Kultur taldeak

Orkatz Kultur Elkartea

Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko api. 14a, 10:00

Sorrera: 1993.

Egoitza: Orkatz elkartea, Erdi kalea 24, behea.

Atari digitalak:

Harremanetarako: Imanol Amenabar (imamenabar@gmail.com).

Historia: Orkatz Kultur Elkartea, besteak beste, Azpeitiko kultur arloko gabeziei erantzuteko sortu zen, 1993an. Helburu nagusia, Azpeitia ezkerretik eraldatzeko asmoz, herrian zeuden eragileei espazio fisikoa, giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzea da. Ehunka kultur ekintza antolatu ditu Orkatzek, era askotakoak. Herriko bakarlari edo musika talde hasiberriei ekitaldiak egiteko eszenatoki bat ipintzen saiatu izan da beti; hala, herriko hainbat taldek Orkatzen jo izan dute euren lehen kontzertua.

Herri mugimenduarekin elkarlanean aritu da elkartea: ezker abertzaleko eragileekin, euskal presoen eskubideen aldeko taldeekin, mugimendu feministarekin, festa batzordeekin, sindikatuekin, gazte mugimenduarekin eta gaztetxearekin, pentsiodunen mugimenduarekin… Gainera, herriko artisau eta nekazariei, ahal den neurrian, laguntza ematen saiatu izan da: haien produktuak saltzeko edo banatzeko aukera emanez elkartean bertan, eta, azken urteetan, Sortzaileen Azoka Herrikoia antolatuz. Azpetiko Kultur Mahaiaren partaide eta Kulturaz kooperatibako bazkide da haien sorreratik.

2003tik Espainiako Auzitegi Nazionalak enbargatuta dago Orkatz, herriko tabernen sumarioa dela eta. "Oztopoak oztopo, jarduera sozialak eta kulturalak antolatzen jarraitzen du elkarteak".

Jarduera: liburu aurkezpenak, poesia errezitaldiak, hitzaldiak, kontzertu txiki nahiz entzutetsuak, erakusketak, argazki lehiaketak, dastaketak, kirol ekimenak, martxak, dantza emanaldiak, ekimenetara joateko autobusak, bertso saioak, mus txapelketak...

Elkarrizketa (2022-6-21, Uztarria.eus). Hiru esan:

  • “Orkatz elkartearen ekarpena garrantzitsua da”.
  • "Azpeitia ezkerretik eraldatzen segitzeko asmoa dugu. Kultur sortzaile berrien plaza izateko helburuz ere sortu zen Orkatz".
  • “Dinamika berrien bidez jende gehiago erakarri nahi dugu”.