Azpeitiarentzat Euskal Herriko Herriarteko txapela

Uztarria.eus | Kirolak
2015ko uzt. 25a, 13:28

Gaur, Santio Eguna, jokatu dute Azpeitiak eta Uharteko Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 1 eta 2 nagusitu dira azpeitiarrak, eta Ilunpekoek bigarrenez jantzi dute Euskal Herriarteko txapela. 20:30ean Etxe Zuri tabernaren aurretik hasita, kalejira egingo dute Ilunpeko pilotariek. Ondoren, harrera egingo diete udaletxean.

Pilotariak sariak jasota. (Estitxu Elduaien)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Joan den uztailaren 5ean Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi ostean, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finalera iritsi eta txapela jantzi dute gaur, Santio Eguna, Azpeitiko pilotariek. Uharteren kontra jokatu dute finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta 1 eta 2 nagusitu dira Ilunpe pilota elkarteko pilotariak.

Jon Alberdi eta Mikel Unanue kadete azpeitiarrek jokatu dute aurreneko norgehiagoka, eta aise irabazi dute: 22 eta 1. Haien ostean Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilak kantxaratu dira, eta 8 eta 22 galdu dute neurketa. Hirugarren partida Daniel Murgiondok eta Jurgi Larrañagak jokatu dute eta 22 eta 16 nagusitu da bikote azpeitiarra.

20:30ean Etxe Zuri tabernaren aurretik hasita, kalejira egingo dute Ilunpeko pilotariek. Ondoren, udal ordezkariek harrera egingo diete txapeldunei, udaletxean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu