Kultur taldeak (6): Antxieta Arkeologia Taldea

"Herriaren sustraien berri ematen du arkeologiak"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko uzt. 28a, 12:34
Orain dela aste batzuk Asurtzuko (Erlo) indusketa lanetan ibili diren lagun batzuk.

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 6. alea, Antxieta arkeologia taldearekin. 1965ean sortu zen. Talde amateurra da, "Euskal Herrian oso ezaguna", Jose Ignacio Arrieta kideak dioenez. Lan egitearen balioa azpimarratu du. Kolaborazio proiektuez gain, propioak ere badituzte.

Asurtzuko indusketa lanak bukatu zenituzten duela lau bat aste, Erlon.
 
Uda partean kolaborazio proiektu batzuk izaten ditugu, eta Asurtzukoa izan da horietako bat. Erlo-Azpeitia eta orokorrean Izarraitz mendilerroko ikerketa arkeologikoak dira hangoak. Urtero ditugu halako egitasmoak, eta diputazioari indusketak egiteko baimena eskatzen diogu.
 
Ondo joan al da Asurtzukoa?
 
Bai. Hasiera batean EHUri proposatu genion lan horiek egiteko, baina ez zen interesatuta azaldu, eta donostiar ezagun baten bidez Valladolideko [Espainia] unibertsitateko arkeologo talde batekin harremanetan jarri ginen. Baiezkoa eman zuten, eta hemen izan dira unibertsitateko hamabost lagun, denak profesionalak. Xoxoteko aterpean 25 egun segidan egin dituzte. Indusketa lanen ondoren, laborategikoa hasiko da.
 
Antxieta taldeko kideok askotan azaldu al zineten Asurtzuko lanetara?
 
Ahal zenean igo ginen. Gu amauterrak gara, eta bakoitzak badauzka bere lana eta beste. 
 
Zein dira aurtengo beste kolaborazio proiektuak?
 
Bi ditugu. Batetik, Baioko proiektuan gaude, Zestoako kobazuloko indusketan, EHUrekin. Eta, bestetik, datorren urrian Amalda III-ri helduko diogu, Herniotik Aizarnazabal aldera dagoen Amalda kobazuloaren inguruan dagoen kobaluzo bati; han, Bilboko Arkeologi Museoko ikertzaile batekin ariko gara.
 
Proiektu propioak ere badituzue.
 
Bai. Labarretako arte miaketak eta arkeologia miaketa orokorrak ditugu esku artean, Urola, Deba eta Oria bailaratan. Gu bailara horietan ibiltzen gara. Dena dela, legedi aldetik badira zailtasunak.
 
Nolakoak?
 
Orain arte, proiektuetarako lortzen genuen sinadura botatzen zuen bat, eta aurrera, baina orain hiru bat urte Eusko Jaurlaritzak protokoloa zorroztu zuen. Ea moldatzen duten araua.
 
Euskal Herrian arkeologiako zenbat talde amateur daude?
 
Bi: Azkoitikoa, Munibe, eta geurea. Gurea 1965ean sortu zen, eta haiena bost bat urte lehenagokoa da. Oso talde ezagunak gara Euskal Herrian.
 
Zuek zenbat kide zarete taldean?
 
Hamabi. Horietatik lau lagun, 30 urtetik beherakoak dira. Besteok, 60 urte bueltakoak edo goragokoak. Lau haiek orain dela bost bat urte sartu ziren taldean. Azpeitiarrak dira. Lan asko egiten dute.
 
Zer etorkizun ikusten diezue amateur taldeei?
 
Euskal Herrian arlo denetan sekulako indarra izan du amateurismoak, jendeak bere kabuz edo borondatez jardute horrek. Arkeologian aurkikuntzarik handienak jende amateurrak egin izan ditu. Baina galtzen ari da amateurismoa. Proiektu luzeei begira jendea lotzeko arazoak daude.
 
Zer ildo ditu arkeologiako talde batek?
 
Gureak bi parte ditu. Batetik, abentura dago: kobazuloetan ibiltze hori, sokekin, pasabide estuetan… Erakargarria da. Bestetik, zientzia partea dago: asko gustatu behar zaizu, informe asko egin… Gazteak gure adinekoen aldean —neu orain 44 urte sartu nintzen taldean— askoz trebatuago daude, baina abenturatik zientziara salto handia dago eta galbahe handia pasatu behar da. Jende asko geratzen da tartean, pauso hori eman gabe. Azken batean, arkeologian pazientzia handia izan behar da, segitzea eta segitzea da kontua. Baina lanak fruituak ematen ditu, emaitzak datoz; lana dagoenean, irteten dute gauzek.
 
Zein da Antxieta bezalako talde baten ekarpena?
 
Herri baten sustraien berri ematen du arkeologiak, aztarnen berri. Eta zeuk ikertzen duzu, ez zaizu inor ari idazten edo esaten zein den aztarna, zergatia… Zeu ari zara. Naturari buruzko ekarpena ere egiten du arkeologiak, eta garrantzitsua da gizarteak egoera hori ezagutzea.
 
Antxieta Arkeologi Taldearen datu batzuk:
  • Sorrera: 1965.
  • Egoitza: Soreasu kultur gunea, Lan Gela bulegoa.
  • Harremanetarako: antxieta.arkeologi.taldea@outlook.com.
  • Informazio gehiago, hemen
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sorta: