47 emakume elkartu dira Oihana Kortazarrekin entrenatzeko

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 7a, 16:59

Guztira, 73 lagunek parte hartu dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek emakumeei zuzenduta antolatu duten hirugarren saioan. Orain arteko jendetsuena izan da Elgetako mendi lasterkariak gidatu duen entrenamendua.

Gero eta jendetsuagoak ari dira izaten Domusa Teknik 40 MLK-ren antolatzaileek mendi lasterketetan emakumeen parte hartzea sustatzeko helburuarekin antolatzen ari den entrenamendu saioak. Malen Osarekin egin zuten lehen saioa azaroan, eta orduko hartan 33 emakumek hartu zuten parte. Abenduan, berriz, 38 emakumek batu ziren Sara Alonsok gidatutako saioan. Eta gaur, Azpeitiko mendi lasterketaren eegitasmoaren hirugarren jardunaldian, 47 izan dira Oihana Kortazarrek gidatuta egin duten entrenamenduan parte hartu duten emakumeak.

Gizonentzat ere irekita daude saio horiek, eta gaur, guztira, 73 lagun elkartu dira 08:15erako igerilekuan, handik abiatuta egin dute-eta saioa. Kortazar buruan zutela, Izarraitz aldean ibili dira lasterkariak. Saioa "bikain atera" dela-eta gustura agertu dira antolatzaileak. Parte hartzaile denei eskerrak eman nahi izan dizkiete, eta modu berezian Xoxoteko aterpeko arduradunei, han egin duten hamaiketako "ikaragarria" dela eta.

Maiatzaren 6an jokatuko da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa.

(Argazkiak: Alberto Beloki)