Kultur taldeak (2): Orkatz Kultur Elkartea

"Orkatz elkartearen ekarpena garrantzitsua da"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko eka. 21a, 09:57
Trikitilari eta pandero joleak, lehengo ostegunean, Orkatz atarian, kultur elkartearen 29. urteurreneko ekitaldi batean.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 2. alea, Orkatz Kultur Elkartearekin. 29 urte bete ditu, eta urteurrena ospatu berri du, hainbat ekitaldi eginda. "Dinamika berrien bidez jende gehiago erakarri" nahi dutela esan du Imanol Amenabar elkarteko kideak.

Zer moduz joan da Orkatz Kultur Elkartearen 29. urteurrena?

Gure balorazioa da oso ondo joan dela. Pandemiak azkeneko bi urte hauetan eragin dio gure elkartearen martxari ere, baina aurten ere osatu ahal izan dugu egitarau oparo bat, eta gustura gaude emaitzarekin eta parte hartzearekin.

30.ari begira ja?…

Urtebete falta da, baina 30.a bada efemeride borobil samar bat. Elkartearen 25. urteurrenaren bueltan hasi ginen egitarau zabalago bat prestatzen. Herriko tabernen auzia dela-eta Libre! dinamika zegoen orduan Azpeitian ere, eta indartsu jardun genuen. Geroztik, unean uneko ekitaldiez gain, segitu dugu elkartearen urteurrena tokatzen denean aste batean ekitaldi batzuk antolatzen. Beraz, hurrengo urtean ere Orkatzen urteurrena ospatuko dugu, eta gure helburuak-eta aldarrikatuko ditugu.

Zer aldarrikatu, hain justu?

Azpeitia ezkerretik eraldatzen segitzeko asmoa dugu, eta era askotako gaiak jorratzen ditugu, era batera edo bestera. 29. urteurren honetan, adibidez, Garbiñe Bereziartuak hitanoaren egperaren berri eman digu, hitzaldi batean. Kultur sortzaile berrien plaza izateko helburuz ere sortu zen Orkatz, eta, esate baterako, joan den aste bukaeran bertako gazteez osatutako musika talde batek bere lehen kontzertua eman du Orkatzen: Leherkaitz taldeak.

Zer moduz dago elkartea, bestela?

Pandemiarekin ohitura sozial batzuk aldatu egin dira. 30. urteurrenari begira gure helburu nagusi bat izango da dinamika berrien bidez jende gehiago erakartzea. Orkatz elkartearen ekarpena garrantzitsua izan da 29 urte hauetan, kaleari, herriari eta kulturari bultzada bat eman dielako. Bide berean jarraitu nahi dugu, eta inportantea izango da jende berri bat murgiltzea proiektu honetan.

Zenbatean behin biltzen zarete elkarteko talde eragileko kideok?

Harremana etengabea da, baina bildu, hilean behin biltzen gara, astearen hasiera aldera, elkartean bertan. Etorri nahi duenak, ateak zabalik ditu.

Orkatz Kultur Elkartearen datu batzuk:
  • Sorrera: 1993.
  • Egoitza: Orkatz elkartea, Erdikalea 24, behea.
  • Harremanetarako: Imanol Amenabar (imamenabar@gmail.com).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sorta: