Azpeitiak Gipuzkoako Herriartekoaren txapela jantzi du, bosgarren aldiz

Uztarria.eus | Kirolak
2016ko uzt. 3a, 15:49

Hiru partidak irabazi dizkiete Astigarragari Ilunpeko pilotariek (22-3, 22-20 eta 22-19), Donostian gaur goizean jokatutako finalean. Herrian arratsaldean egingo zaie harrera; Perez Arregi plazan hasiko da festa, 19:00etan.

Ilunpe elkarteko pilotari, zuzendaritzako eta laguntzaileak Atanon, sari banaketaren ondoren.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zaletu guztiek espero zuten eta Azpeitiak ez du hutsik egin. Gaur, igandea, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi dute azpeitiar pilotariek, Donostiako Atano III.a frontoian jokatu den finalean Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. Iazko garaipenari jarraipena emanez, bosgarren Herriartekoa kolkoratu dute Ilunpe elkarteko pilotariek; 2004an, 2008an, 2010ean eta, aipatu bezala, 2015ean lortu zituzten aurreko laurak. XXI. mendean Gipuzkoako Herriarteko gehien irabazi dituen herria da, horrenbestez, Azpeitia. Txapelketaren palmares osoan, berriz, hirugarren postuan kokatu da gaurko garaipenari esker, Hernanirekin berdinduta; Donostia eta Azkoitia dauzka aurretik.

Jubenilekin iritsi da festa

Pilotazale askok gaurko txapela hirugarren partidan erabakiko zela espero bazuten ere, bigarrena, jubenilena, izan da azkenean erabakiorra. Finala aldapa behera hasi da Azpeitiarentzat; kadeteen partidak ez du kolorerik izan eta Unai Alberdi eta Julen Egiguren erraz nagusitu dira, 22 eta 3.

Oso bestelakoak izan dira kontuak jubenilen neurketan. Astigarragako bikotea partidarik galdu gabe iritsi da finalera. Hor zegoen Astigarragaren indargunea eta esperantza, baina Gorka Iriartek eta Jon Alberdik zapuztu dizkiete biak. Emozioz beteriko neurketa izan da, tanto gogor eta ikusgarriekin, eta ustez galtzeko gutxien zutenek lortu dute garaipena. 22 eta 20koarekin, gainera, txapela ziurtatu du Azpeitiak eta Ilunpekoen jarraitzaileentzat orduan hasi da festa.

Horrela, garaipena poltsikoan zutela ekin diote lanari Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo seniorrek. Presio ezak eraginda edo, kostatu egin zaie partidari neurria hartzea eta azkenaldera arte atzetik ibili dira markagailuan. Bukaeran, ordea, handiek ere beraien alea jarri diote Azpeitiaren garaipen borobilari (22-19).

Harrera, 19:00etan

Bigarren partida bukatu eta txapela etxerako bidean jarrita, Atanon bertan luzea izan da festa azpeitiarrentzat; lau autobus joan dira Azpeititik Donostiara, 215 lagunekin, eta astean zehar 400 sarrera salduak zituzten Ilunpekoek. Baina herrian ere ez dute faltako ospakizunerako tarterik. 19:00etarako iragarri du harrera Azpeitiko Udalak. Ordu horretan espero dituzte txapeldunak Perez Arregi plazan; handik abiatuta, Erdikalean eta Plaza Txikian gora iritsiko dira plazara eta udaletxera.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu