Jagoba Labakak eta Mikel Etxarrik irabazi dute Erremonteko Oriamendi Promozio Torneoa

Uztarria.eus 2018ko eka. 30a, 20:35
Finala jokatu zuten lau pilotariak oroigarriekin. (Oriamendi)

Eloyren eta Zubiriren aurka neurtu dituzte indarrak Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta 40 eta 20 nagusitu dira Labaka eta Etxarri. Lehen aldiz irabazi du Promozio Torneoa Labakak, nahiz eta finala jokatu duen bigarren aldia izan gaurkoa.

Jagoba Labaka erremontista azpeitiarrak eta Mikel Etxarri mezkiriztarrak irabazi dute gaur arratsaldean Erremonteko Oriamendi Promozioko Torneoa. Eloyren eta Zubiriren aurka neurtu dituzte indarrak Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta 40 eta 20 nagusitu dira Labaka eta Etxarri. Lehen aldiz jantzi du lehia horretako txapela azpeitiarrak, nahiz eta beste edizio batean ere iritsi zen finalera.

Hainbat azpeitiar izan dira Galarretan Labaka animatzen, nahiz eta Azpeitiak Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketako finala jokatzen zuen eta zale ugari Donostiako Atano III.era joan diren. Labakak finalaren aurretik esan zuen lagunak-eta Atano III.era joatekoak zirela, finala jokatuko zuen pilotarietako bat kuadrillakoa zuelako. Dena den, horiek pankarta bat jarri diote Galarretako harmailetan. Hala zioen: "Kuadrillakuek finalea etortzie nahi baduk, beste finala beher diau guk! Jago hil arte! Egurre Asintxio".

Etxarrik eta Labakak joan zen asteburuan lortu zuten finalerako txartela; hain zuzen ere, Barricart eta Zaldua 32 eta 35 mendean hartuta. Azpeitiarrak sei urte inguru daramatza profesionaletan; 2012an debutatu zuen Galarretan.