Kultur taldeak (9): Erniarraitz Bertsozale Elkartea

"Normalki, jolas egitera eta lagun girora dator jendea bertso eskolara"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko ira. 26a, 12:41
Erniarraitzeko ikasleak, pasa den ekainaren 7an, Dinamoan, ikasturte bukaerako jaialdian. / Uztarria

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 9. alea, Erniarraitz Bertsozale Elkartearekin. Haritz Etxeberria kideak esan du urrian hasiko dituztela bertso eskolako klaseak. Urte bukaera arteko beste bi hitzordu: Errezilen bertso afaria eta Azpeitian bertso saioa.

Bertso eskolan izena emateko epea zabaldu du Erniarraitz Bertsozale Elkarteak.
 
Bai, eta urrian hasiko gara eskolekin. Apuntatu nahi duenak idatz dezala erniarraitz@gmail.com-era. Aurretik motibazio saioekin ibili gara ikastetxeetan. Gazteak animatu nahi izan ditugu bertso eskolan apuntatzera.
 
Zer dira motibazio saioak?
 
Ikastetxeetara joan, eta mailaka jarduten dugu: bertsoa zer den erakutsi, ariketaren bat egin… 9-14 urte bitartekoekin jarduten dugu. Azpeitian hiru ikastetxeetan egiten ditugu saio horiek.
 
Zein dira bertso eskolaren ezaugarriak?
 
Aurreko ikasturtean Haritz Garmendia izan zen irakaslea, eta oraingo honetan Josu Urbieta izango da. Astean ordubeteko saioa izaten du ikasleak. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan eman ohi ditugu klaseak, eta joan den ikasturtean astean denera 11 ordu eman genituen. 54 ikasle izan ziren; horietatik hemezortzi, azpeitiarrak, lau taldetan banatuta. Errezilen ere ematen genituen klaseak lehen. Han motibazio saioak egin nahi ditugu, gero eskolarako talderen bat ateratzeko.
 
Herritarra zertara doa bertso eskolara?
 
Etorri ohi da baten bat anbizioarekin, bertsolari bihurtu nahiarekin, baina, normalki, jendea hitzarekin jolas egitera etortzen da, eta lagun girora. 
 
Zer erakusten die Erniarraitzek?
 
Bertsoarekin jolas egiten. Gainera, zaletasuna sustatzen diegu, eta bertsolaritzako harrobia landu nahi dugu, gai jartzaileak edota bertsolariak atera daitezen. Bakoitzak ditu bere dohainak, eta batzuk ez badira gai bat-batean botatzeko bertsoa, haiekin idatzizkoa lantzen dugu. Dena dela, indarrik handiena bat-batekoan jartzen dugu.
 
Bertsolari irten al daiteke eskolatik?
 
Urritik ekainera bitartean izaten dira bertso eskolak; astean, ordubetekoak. Zortziko txikian-edo bat-batean jarduteko moduan egon liteke bat, baina hori baino gehiago izateko etxeko lana ere egin behar da.
 
Noiztik ematen ditu Erniarraitzek eskolak?
 
Erniarraitz Bertsozale Elkartea 2000. urtean sortu genuen, baina helduentzat aurretik ere izaten ziren bertso eskolak. Aldiz, gaztetxoekin duela dozena bat urtetik ematen ditugu. Ordura arte ikastetxe bakoitzak eskolaz kanpo ematen zituen bertso eskolak, bakoitzak bereak, eta Erniarraitz elkarteak proposatu zien berak ematea handik aurrera, ikastetxeetako jendea nahastuz taldeetan, eta adinaren eta beharraren arabera ere sailkatuz.
 
Bertso Astea, bertso saioak, gazteen sariketa… ere antolatzen dituzue urtean zehar. Eskolez gain, zein izango dira urtea bukatu bitarteko ekinbideak?
 
Errezilen bertso afari bat antolatuko dugu urri bukaera edo azaro hasiera aldera. Iaz ondo irten zuen. Abenduan, santotomasen aurreko egunetan, Txapel-en omenezko bertso saioa egingo dugu, Azpeitian; urterokoa izaten da hori.
 
Hasi berri da Euskal Herriko Txapelketa Nagusia. Eragingo al dio Erniarraitzi bere dinamikan?
 
Txapelketako saio bat gure eskualdean izaten denean, lagundu beharra izaten da era batera edo bestera, baina aurten ez da izango batere.
 
Azpeitian bertsozaletasun handia al dago?
 
Bai. Jendeak ondo erantzuten du, saoietara-eta joanez. Dena dela, elkartean badugu kezka bat, eta da: pandemiak bertsolaritzako kaleko edo tabernako giroari ere eragin egin dio: estankatu bezala egin da. Ea Txapelketa Nagusiaren olatuak kaleko giro hori pizten laguntzen duen. Azpeitian halako giroa oso handia izan da betidanik, tabernetan-eta ikusten zen hori, eta garrantzitsua da berreskuratzea.

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen datu batzuk:
  • Sorrera: 2000.
  • Egoitza: Dinamoa sormen gunea, Soreasu.
  • Harremanetarako: erniarraitz@gmail.com.
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: