33 emakume elkartu dira Dosuma Teknik 40 MLKen harira antolatu duten entrenamendu saioan

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 5a, 15:19

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek sustatuta, emakumeei zuzendutako entrenamendua egin dute gaur goizean. Malen Osa korrikalariak gidatu du saioa. Guztira, 44 pertsonak parte hartu dute, eta horietatik 33 izan dira emakumeak.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan oso emakume gutxik parte hartu zutela eta, haren antolatzaileek hainbat ekintza antolatuko dituzte proban emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz. Gaur egin dute ekintza horietako lehena: hain zuzen ere, Salomon Next Gen taldeko Malen Osa korrikalari oñatiarrak gidatutako eta emakumeei zuzendutako entrenamendu saioa egin dute goizean. Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Domusa Teknikek antolatu dute saioa.

Korrikalariak 09:00etan elkartu dira igerilekuaren aurrean, eta hamabost bat kilometroko ibilbidea gauzatu dute. Entrenamenduaren ostean, Osak solasaldia eskaini du Lagun Onak MBren egoitzan, eta hamaiketakoa ere egin ahal izan dute bertaratu direnek. Guztira, 44 pertsonak parte hartu dute entrenamendu saioan, eta horietatik 33 izan dira emakumeak. Izan ere, emakumeei zuzendutako entrenamendua izan den arren, gizonek ere parte hartu ahal izan dute saioan, emakume batekin joanez gero.

Gainera, entrenamenduan parte hartu duen emakume bakoitzak zenbaki bat eskuratuko du –emakumeei zuzendutako gainerako ekitaldietan ere banatuko dituzte–, eta lasterketa gerturatu ahala, dortsalak zozkatuko dituzte zenbakiak dituzten lasterkarien artean.

(Argazkiak: Alberto Beloki)

Erlazionatuak

Emakume lasterkarien bila

Anartz Izagirre 2022 aza 04 Azpeitia