Kultur taldeak (11): Trikigiro Kultur Elkartea

"Bailarako trikitiko komunitatea saretzea da helburu bat"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko urr. 13a, 12:05
2019ko Trikigiro Eguneko irudi bat.
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 11. alea, Trikigiro Kultur Elkartearekin. Urriaren 28an Trikigiro Eguna izango da, Azpeitian. Haritz Garmendia kideak dio 150 bat lagun bilduko direla. Bailarako ondarea jasotzen ari dira.
Urriaren 28an Trikigiro Eguna ospatuko duzue, Azpeitian.
 
2016an hasi ginen –orduan bi egin genituen–, eta urtero egin dugu, pandemia garaian izan ezik. Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean antolatzen dugu.
 
Zer egongo da aurten?
 
19:00etan hasiko da egun horretako egitaraua, trikitilari gazteek Sanagustin kulturgunean egingo duten emanaldi batekin. 90en bat gazte bilduko dira. 20:00etan kalejira eta argazki erraldoia egingo ditugu, gazteekin eta helduekin, 21:00etan afaria Sanagustinen, eta 23.00etan erromeria, hantxe. Horretaz gain, gaurtik hilaren 30era, erakusketa bat izango da, Sanagustinen bertan.
 
Zenbat lagun bilduko zarete hilaren 28an?
 
150en bat, beste urteetan bezala.
 
Zein dira helburuak?
 
Trikigiro Egunean trikitilari asko biltzen gara, eta, beraz, komunitatea saretzea da helburu bat, modu horretara elkar ezagutzeko edo gehiago ezagutzeko. Piezak konpartitzen ditugu, hitz egin... Belaunaldien arteko transmisioa lantzea ere bada asmoa, Esate batera, 2016ko lehen aldi hartan ume koskorra zirenak, gaur egun egunaren antolaketa lanetan dabiltza.
 
2016an bertan antolatu zineten elkarte gisa.
 
Bai. Egituratzea erabaki genuen; bailarako komunitatea zabaltzeko eta, lehen esan bezala, saretzeko. Bailarako herrietako trikitilariak gaude elkartean. Azpeititik kanpo ere egiten ditugu ekitaldiak; adibidez, Azkoitian aurten I. Trikiti Eguna egin dugu.
 
Ume eta gaztetxoek non ikasten dute trikitia?
 
Musika eskoletan eta bestelako eskoletan. Bestetik, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ere ikastaroak ematen ditu Azpeitian, Basazabalen. 
 
Bailara honetan mugimendu handia egon izan da tirikitiaren inguruan.
 
1960-70eko hamarkadan Euskal Herriko trikitiaren bihotza zen. Sekulako ondarea dago, eta hori jaso, berreskuratu eta ezagutarazi nahi dugu, formatu desberdinetan: bibliografia —grabaketak—, liburua eta dokumentalaren bidez. Lan horretan ondo goaz, eta laster ikusiko dira aurreneko emaitzak.
 
Bermatuta al dago etorkizuna?
 
Oinarri ona dago, badabil jendea, eta ekitaldiak antolatzean ere biltzen da beti hamar-hamabost laguneko taldea. Ekitaldietara jendea joaten da ikustera, asko.
 
Non eta noiz egiten dituzue bilerak?
 
Antolatzeko bi modu ditugu,. Batetik, ekitaldiak ditugunean, prestatze lanetarako talde bat elkartzen da, Sanagustinen. Bestetik, ondarea-eta biltzen ari den taldeak sare bidezko harremana dauka, batez ere. Edozeinek du parte hartzeko aukera.
 
Trikigiro Kultur Elkartearen datu batzuk:
  • Sorrera: 2016.
  • Egoitza (ofiziala): Euskal Herria 34 D ezkerra.
  • Harremanetarako: trikigiroke@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: