38 emakumek parte hartu dute Sara Alonsorekin egin duten entrenamendu saioan

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 3a, 18:27

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek emakumeei zuzendutako bigarren entrenamendu saioa egin dute gaur. Sara Alonso mendi lasterkariak gidatu du, eta guztira, 58 lagunek parte hartu dute. Antolatzaileak "harrituta" daude entrenamenduak izan duen erantzunarekin.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ari dira prestatzen, eta horietan bigarrena egin dute gaur, larunbata, Sara Alonso mendi lasterkariarekin. Donostiarra izugarrizko balentriak ari da lortzen; izan ere, besteak beste, aurtengo Golden Trail Series proban hirugarren egin du.

Entrenamenduan parte hartu dutenak 09:00etan elkartu dira igerilekuan, eta eguraldiak asko lagundu ez arren, 58 pertsona animatu dira; horietatik 38 izan dira emakumeak. Antolatzaileak "harrituta" azaldu dira jendearen erantzuna tarteko. Emakumeei zuzendutako saioa izan den arren, gizonek ere parte hartu ahal izan dute, betiere emakumeren batekin izena emanda. Elurraz gozatzeko aukera ere izan dute saioan parte hartu dutenek.

Azaroan egin zuten lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin, eta "arrakastatsua" izan zela azaldu zuten haren antolatzaileek; izan ere, 33 lagunek parte hartu zuten. Hurrengo irteera ere martxan dute dagoeneko, eta laster emango dute horren berri.