Emakume lasterkarien bila

Anartz Izagirre 2022ko aza. 4a, 10:30
Arantxa LarraƱaga, eskuinean, iaz, lagunekin, Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan parte hartzen. (Ihintza Elustondo)

Domusa Teknik 40 MLK proba izango da maiatzaren 6an Azpeitian. Entrenamenduak antolatu dituzte emakumeentzat, haien parte hartzea sustatzeko; bihar hasiko dira. Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako erreportajea da honakoa.

Badu data Azpeitian hasi eta inguruko herrietatik igaroko den bigarren Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketak: 2023ko maiatzaren 6a. Iaz arrakasta handia izan zuen estreinako lasterketak: dortsal guztiak hartu zituzten, eta 420 korrikalari inguru atera ziren lasterka. Iazko sona tarteko, aurten 550 dortsal banatuko dituzte; azaroaren 16an irekiko dute izen ematea.

Arrakastaren gozoa mikazten du, ordea, inskripzioan ikus daitekeen genero desorekak. Iaz, banatu zituzten dortsal guztietatik 36 soilik izan ziren emakumeentzat, eta, arrakala hori amaitzeko, emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute aurten antolatzaileek. Horretarako, espresuki emakumeentzako entrenamendu saioak antolatu dituzte Domusa Teknik 40 MLK probaren enpresa babesleak —Domusa Teknikek— eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak; gizonek ere parte hartu ahal izango dute entrenamendu saioetan, betiere emakume batekin baldin bada. Entrenamenduak zenbatean behin izango diren oraindik guztiz zehaztu gabe dute, baina "hilean behin edo bitan" mendi lasterketetan zaildutako emakume lasterkari batek gidatuko ditu saioak. Bihar izango da lehenengoa, Malen Osa mendi lasterkari oñatiarraren eskutik. Hogei pertsonak baino gehiagok eman dute izena jada.

Domusa Teknik 40 MLK proban berdintasun kontuez arduratzen diren kideetako bat da Pedro Segui, eta, haren arabera, bi gaitan jarri dute aurten fokua: berdintasunean eta ingurumenean. "Plan estrategiko bat landu dugu, bost urtera begira; datorren urtean nahiko genuke, behintzat, iaz baino emakume gehiagok izena ematea". Osa aukeratu dute lehen entrenamendua gidatzeko, eta Seguik iragarri du hurrengo asteetan "beste hainbat korrikalari esanguratsu" izango direla Azpeitian.

Bihar Azpeitiko igerilekutik abiatuko dira parte hartzaileak, 09:00etan, eta hamabost kilometroko ibilbidea egingo dute, Izarraitz inguruan. Ondoren, hitzaldi labur bat eskainiko du Osak. Gainera, saio horietan parte hartzen duten emakumeen artean maiatzeko probarako dortsalak zozkatuko dituzte.

Oroitzapen "onak"

"Lasterketa herri osoari zabaltzea da helburua", azaldu du Seguik. Aurrez, ordea, korrika ibili diren eta ez diren herritarrengana heldu nahi dute antolatzaileek: "Entrenamendu saioetan ahalik eta emakume gehienek parte har dezaten nahi dugu, guztiek mundu hau ezagutzeko aukera izan dezaten". Seguik nabarmendu duenez, entrenamenduak ez dira izango hurrengo asteetan berdintasunaren alde egingo dituzten saio bakarrak; "aurrerago" emango dute gainerako egitasmoen berri. Ekintza horietako bat, esaterako, jarduera fisikoa egiteko ohiturarik ez duten emakumeentzat izango da.

"Ezeren okerrik ezean, aurten ere parte hartuko dut proban", dio Arantxa Larrañagak (Azpeitia, 1979). Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen aldian parte hartu eta proba amaitzea lortu zuten emakumeetako bat da, eta antolakuntza taldean ere badabil, Lagun Onak Mendi Bazkunaren lehendakaria baita. Iazko oroitzapen "onak" ditu: "Esperientzia polita izan zen. Lasterketaz aparte, aurreko hilabeteetan egindako lan guztia ere ederra izan zen". Bost pertsona aritu ziren taldean proba prestatzen, horietatik hiru emakumeak, eta denak "oso gustura" gelditu zirela nabarmendu du.

Bihar hasiko diren entrenamendu saioetan parte hartzeko asmoa du Larrañagak, eta beren kasa ere ari dira jada taldean entrenatzen. "Negu partean korrika ibiliko gara, eta astean kirol desberdinen bospasei saio egiten ditugu". Larrañagari garrantzitsua iruditzen zaio emakumeen parte hartzea sustatzea: "Iaz, 30 emakume inguruk eman genuen izena; oso gutxik. Iruditzen zait emakumeoi babesa falta zaigula, eta halakoetan ez garela bakarrik ibiltzera ausartzen. Ea neskak kuadrillan parte hartzera animatzen diren". Aldaketaren beharrean ere egin du azpimarra Larrañagak: "Garrantzitsua da halako proba luzeak gizonen kirol ez bilakatzea".

Irakurri erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.