Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako prestaketa saioa egin dute Leire Martinezekin

Ane Olaizola 2023ko ots. 5a, 10:03
Entrenamendu saioa, Martinezekin, atzo. (Alberto Beloki)

Antolatzaileen arabera, 38 emakumek eta 19 gizonezkok parte hartu zuten lasterkari santurtziarrak eskaini zuen entrenamenduan, eta probaren aurreneko sei kilometroak egin zituzten horiek. 

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzenduta antolatzen ari diren entrenamenduen barruan, beste saio bat egin zuten atzo goizean herrian. Hain zuzen, ultra trail proben munduan ezaguna den Leire Martinez lasterkari santurtziarrak eskaini zuen entrenamendua, eta 38 emakumek eta 19 gizonezkok parte hartu zuten bertan. Besteak beste, lasterketaren lehen sei kilometroak egin zituzten probarako prestakuntza gisa, eta hamaiketakoarekin borobildu zuten saioa. Antolatzaileak gustura dira entrenamendu saioak izaten ari diren erantzunarekin. 

Azaroan egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin; abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela; eta urtarrilaren 7an hirugarrena, Oihana Kortazarrekin. Hiru saio horiek izan duten arrakasta ikusita, laugarrena antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek.