Herriarteko Pilota Txapelketan Azpeitia txapeldun

Uztarria.eus | Kirolak
2008ko eka. 23a, 09:06

Donostiari finalean 3-0 irabazi zioten azpeitiarrek atzo, igandea, Donostiako Atano III. pilotalekuan

Kadete eta nagusien partidetan erraz gailendu ziren hemengoak; juniorren partidak lanak eman zituen

Azpeitiko pilotariei harrera beroa egin zioten herrira itzuli ondoren ('Urola Kostako Hitza').  Ikusi haundiago | Argazki originala

Herriarteko Pilota Txapelketan Azpeitia txapeldun izan da. Atzo, igandea, Donostiari finalean 3-0 irabazi zioten azpeitiarrek. Donosiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zituzten finalak eta harmailetan ez zuten hutsik egin Azpeititik herriko pilotariak animatzera joandako jarraitzaileek.

Kadete eta nagusien partidetan erraz gailendu ziren hemengoak. Juniorren partidak lan handiagoak eman zituen. Aurreneko partidan, kadeteen kategorian, Etxaniz-Aizpuru Azpeitiko bikotea nagusitasunez hasi zen Manzisidor-Zinkunegiren kontra. Aizpuru iaz ere finalean izan zen eta Etxanizek lehenengo aldia bazuen ere, ondo aritu ziren biak ala biak eta azkenean, 22-9 nagusitu zitzaien donostiarrei.

Gazteenek partida irabazita, juniorrek finala erabakitzeko aukera zuten eta halaxe gertatu zen. Ez zen, ordea, sufritu gabeko partida izan. Otamendik eta Murgiondok osatutako Azpeitiko bikoteari Fernandez eta Arzelus Donostiako bikotea 15-10 aurretik jarri zitzaion. Azpeitiarrek, hala ere, partidari buelta eman eta amaiera estu baten ostean, 22ra iristea lortu zuten. 21 tanto eginda gelditu ziren donostiarrak.

Txapela ziurtatuta zuten dagoeneko hemengoek. Nagusiek, Larrañaga eta Uzkudunek, hain zuzen, hirugarren partida ere mendean hartzea lortu zuten, 22-9. Horrek garaipen erabatekoa eman zien azpeitiarrei.

Bigarren txapela

Azpeitiarrek historiako bigarren txapela irabazi zuten atzo Donostian. 2004an lortu zuten lehendabizikoa Hernaniren kontra 1 eta 2 irabazi ostean. Iaz ere herriarteko finalean izan zen Azpeitia, eta txapela eskuan zutela uste zutenean, Arrasatek buelta eman zion finalari eta hemengoek ez zuten lortu buruan txapela janzterik. Aurtengo garaipenak iaztik sartuta zuten arantza ateratzeko balio izan zien azpeitiarrei.

Informazio gehiago 'Urola Kostako Hitza'-n.

Ikusi bideoa Erlo Telebistaren web orrian

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu