Kultur taldeak

Udal Musika Banda

Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko api. 14a, 10:00

Sorrera: 1852. 

Egoitza: Soreasu kultur eraikina.

Atari digitalak:

Harremanetarako: azpeitikobandie@gmail.com.

Historia: Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Azpeitiak aspalditik izan du musika landu eta bizitzeko joera. Horren adibide garbia Azpeitiko banda da, jada 150 urte baino gehiago dauzkalako. Haren lehenengo aztarna 1852an ageri da. Izan ere, bandaren zuzendaria udal langileen artean agertzen da urte hartako kontuetan. Zuzendari hura Sekundino Etxeberria zen. Harrezkero, bandak hainbat gorabehera izan ditu, hainbat desegite eta berregite, baina gaur egunera arte iritsi da. 

Lehen aipatutako Sekundino Etxeberriaz gain (1852tik 1859ra eta 1868tik 1869ra izan zen zuzendari),  beste hauek ere zuzendu dute banda: Pedro Parodi (1859-1862 eta 1864-1868), Fernandez abizena zuen bat (1863), Inazio Belaustegi (1878-1893), Lukas Odriozola (1893-1894), Inazio Fernandez Eleizgarai (1894-1899), Jose Maria Iturbide (1899-1901), Julian Ortiz (1902), Jose Maria Gurrutxaga Txokolo (1902, 1903-1907), Biktor Agirre (1908-1912), Jose Eskoriatza Lezeta (1912-1915), Sebastian Perez Clavijo (1915), Hilario Bereziartua (1915-1940), Eduardo Bereziartua (1940-1947), Frantzisko Gurrutxaga (1947-1959), Jose Mari Altuna (1959-1963 eta 1972-1985), Iñaki Alberdi (1963-1965, 1972, 1984), Jose Luis Frantsesena (1985-2007), eta Unai Frantsesena (2007tik aurrera). 

Urteetan Plaza Txikian (Enparan kalea) izan ondoren, 2015etik aurrera Soreasu eraikinean du egoitza.

Jarduera:

  • Herriko festetako parte hartzea: kalejirak, prozesioa, danborrada, sokamuturra, zezenketak, kontzertuak...
  • Bestelako kontzertu bereziak eta taldeekin elkarlanean egindako emanaldiak. Adibidez, 1998an El Caserio zartzuela kontzertu eran eskaini zuen Azpeitian, Zelaitxo aretoan, Julian Barrenetxea eta Aretxabaleta abesbatzekin eta Itsasi dantza taldearekin batera.
  • CDak ere atera izan ditu. Hala, 2004an, Azpeitian zezenak aurkeztu zuen; 22 kantuz osatutako lana da, eta horietako bost Jose Luis Frantsesena bandako orduko zuzendariak konposatu zituen. 2005Ean Azpeitiko tanborrada izenekoa atera zuen. 2007an, berriz, bandak eta herriko abesbatzek karnabaletako kantuekin CDa argitaratu zuten. Aurretik, 1997an, Azpeitiko Izarraitz Txistulari Taldeak disko bat atera zuen Txokolo txistulariaren kantekin, eta bandak parte hartu zuen, pieza batzuetan joz. 
  • 2016an bandak, bere 150. urteurrena ospatu, eta, besteak beste, ibilbidearen berri jaso zuen liburua aurkeztu zuen, Eñaut Frantsesena bandakideak idatzitakoa. Libururako dokumentazio-lana egitean konturatu ziren bandak 150 urte baino gehiago zituela, eta 1852rako, behintzat, bazela. 

Elkarrizketa (2022-10-21, Uztarria.eus). Hiru esan:

  • “Musika Bandak asko ematen dio Azpeitiari: festa denetan presente egoten gara, kantutegia berritzen dugu, ondarea berreskuratu, diskoak atera…”.
  • “Soreasuko egoitzara etortzen dira beste herrietako musikari batzuk, eta esaten dute oso ondo prestatutako azpiegitura dela Soreasukoa, gutxi egongo direla horrelakoak. Gustura gaude”.
  • “Gehienak gazteak gara bandan (...) Urteen poderioz, goraka doa emakumeen presentzia”.