila egurrean. Egurra da material nagusia. Urtero hogei lagunek ematen dute izena. Norbanako proiektuak lantzen dituzte, lehen praktika asko eginez. Prozesu luze bat pasatu eta gero, tailerrera iristen da, eta orduan hasten da lana eta tailaren sormena.
  • Pintura. Helduei eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Teknika ezberdinak erakusten dituzte: olio pintura, akuarela, pintura akrilikoa, ikatza, plumilla, tenpera… Heldu askok euren margolanekin erakusketak egin ohi dituzte, baita lanak saldu ere.
  • Umeentzako marrazketa eta eskulanak. Hemen ikasleen kopurua askoz handiagoa izaten da. Hala, bi irakasle aritzen dira: dekoratzailea eta pinturakoa. Hainbat teknika lantzen dituzte, eta ikaslearen trebezian eta imajinazioan sakontzen dute. Hilabetero eskulan bat egiten dute: eskaiolak margotu, koadroak, argazkiak, maskarak, kartelak… Marrazketa asko lantzen da.

Elkarrizketa (2022-7-5, Uztarria.eus). Hiru esan:

  • “Gure eskolara datorrenak artearekin goza dezala”.
  • “Azkeneko ikasturtean 80ren bat ikasle izan ditugu. Pandemia sortu zenean, baina baita lehenagotik ere, beherakada bat izan genuen, 40 ikasle ingururekin ibili ginelako. Buelta ematea lortu dugu”.
  • “Heldu batzuek bost urte daramatzate gurekin, eta, utzitakoan, segitzen dute etxean-edo lanak egiten, eta guk animatu egiten ditugu erakusketa jartzera”.