Eskuzko Herriarteko txapela Azpeitira, laugarren urtez jarraian

Uztarria.eus 2018ko eka. 30a, 20:04
Kadeteen partidako irudi bat. (Gipuzkoako Pilota Federazioa)

Lehen bi partidak irabazita, Gipuzkoako Herriarteko eskuzko lehiako txapela herriratzea lortu dute Ilunpeko pilotariek. Ataungo pilotariak 22 eta 3 menderatu dituzte lehen partidan, eta bigarrenean, berriz, 22 eta 8 nagusitu dira. Hirugarrena galdu egin dute. Azpeitiko pilotariei gaurkoan ere ez zaie herriko zaleen babesik falta izan Donostiako Atano III.a pilotalekuan; izan ere, 600 bat azpeitiar bertaratu baitira frontoira. Udalak harrera egingo die pilotariei eta gaur Oriamendi Promozio Torneoa irabazi duen Jagoba Labakari, 21:00etan.

Azpeitiko pilotariak ez daude txapelari ihes egiten uzteko, eta halaxe erakutsi dute gaur, zapatua, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatzen ari diren finalean. Gogoz eta indartsu atera dira Azpeitiko pilotariak kantxara, Ataun mendean hartzeko helburuarekin, eta lehen bi partidak irabazita, beste txapel bat herriratzea lortu dute Ilunpe elkarteko pilotariek. Azpeitiko Udalak harrera egingo die eskuzko pilotariei eta Jagoba Labaka erremontistari, 21:00etan. Perez Arregi plazatxotik kalejiran joango dira kirolariak udaletxera.

Lehen partida, kadeteena, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik jokatu dute Eneko Goikoetxea eta Unai Goikoetxearen aurka, eta 22 eta 3 nagusitu dira, aise. Bigarren partida, jubenilena, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek jokatu dute, Arkaitz Baztarrikaren eta Josu Etxeberriaren kontra. Hasieran estu hasi da partida, baina Ataungo pilotariek beherakada nabarmena izan dute, eta laster iritsi dira 22 tantora azpeitiarrak; partida 22 eta 8 bukatu da. Hirugarren partida 14 eta 22 galdu dute Jon Alberdi eta Daniel Murgiondo azpeitiarrek, Iraitz Zubizarretaren eta Ibai Arratibel aurka. Hezetasuna zela-eta partida bertan behera utzi edo ez eztabaidatzen aritu dira pilotariak partidaren erdi aldean, baina aurrera egitea erabaki dute, nahikoa lan izan badute ere.

Zaleen berorik ez zaie falta izan gaur pilotariei Atano III.ean; izan ere, Azpeititik 600 bat zale bertaratu dira. Giro bikaina izan da pilotalekuan, hainbat abestiren doinuek hartu dituzte frontoiko harmailak.

Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herrikoan ariko dira Azpeitiko pilotariak datozen asteetan. Oraindik ez dago zehaztuta zein herrik parte hartuko duten lehian, baina Azpeitia izango da lehian, beste urte batez. Azken lau urteetan jokatu dute Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa Ilunpekoek, baina 2015etik ez dute irabazi. Aurretik, 2008an ere jantzi zuten Euskal Herriko txapela azpeitiarrek.

Azpeitiak 41 aldiz parte hartu du Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketan (50. edizioa izan da aurtengoa), eta hamar final jokatu ditu. Azkoitiak ditu txapel gehien eskuzko Herriartekoan, hamasei, hain zuzen ere. Aurtengoa irabazita, zazpi txapelekin, Azpeitia Herriarteko Txapelketako irabazleen sailkapenean.

Azpeitiak iaz seigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, eta gaurko garaipenari esker, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.